Zuzenean
Ez dute entsegurik egin aurrez, txarangako kide batek baino gehiagok aitortu digu. Baina gogoz dira Elgoibarko Arreiturreko Batxilerreko txarangako kideak Korrikari merezi duen harrera egiteko. Prest dituzte tronpetak, bonboa, kaxa, saxofoia, tronboia eta txindatak.
Korrikaren garrantziaz galdetuta, euskara «mundura iristeko» baliagarria dela esan digu kideetako batek; «jendeak gure hizkuntzaren egoerarekin sentitzen duguna eta hori hobetzeko egiten dugun ahalegina ikus dezan». «Konpromisoa plazaratzeko eguna» dela aipatu du txindata joleak, eta «elkartasuna» kontzeptua gehitu dio ondokoak.
700 ikasle inguru ditu Elgoibar-Arreiturre BHI ikastetxeak. Jon Cuende zuzendaritzako kidea da, eta azken asteotan egindako lanketaren berri eman dio NAIZ irratiari: plastikako orduetan Korrikarako materiala prestatu dute eta euskarako ikasgaian ekimenari buruz jardun dira, besteak beste. Hizkuntzaren erabilera sustatzeko tresna egokia dela deritzo, egunerokotasunean euskaratik urrun direnengan atxikimendua sortzeko balio baitu.