Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Tomb Raider-en berrabiaratzea gogoratu dugu ‘Game Erauntsia’ saioan

Bideojokoen munduan egunean ibiltzea geroz eta zailagoa da: dozenaka, ehundaka titulu kaleratzen dira hilabetero, eta guztietara jokatzea ezinezkoa da… are gehiago, aspaldiko lanetara itzultzeko ohitura badaukagu. 2013an Tomb Raider sagak ikusitako berrabiaratzea gure joko kuttun horietakoa da.

Audio_placeholder

Tomb Raider-en berrabiaratzea gogoratu dugu ‘Game Erauntsia’ saioan

Loading player...

Lara Croft berria ezagutu genuen bertan: gaztea, esperientziarik gabekoa… baina inoiz baino interesgarriagoa eta ausartagoa. Berarekin batera Yamatai uharte japoniarrean barneratuko gara ezinezko misterioa argitu nahian. Jauziak eta puzzleak ikusiko ditugu, zelan ez, baina tiroketek are garrantzia handiagoa edukiko dute Crystal Dynamics taldearen obran.

Albiste interesgarriak landu ditugu azken saioan, gainera. Euskaratutako bi joko berri jaso ditugu. Alde batetik, Sticky Struggles puzzle jokoa dugu: Sokoban estiloko erronkak gainditzera animatuko gaitu. Doan joka dezakegu gailu mugikorretan, edo, bestela, ordainpeko PCko bertsioa erosi.

Beste aldetik, Clothes Line abentura grafiko ederra estreinatu da gure mintzairan. Rita izeneko amonaren bizipenak jarraituko ditugu puzzleak gaindituz: bakarrik bizitzea gustatzen zaio, baina auzokide berriak iritsi zaizkio aurreko etxera… Hau ere doan instala dezakegu, kasu honetan Windows, GNU/Linux eta MacOS ordenagailuetan.

Japoniara bidaiatuz, Metaphor ReFantazio itxurosoaren argitaratze data jakitera eman dute Sega eta Atlus taldeek: urriaren 11n kaleratuko dute Shin Megami Tensei eta Persona jokoen arduradunen titulu berria. Ohi bezala, txandakako borrokak eta hizketaldiak izango dira nagusi, baina bestelako berritasunak ere prestatu dituzte fantasiazko munduan girotutako jokorako.

Jaurlaritza Logoa