Zuzenean
«Epe luzera, helburu nagusia gu desagertzea eta gure beharrik ez egotea da»
Pasaiako Itsas Festibalean parte hartu ondoren, bertako itsas portuan egongo da hurrengo hilabetean. Salbamendu-ontzia bertatik ezagutu dugu Aita Mariren komunikazio arduraduna den Leire Mutrikoren eskutik. Europako hauteskundeen emaitzak emaitza, Aita Mari lanerako prest izango dela ziurtatu du.
«Epe luzera, helburu nagusia gu desagertzea eta gure beharrik ez egotea da»
Aita Mariren tripak ezagutu ditugu eta ilusioaren itsasontziko txoko ezkutuenen berri eman digu Leire Mutriko komunikazio arduradunak. Ontzi barrura jauzi egin eta bisita gidatu moduko bat egin digu, tresna eta baliabide guztien funtzionamendua zehaztasunez azalduz. Poparen aldetik hasi gara, erreskatatutako migranteak egoten diren lekua da. Ondoren, itzulia ematen joan garen heinean, salbamendurako atea, zodiakak, komunak, jangela, gaixoak artatzeko gela, sukaldea eta biltegia bisitatzeko aukera izan dugu. Azalpen horiek guztiak jaso ondoren, beste itsaso batzuetan murgiltzeko aukera izan dugu Leirerekin, hizketaldi sakon bezain errealista mantenduz.
Hedabideetan asko aipatzen da Aita Mari izena baina nondik dator zehazki?
Aita Mari gure Euskal Herriko gizon arrantzale bat izan zen, uste dut Zumaian jaioa eta Donostian egon zela urte askoan arrantzale edo marinel gisa. Bera izan zen salbamendu flota existitu baino lehen, salbamendu lanetan ibili zena. Azkenean, arrantza munduan beti egon da arriskua denboraleekin eta norbait arriskuan ikusten zuenean beti ateratzen zen bere txaluparekin, pertsona horiek laguntzera eta erreskatatzera. Eta hala hil zen bera ere, erreskate bat egiten saiatzen zebilela, bere txalupa hondoratu egin zen uretan. Orain, bere omenez, berak hasi zuen lana guk jarraituz egin dugunez, itsasontziari omenaldi hori egin genion.
22 espedizio egin ditu Aita Marik, nola joan zen azkena eta zein oztopo izan zenituzten bidean?
Espedizioa ongi joan zen, 43 pertsona erreskatatzea lortu genuen baina zailtasun asko jarri zizkiguten. Adibidez, orain Italiak erabiltzen duen portu urrunen estrategia inposatu ziguten, hau da, guk gertuen egin genezaken erreskatea egun batera zegoen eta guri bost eguneko bidaia ezarri ziguten, bost joateko eta bost etortzeko. Horrek denbora asko galtzea suposatu zuen, pertsona horiek hemen salbu eta ongi egon arren, ez da egokiena pertsona horiek bidaian zehar pairatu duten sufrimendua luzatzea.
Gainera eguraldi txarrak harrapatu gintuen Ortonako portuan eta bertan astebete baino gehiago egon ginen geldirik, ezin genuelako irten eta horren ostean beste bost eguneko bidaia tokatzen zitzaigun bueltatzeko. Horrek, gure misioa asko laburtzea ekarri zuen eta beste erreskaterik ez egitea. Denbora eta gure baliabideak bukatu ziren eta Euskal Herrira bueltatu behar genuen. Orduan, ongi baina gehiago egiteko gogoz gelditu ginen. Beti gertatzen dena, oztopoak oztopoak dira eta gainditu egin behar dira, gainditu genituen baina han geratu zen arantza.
Aurten Europako hauteskundeak direla-eta, migrazioaren arloa ere jorratuko dute. Zein ikuspegi du espainiar Gobernuak honen inguruan?
Gobernuek eurei begira hartzen dituzte erabakiak. Atzo, oker ez banago, paktu bat ziurtatu zen migratzaile eta asilo eskaeren inguruan. Adibidez, hau ez da izan migratzaileen interesak edo eskubideak babesteko, Europako mugak handitzeko eta egoera zailtzeko baizik, pertsona hauen eskubideak askotan ezeztatuz eta haien ongizatea arriskuan jarriz.
Orduan, Gobernuak egun duen jarrera orokorrean ez da ona, eta guri ere lupaz begiratzen digute ea nondik harrapatu jakiteko. Etorkizunerako karta batzuk gordeta izaten dituzte, badaezpada inoiz guk adarra gehiegi joz gero, bertan ateratzeko. Orduan, beti dago egoera tentsoa eta ezjakintasun hori, zer gertatuko den, baina gertatzen dena gertatzen dela guk hemen jarraituko dugu.
Mareen eta olatuen aurka joaten ohituta dago Aita Mari. Nondik ateratzen da espedizioak antolatu eta helburuarekin jarraitzeko indar hori?
Lehenik eta behin gure tripulazioari esker, oso sendoak eta oso konprometituak dira denak eta horrek bultzada bat ematen du, laguntza itzela. Gainera, Euskal Herrian dugun harrera oso ona da, hemen dauzkagun kide, boluntario eta herritar ohikoak ere oso konprometituta ikusten ditugu Aita Marirekin. Hemen ikusi ditugun bisitekin itzela izan da harrera, pila bat interesatu zeuden eta askotan Bilbon sarrerak agortu ziren. Indar hori apur bat hortik dator, gure inguruan jasotzen dugun berotasun horregatik.
Migratzaileen egoera da gogorrena noski, gehienak Libia eta Eritreatik etortzen dira. Askotan mafiek saltzen duten amets europearraren amua irentsita itsasoratzen dira. Zein esperientzia kontatzen dituzte beraiek?
Datozenean, nolabaiteko amets amerikarraren ilusioa izaten dute, lana erraz aurkituko dutela, diru pila bat lortuko dutela… Baina ez da hala, saldu dieten ideia da baizik. Mafiek edo beste pertsonen baten gezurra irenstean, ez dakite nolakoa izango den bidaia. Askok ez dute nahi horren inguruan hitz egin, traumatikoa edo oso gogorra izan delako. Gehienen artean ezjakintasuna nagusitzen da, ez zekiten bidaia hain makurra izango zenik edo hain arriskutsua.
Azken finean saiatu egiten dira, atzean uzten dutena benetan gogorra izaten baita askotan. Ama batek ez du bere haurra horrelako txalupa arriskutsu batera igoko, atzean uzten duena ez bada are gogorragoa. Ama eta haur ugari aurkitzen ditugu txalupa horietan, milaka arrazoi izan daitezke atzean geratzen direnak eta denak dira etorkizun hobe bat bilatzeko zilegiak.
Portu bat aurkitzea ez da lan erraza. Behin aurkitutakoan badirudi dena eginda dagoela eta dena da alaitasuna. Baina lurreratu ostean beste pauso batzuk egin behar dira oraindik baldintza duinetan bizitzeko, ezta?
Askotan boluntarioak esaten didate, azkenean portura iristea tristura eta poztasunaren arteko nahaste bat dela. Zoriontasuna, pertsona horri Europara iristen laagundu diozulako eta seguru eta lurrean daudelako. Baina tristura ere baduzu, badakizulako zer datorren horren ostean, asilo eskaera egitea, eta askotan ez dute ematen. Orduan, bi aukera egoten dira: berriz ere haien herrialdera itzultzea edo modu ilegalean ihes egitea esango genuke, ez dela ilegala, bertan geratuz hiru urtez, ahal duten moduan bizitzen. Paper legalik gabe, beraz ezin dute kontraturik lortu legalki, biziraute proba bat da hiru urtez.
Pertsona asko pasa dira itsasontzi honetatik, eta asko porturatu dituzue. Ba al duzue haien berririk, mantentzen al duzue kontaktua norbaitekin?
Gure akzio-eremua uretan izaten da eta normalean Italian uzten ditugu pertsona hauek, erreskate eremuetatik hurbilen dagoen herrialdea baita. Askotan ezin ditugu jarraitu eta gainera ez da oso segurua eurentzat kontaktua mantentzea, beraz kontaktua guztiz galtzen da. Baina bai, batenbaten istorioa erreskatatu dugu, poztasuna ematen digu ongi daudela jakitea, hemen geratzen direla eta lana aurkitu dutela jakiteak. Bizimodu bat sortzen dabiltzala entzutea, poztasun ikaragarria da tripulazio eta talde guztiarentzat.
Etorkizunera begira jarriz, zein dira Aita Mariren ideiak? Baduzue berriz ere Mediterraneo itsasora ateratzeko asmoa?
Misiotik misiora goaz, pausoz pauso, orain behintzat XIII. misioaren inguruan pentsatzen gabiltza. Ekainean irteteko asmoa dugu, ez dakigu ziur, azkenean beti baimen eta paperek zaildu egiten baitigute bidaia guri ere. Baina bai hori dugu buruan, berriz ere bertaratzea, testigu izatea, salaketa egitea eta pertsonak laguntzea, hori epe laburrera. Epe luzera, gure helburu nagusia, gu desagertzea eta gure beharrik ez egotea da. Hau gobernuen lana izan beharko litzateke eta bidaiatzeko leku seguru bat sortzeko esperantza dugu. Gu laguntzen saiatzen gara baina ez gara leku guztietara heltzen, eta bidean pertsonak geratzen dira.
Zu Leire, komunikazio arduraduna zaitugu baina inoiz pasa ote zaizu burutik espedizioren batera joan eta boluntario gisa laguntzen ibiltzea?
Nagusiek baietz esaten dute, joan beharko dudala, eta ni animatuta nago eta gustatuko litzaidake joatea baina badut beldurra ere. Esperientzia oso gogorra izan behar du, gu hemen misio aurretik jendea prestatzen saiatzen gara. Hala ere, boluntario bati teori guztia azalduz gero ere, ondorengo errealitatea oso ezberdina da. Aurrekoan kontatu zidaten istorio bat, hau erreskatista zen eta azken espedizioan parte hartu zuen. Erreskatea egin ostean, bukatu eta tripulante bati esan zion: «arin egin dugu, ordu bete zein ondo», tripulanteak esperientziaz ordea, lau ordu zeramatzatela gogoratu zion. Hainbesteko tentsioa eta hain da gogorra egoera. Etortzen direnean ere oraindik lurreratu gabe egoten dira eta guztiaz jabetzeko denbora behar da.