Zuzenean

NAIZ Irratia
Donostia

‘Lau korapilo’ abestiarekin 2024rako diskoa iragarri du Sünek

Hirugarren abesti propioa kaleratu du Josune Arakistainek bakarkako bidean. Jimbo Paez ekoizlearekin elkarlanean sortu du bitxikeria batetik abiatutako abestia Lasturgo musikariak. Beste behin, elektronika eta trikitia nahastu ditu Sünek. NAIZ Irratiko estudioan izan da kantua aurkezten.

Proiektu elektroniko bezala uler genezake baina trikitiari muzinik egin gabe Sünerena. Horixe da ‘Lau korapilo’ kantua aurkezterakoan Sünek kontatu diguna NAIZ Irratian. ‘Sunday’ kantuan Rikki ekoizle kataluniarrarekin aritu zen, gero elkarlanean ibili Moonshine Wagon taldekoekin ‘Orainari’ sortzerakon eta, oraingoan, Madril aldera jo du Chanela Clika estudioko Alejandro ‘Jimbo’ Paez ekoizlearengana.

Süneren bulegotik, Airakatik, adierazi dutenez, «‘Lau korapilo’k, tradizioari keinu bat eginez, trikitixaren eraberritzea aldarrikatzen du. Izan ere, gizonezkoena zen mundu bat izatetik, gaur egun emakumeek konkistatutako territorioa baita trikitixarena. Hori dela eta, betiko doinuetatik abiatuta gaur egungo melodietara garamatza abestiak». Horri Arakistainek honakoa gehitu dio: «Inork gutxik uste izan du trikitixa musika garaikidearekin erlazionatu zitekeenik, eta proiektu honekin nire ‘ahizpek’ urte luzeetan utzitako ondare guztia eraldatu nahi dut».

Chroma estudioa eta Muga aritu dira bideoklipean lanean Sünerekin eta Aristerrazun eta Lasturren hartu dituzte irudiak. Sünek kontatu digunez, gainera, 2024a bukatzerako diskoa espero behar dugu eta, lehendabiziko zuzenekoa, taldekidez inguratuta, EHZ jaialdian eskainiko du. Ez dakigu ordurako zapia buruan duela ikusiko dugun bera, baina ziur bat baino gehiagok egingo duela keinu hori abesti hau ezagutzean.

Jaurlaritza Logoa