Zuzenean

Peli Lekuona
Elkarrizketa
Oihana Etxebarrieta
EH Bilduko Kanpaina zuzendaria

«Akordio klasikoekin esku-lotuta egongo gara nazio eskubide eta ezkerreko politikei dagokienez»

EH Bilduren emaitzak positiboki baloratu ditu Oihana Etxebarrietak Naiz Irratian. Goranzko joera egonkortu denaren seinale dela dio Hauteskunde Kanpaina bozeramailea izan denak. Eta etorkizunari begiratzen dio.

Audio_placeholder

«Akordio klasikoekin esku-lotuta egongo gara nazio eskubide eta ezkerreko politikei dagokienez»

Loading player...
Oihana Etxebarrieta, hauteskundeko gaueko lehen balorazioan.
Oihana Etxebarrieta, hauteskundeko gaueko lehen balorazioan. (Aritz Loiola | FOKU)

Zer nolako balantzea egiten du EH Bilduk igandeko emaitzez?

Goranzko tendentziaren inguruan hitz egiten aspalditik ari ginen. Hauteskundez hauteskunde sumatzen genuen zerbait zen, eta egia da oso pozik gaudela lortutako emaitzekin. Ez da soilik sei eserleku gora egin dugula edota 92.000 boto gehiago lortu ditugula, tendentzia hori sendotzen doan zerbait da, oso esanguratsua da. Horretaz gain, nabarmenduko nuke boto kopuruan lehen indarra izan den EAJrekin parekatuta gaudela eserleku kopuruan; duela lau urte hamar eserlekuko aldea genuen elkarrekiko. Horrek demostratzen du EH Bildu indartzen doan indar politikoa dela, gero eta gehiagorengana ailegatzen ari den indarra dela, sendotzen doan indarra, ez dela hegakorra eta aldakorra den zerbait. Gu oso pozik gaude, eta iragarpen guztiak beteta.

Kanpainako bigarren astea mugituagoa izan zen, bizikidetza aipagai izan zen, uste duzue horrek eragina izan zuela igandeko emaitzetan?

Ez dugu uste, balantze horiek egitea zaila bada ere. Tendentziaren baitan izandako igoera bat izan dugu, herritarrek hori eskertu dutelako, konfiantza hori jaso dugu, konfiantza handia izan da gehitu duguna.

Elementu esanguratsua da zer nolako emaitzak izan diren udal hauteskundeen ostean, Gasteizen, Durangon edo Gipuzkoan, esaterako. Uste duzue jendeak aintzat hartu duela akordioetan gertaturikoa eta oraingoan ere hori iltzatuta geratu daitekeela bozkatzailearen buruan?

Bai, zalantzarik gabe. Uste dut Eibar ere aipa dezakegula. EH Bildu azken denbora honetan, kanpainan zehar mahaigaineratu bezala, konpromiso batzuen baitan lan egiten ari da. Gasteizen kasu, lehen indarra izan arren eta EAJk eta PSE-EEk PPren bozken bidez gobernua eskuratu arren, guk hor jarraitu dugu indar politiko bezala arduraz jokatzen eta, besteak beste, hiriarentzako beharrezkoak ziren aurrekontuak eskuratzen. Hori da gure lan egiteko modua.

Guk ez dugu sari eta zigorren politika batean sinesten, uste dugu esaten dugun horretan lan egiteko konpromiso osoa dugula, gobernagarritasuna da gure aspirazioa, espazio konpartitu horietan indarra izatea, baina uste dugu gobernagarritasunaz ari garenean justuki herri eta hiri hauek demostratzen dutela akordioetatik kanpo ere badagoela herri edo hiriko politiketan eragiteko modu bat, eta akordio horietan eta gobernagarritasunean aritzeko beste modu bat. Horiek demostratzen dute, hain zuzen, egiteko modu hori; uste dugu zerbait baldin bada Euskal Herria Bilduren zeinua, udalgintzan egiten ari garen lana dela. Eta esaten dugun guztia egiten ari garela...

 

«Ezkerraldean edota Bilbo Handian gertatzen ari denaren inguruko analisi onak egitea eta horien inguruko politika konkretuak mahaigaineratzea garrantzitsua da»


Bilbon gertaturikoa esanguratsua izan da. Gutxi gora behera, 28.000 boto inguruko tarte bat badago, hau izan daiteke hauteskunde hauetako gakoetako bat?

Bilbo Handia, Ezkerraldea, Bizkaia oro har, proportzionalki herritar gehienen botoak behar dituen inguruneak dira, herrialde populatuena delako eta garrantzitsua da. Ez asmo partidista batengatik edo boto  kopuruan gora egiteagatik soilik, baizik eta Ezkerraldean, Bilbo Handian gertatzen ari denaren inguruko analisi onak egitea eta horien inguruko politika konkretuak mahaigaineratzea delako garrantzitsua.

Agerikoa da EH Bildu indartzen doan indar politikoa bada ere, badagoela langa bat gainditu beharrekoa, eta uste dut garrantzitsua dela azken lau urteetan Ezkerraldearentzako proposamen politiko konkretu bat mahaigaineratu dugula. Lanketa berezia egin dugu, gure kideak beti hor egon dira hori azpimarratuz: zer garrantzitsua den herritar gehien dituen zonalde honentzako espezifikoak diren planteamenduak egitea, eta norabide horrek ekarri du igoera bat. Sakondu behar dugu zentzu horretan eta hiri zein herri horien arteko saretzea garrantzitsua da politika horietan aurrera egiteko. EH Bilduren gobernu bat behar dugu inguru hauetan, ze EH Bildu probatzen duenak gero badaki zer den hori.

Negoziatzeko garaia heldu da. Deitu du alderdiren batek EH Bildu edo EH Bilduk deitu dio norbaiti?

Ez, guk esan genuen hor errespetuz jokatuko genuela eta lehen indarra den horri utziko geniola lehen urrats horiek eman ditzan, eta kasu honetan EAJri dagokio hori egitea. Momentu honetan, gutxienez nik dakidala, lehen gaueko zorion eta analisien mezu trukaketatik aparte, inor ez da gurekin harremanetan jarri. Uste dugu, eserlekuetan haien pareko geratutako indar politikoa izanik, gutxienez lehen kontaktu horietan egotea ezinbestekoa izango litzatekeela.

 

«Guk ez dugu kromo trukaketarik egiten, instituzio bakoitzari dagokion espazioa eta eztabaida dinamika zabaltzen diogu»

 


Lehendakaria hautatzeko saioan, Pello Otxandiano aurkeztuko da?

Hori aztertzeke da, ikusita nolako elkarrizketa abagune zabaltzen den edo ez. Nolako gobernagarritasun proposamen mahaigaineratzen den edo ez, oraingoz entzun dugun guztiarekin, badirudi klasikoa den bi alderdien arteko paktu banaketa batera mugatuko dela. Horren aurrean baloratu beharko genuke, ez diogu aterik ixten horri.

Orain, aukera anitzak daude gobernua osatzeko. Gipuzkoa kasu hartuta, lehen indarra EH Bildu izan zen eta gaur gaurkoz aurrekontuen baitan blokeoa da nagusi 2024rako. Gipuzkoako egoera bera sar liteke negoziaketa hauetan?

Guk ez dugu kromo trukaketarik egiten; instituzio bakoitzari dagokion espazioa eta eztabaida dinamika zabaltzen diogu. Agerikoa da harreman naturalizatu eta normalizatuek eragin dezaketela bestelako espazioetan, baina bata ez da besteagatik negoziaketa horretan sartzen eta ez dugu momentu batean ere hori planteatu. Hauteskunde osteko negoziaketa prozesu honetan ereduen arteko talka bat eman daiteke, eta guk etengabe mahaigaineratu dugu eman daitekeela, Gipuzkoan erabaki zen haientzako ohikoa zen gobernagarritasun eredu klasiko horri heldu eta alderdi biren arteko paktu batera jotzea, bestelako indar politikoekin elkarrizketarik izan gabe.

Gakoa izango den elementuetako bat izango da autogobernua, estatusa, baina kanpainan ikusi zen PSOE nahiko gotortuta dagoela elementu honetan, hizkuntza politiketan ere… Gotortze jarrera hori egongo balitz, jai izango lukete akordio kolaboratibo horiek, ezta?

Bai, badira mahaigaineratu ditugun bi afera oso garrantzitsu: orain egiten dugunak izugarrizko eragina izango du hurrengo lau, zortzi, hamar urteetara begira. Jauzi bat eman nahi badugu, orain da momentua, inoizko abertzaleena eta erabakitze eskubidearen aldeko indar nabarmenena duen Legebiltzarraren aurrean gaude; aukera orain   baliatzen ez badugu, noiz? Eta nori utziko diogu aukera hori baliatzeko batuta? Akordio klasikoek ikusi dugu azken urteetan eragin dutela errotonda autonomista batean buelta eta buelta ibiltzea. Helduko diogu elkarrekin aurrera egiteko aukera honi?

 

«Gobernuak datozen lau urtetarako izango dituen dinamika garrantzitsuen analisi konpartitu edo helduleku konpartitu batzuk egin eta beste modu batera antolatu daiteke»



Badirudi ohiko akordioa egongo dela, EAJ eta PSEren artekoa, horren aurrean EH Bilduk zer egingo luke?

Kanpainan esaten genuen: antzeko formulek antzeko politikak ekarriko dituzte, eta, beraz, orain arte gauden tokira ekarri gaituzten politikek eta egindako akordioek toki berera eramango gaituzte. Egia da EH Bilduk inoizko indar eta parlamentari kopuru handiena eskuratu duela eta guk hori baliatuko dugu. Politikagintza instituzioetatik haratago ere egiten da, eta instituzio barruan oposiziotik ere egiten da. Indar hori baliatuko dugu kanpainan zehar aipaturiko konpromisoen alde bultza egiteko. Galdera da, besteek zer egingo dute horren aurrean?

EH Bilduk kanpaina honetan izan duen balio nagusienetako bat izan da ilusioa zabaltzearena. Nola mantentzen da hau hurrengo hauteskunde zikloa heldu bitarte?

Hartutako konpromisoak edozein espaziotan landuz eta mahaigaineratuz; hau da, gobernu batean zein oposizioan. Konpromiso hartu genuen gaietan, konpromiso hori politika konkretuetan gauzatzen dela ikusarazten dugu, eta ahal den neurrian eraginkortasunez lortuko ditugu politika horiek; hor buru-belarri arituko gara. Baina ilusioa mantentzen da ere gure altxor preziatuena den politika munizipalistatik, pertsonen bizitzetatik gertuen dagoen horretatik. Ikusi dugu hauteskunde hauetan ez dela soilik babestu Legebiltzarra osatzeko aurkeztutako ekipoa, EH Bilduren proiektua babestu da.

Guk ez dugu politika partzelatuta ulertzen, Legebiltzarrean egiten dugunak isla du politika munizipalistan, eta hor egiten denak, Batzar Nagusietan, eta horrek Madrilen eta buelta. 360 graduko politikagintza da gurea, komunitatean egiten duguna. Hori guztia etengabe jorratuz eta politika ahal bezain aurrerakoienak eta askatzaileenak mahaigaineratuz egiten da hori. Hor aurkituko gaituzte, tokatzen zaigun tokian egongo gara beti.

Elkarrizketa batean adierazi zenuen ohore bat izango litzatekeela hurrengo Jaurlaritzako Berdintasun Sailburu izatea. Honek harrabotsa eragin du, Imanol Pradalesek berak erabili zuen eztabaidan. Honen baitan zer nolako erreakzioak izan dira, gorroto mezuak jaso dituzu?

Gorroto mezuak ez, baina egia da momentu horretan arrabotsa sortu zela. Niri sareetakoak baino gehiago eragin zidan eztabaida publiko batean kontua agertzeak. Erreflexio batera eraman ninduen, hainbat gizonezkok beren burua proiektatzen dute eragin gune eta ardura postu ezberdinetan egoteko oso naturaltzat jotzen da, gainera uste dut hala behar duela izan, aspirazioak dituzunean aspirazio horiek mahaigaineratzea lasaitasun osoz. Kontua da emakumezkoek egiten dutenean zigortu egiten dela, zalantzan jartzen da.

Jaurlaritza Logoa