Zuzenean
Behin bizitzea, batzurentzat nahi baino nekezago, besterentzat nahi baino laburrago. Baina motz edo labur, bizitza bakarra da, eta bizitza hori instantez instante modu kontzientean bizitzea gure buruari egin diezaiokegun aitortza eta opari egiazkoena beharbada.
Horretan jarri du bere ahalegina Garik azken urteetan. Galerak izaten dira bizitza honetan inflexio puntuetara eramaten gaituzten gertakariak, eta hala izan da legazpiarraren kasuan ere: amaren heriotzak eraman du bere bizimoduari buruz hausnartzera, egunerokoaren gurpil zorotik atera eta soseguz benetan merezi duten gauzei eta instanteei lekua egitera.
Ahalegin horren emaitza da neurri handi batean ‘Behin bizitzea’(Elkar). 7 abestik osaten dute diskoa, abeslariak bizi duen une bitalaren erakusgarri, soseguzko barrurako begirada bat. Doinuak Gari berarenak, hitzak Karmele Jaio, Iñigo Astitz, Jon Benito eta Txuma Murugarrenenak.
Diskoa zuzenean aurkezteko irrikaz, ostegun honetan, martxoak 21 izango du lehen hitzordua Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.