Zuzenean

NAIZ irratia

Antolakuntzaren esanetan, bihar jarriko da Askatasunaren Ontzidia Gazara bidean

Ibai Azparren GARA eta NAIZeko kazetaria Istanbulen dago, Askatasunaren Ontzidiaren prestaketa-lanak gertutik jarraitzen. Gazara bidean jartzeko asmoa du ontziak, nazioarteko presio handia tarteko. 5.500 tona laguntza humanitario kargatuta, arriskuz beteriko bide bati aurre egin beharko diote.

Audio_placeholder

Antolakuntzaren esanetan, bihar jarriko da Askatasunaren Ontzidia Gazara bidean

Loading player...
Istanbulen daude Askatasunaren ontzidiaren hiru ontziak, Gazarako bidea hasteko prest
Istanbulen daude Askatasunaren ontzidiaren hiru ontziak, Gazarako bidea hasteko prest (Yasin Akgul | AFP)

30 herrialdetako kideek eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidiaren espedizio berria. Ibai Azparren NAIZ eta GARAko berriemaileak azaldu duenez, apirilaren 15erako zuen ontzidiak aurreikusia Gazarako bidea hartzea, guztira 5.500 tona laguntza bertara eramateko asmoz.

Hiru ontzien irteera data, ordea, hainbatetan atzeratu izan da: apirilaren 21era lehenik eta biharko egunera, apirilaren 24ra, azkenik. Ekimen honen antolakuntzako kideek Azparreni emandako azalpenen arabera, badirudi asteazken honetan Akdeniz, Conscience eta Anadolu ontziek Gazarako bideari ekiteko aukera izango dutela.

Askatasunaren Ontzidiko kideak baikor direla gehitu du GARA eta NAIZeko kazetariak, baina ohartarazi du ez-jakintasuna handia dela azken egunetan, besteak beste, Mendebaldeko zenbait herrialdek eragiten ari diren presioa dela-eta. Nabarmendu duenez, indar horiek erantzuna jasotzen ari dira, dena den. Pasa den igandean milaka lagun atera ziren Istanbulgo kaleetara, Askatasunaren Ontzidiak jasaten duen presio eta blokeoa salatu eta Gazak pairatzen duen hondamendiari aurre egiteko su-etena galdegiteko.

Jaurlaritza Logoa