Zuzenean

Hegoi Belategi

«Ez gaude prest gu ordaintzera udalaren utzikeria eta planifikazio eza»

Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak aurretik esleitutako 112.800 euro inguru itzultzeko eskatu dio Lazarraga Kultur Elkarteari, oraindik zabaldu ez duten Izaskun Arrue zentroan burutu gabeko jarduerengatik, elkarteko Iñaki Lazkanok salatu duenez.

Audio_placeholder

«Ez gaude prest gu ordaintzera udalaren utzikeria eta planifikazio eza»

Loading player...
Gasteiz antzokia.
Gasteiz antzokia. (Pedro Pegenaute)

Izaskun Arrue kulturgunea izango denaren aferak pasarte deigarriak eskaintzen jarraitzen du. 2023ko amaierarako zabalik behar zuen Euskararen Etxearen azpiegitura nagusi izango zenak. Garaian, kulturguneko erabiltzaile izango den Lazarraga Kultur Elkarteari diru kopuru jakin bat esleitu zitzaion, esleipen horren zati bat ekintza jakin batzuetara bideratuz, sinetsita aurreko urteko amaierarako martxan izango zela.

Orain, udaleko kontu hartzaileak jakinarazi die, 112.817 euro itzuli behar dituztela. Akatsak, udal gobernuarenak izan direla ziurtatuz, argi utzi du Lazarragako Iñaki Lazkanok ez dituztela beste batzuek gaizki egindakoak euren gain hartuko, «ez gaude prest gu ordaintzera udalaren utzikeria eta planifikazio eza». Lazkanok gaineratu duenez, «horrek esan nahiko luke gauzak gaizki egin ditugula eta hori ez da horrela. Gasteizen jende guztiak daki ez dela horrela».

«Zentroa ireki ez bada udalaren errua izan dela» berretsiz, Lazkanok azaldu du euren gastuak zegokien unean egin zirela, asko gauzatu zirela eta guztiak «fakturaz faktura zuritu» zirela. Gauzak horrela, euren kalkuluen arabera, 51.000 euro inguru dira itzuli beharrekoak. Eta eskertu du bide batez, euskal sortzaile askok erakutsi duten prestutasuna, adostuta zutena ez kobratzegatik.

Etorkizuna arriskuan

Galdera nahiko agerikoa da; nola egingo du Lazarraga Kultur Elkarteak dagoeneko gauzatu eta justifikatu diren ordainketak itzultzeko? «Ba Gasteizko Udalak eman beharko dio erantzuna horri», erantzun du elkarteko kideak, «proiektuaren jarraipen batzordean bilera eskatu genuen eta datorren asteazkenean izango da. Guk eskatuko diegu honi irtenbide bat eman behar diotela. Irtenbidea eman ezean proiektua kolokan baino, hilzorian egon daiteke».

Jaurlaritza Logoa