Zuzenean

NAIZ Irratia

«Sistemak ez badu berme erabatekorik eskaintzen, zuloak uzten ditu»

Mugak gune kritikoak dira pertsonen salerosketarako, tartean, ziur asko, Bidasoak osatzen duen muga administratiboa ere. Honi begirako proiektua abian du Save The Childrenek. «Behaketa fasean» murgilduta, GKEko Pilar Kaltzada izan da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Sistemak ez badu berme erabatekorik eskaintzen, zuloak uzten ditu»

Loading player...
Kontrolek behera egin ahala gora egin du berriz ere Bidasoaldera heltzen den migratzaile kopuruak.
Kontrolek behera egin ahala gora egin du berriz ere Bidasoaldera heltzen den migratzaile kopuruak. (Patxi BELTZAIZ)

Estatuen arteko mugetan kokatzen diren lurralde guztiak testuinguru emankorra dira giza esplotazio edo salerosketa egoerak gerta daitezen, migratzen ari diren pertsonen egoera zaurgarriaz baliatuta. Nabarmen biderkatzen den zaurgarritasuna, 18 urtetik beherakoen kasuan. «Sistemak ez badu berme erabatekorik eskaintzen, zuloak uzten ditu», dio adin txikikoen salerosketari erreferentzia eginez Pilar Kaltzada Save The Children GKEko Espainiar Estatuko lehendakariordeak. Egun detekzio eta babes sistemak berrikusi eta sendotzea ezinbesteko deritzo Kaltzadak, «migrarien eskubideak bermatzeko eta erakundeen betebeharrak ere bermatzeko, adinez txikikoak direnen babesa erakundeen ardura delako».

Save the Childrenek, Europako beste sei GKErekin batera, Mugako Testuinguruetako Salerosketaren Biktimen Detekzio Goiztiarra eta Babesa (E.V.A. ingelesezko sigletan) proiektua jarri du abian, 30 urtetik beherako haurren, gazteen eta  emakumeen salerosketa kasuak babesteko eta detektatzeko. Gipuzkoa eta Lapurdi artean inposatutako muga administratiboko egoera da, noski, aztertzen ari direnetako bat. Diagnostiko zehatz bat eskaintzeko «oso goiz» den arren, Save the Childreneko ordezkariak azaldu duenez, irailetik «behaketa zuzena» egiten ari dira eta «300 testingantza bildu» dituzte. «Gure helburua litzateke», Kaltzadaren esanetan «urte honen erdialderako datu zehatzagoak izatea, eta gero intzidentzia lana hasiko litzateke».

Egoera ikusezina

2023an 26 adin txikiko identifikatu zituzten indar polizialek salerosketaren biktima gisa Espainiar Estatuan. «Pertsonen salerosketa nekez ikusten» dela gogora ekarriz, Euskal Herrian ziur asko gizakiekin negozioa egiten duten talde hauek presentzia dutela adierazi du GKEko kideak. «Esan ahal dizut oraindik ez dugula salerosketa kasurik antzeman, horrek ez du esan nahi gertatzen ez denik».

Badira sinpleak diruditen, baina oso eraginkorrak liratekeen neurriak, migratzen ari diren adin txikikoak babesteko; adina zehazteko «sistema sendoago» bat kasu, asko direlako oraindik ere, adinez nagusi direla diotenak, bidaiarekin errazago jarraitu ahalko dutenaren esperantzarekin.

 

Jaurlaritza Logoa