Zuzenean

‘Bonben zaldunak’ estreinako lana herrian aurkeztuko du Golden Blend taldeak

2023a bukatzear zela kaleratu zuten estreinako lana Golden Blend taldekoek. Hiru bergarar eta antzuolar bat dira taldea osatzen dutenak eta etxean, Bergarako festetan, aurkeztuko dute lana maiatzaren 17 honetan.

Audio_placeholder

‘Bonben zaldunak’ estreinako lana herrian aurkeztuko du Golden Blend taldeak

Loading player...
Bergarako jaietan aurkeztuko du ‘Bonben zaldunak’ estreinako lana Golden Blend taldeak
Bergarako jaietan aurkeztuko du ‘Bonben zaldunak’ estreinako lana Golden Blend taldeak (GOLDEN BLEND)

Hamaika kantuz osatutako rock disko bat osatu dute Antxon Arregi, Alatz Etxebarriarteun, Julen Garmendia eta Xabier Iñurrietak. Apokalipsiaren lau zaldunak izan dituzte gogoan diskoa idazterakoan: izurria, gerra, gosea eta heriotza. Gai horiek beste esparru batzuetara eraman baitituzte, pertsonalagoetara akaso. Hori da NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan zirenean kontatu zigutena.

Red Hot Chilli Peppers, Nirvana, The Offspring edota Smashing Pumpkins bezalako taldeen eraginak dituztela diote eta nahikoa modu nabarian entzun daiteke, gainera. Hard rock kutsua duen ‘Bonben zaldunak’ kantuarekin, diskoari izena ematen dionarekin, irekitzen da diskoa. Emo ukitua duen ‘NGE’ edota punketik gertuago dagoen ‘Barruak husten’ entzun daitezke segidan. Heavy klasikotik gertuago dagoen ‘Leaving town’ edota ‘Hey ho, snow’ Red Hot Chili Peppersen kantuaren antza duen ‘No clue’ ere entzun ditzakegu.

Batzuetan azkarrago, besteetan mantsoxeago, baina barruak askatzeko eta barruan diren miseriak edota inguruan ditugunak salatzeko kantu sorta osatu dute. Azkena, ‘Ozta-oztan’ akaso pertsonalena. 36ko Gerrako kontestuan kartzela ezagutu zuen Benan Iñurrietak idatzitako eskutitz batetik abiatzen baita kantua.

Orain etxean, Bergaran, jaietan eta txosnagunean, aurkeztuko dute beren lana. Maiatzaren 17an, ostiralarekin, Unidad Alavesa eta Gora Etorri taldeak ondoan dituztela. Berezia izango da, ziur, emanaldia taldekideentzat, beraz, rockaren maitale denak, badu aukera proiektu berri hau gertutik ezagutzeko. 

Jaurlaritza Logoa