Zuzenean

Jendetza Tuteran.
Jendetza Tuteran. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Ehunka lagun bildu dira Castejonen.
Ehunka lagun bildu dira Castejonen. (Idoia ZABALETA | NAIZ)
Irudi politak Erriberan igande honetan ikusi direnak.
Irudi politak Erriberan igande honetan ikusi direnak. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Adin guztietako lagunek parte hartu dute Korrikan.
Adin guztietako lagunek parte hartu dute Korrikan. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Gazteak euskararen alde Nafarroako hegoaldean.
Gazteak euskararen alde Nafarroako hegoaldean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Familiak izan dira Erriberan.
Familiak izan dira Erriberan. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Jendetza Castoneko erdigunean.
Jendetza Castoneko erdigunean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Korrika, Tuteran.
Korrika, Castejonen. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Garazi Castaño

Erriberatik jira eta bira, aurrera egin du Korrikak

Euskararen ofizialtasuna aldarri, mozorroak eta festa giroa nahasi dira Erriberako kilometroetara gerturatu diren milaka lagunen artean. Tuteran bina aldiz igaro da Korrika, eta Lodosara iritsiko da gauean. Nafar hegoaldeko euskaldunak inoiz baino harroago sumatu dira. Bihar Arabaren txanda da.

Eremu ez-euskalduna da Erribera ofizialki. Hala ebatzi zuen 1986an onartutako Euskararen Foru Legeak. Euskalgintzaren eta AEK bezalako egitasmoen erronkak ez dira makalak inguru horietan. Baina txikitik handiak egiten jaioa den herria da gurea. Eta igande honetan txiki gelditu da Erribera, bertako euskaltzaleen handitasunak egin baitu eztanda.

Goiz-goizetik giro ona nagusitu da errepideetan zain zen jendearen artean. Alesbestik ateratzerakoan, Cadreitara bidean, Katxal kuadrilak hartu du lekukoa 684. kilometroan. Mutrikutik etorri dira, baina ez zaie astunegia egin bidaia. Bertsotan azaldu dute; furgonetara igo eta mikrofonoa eskuan hartuta, honakoa bota du batek: «bi orduko bidaia gutxi gora-behera/ baina hementxe gaude bultzatzen euskara/ gora Mutriku eta, ai ai ai ai... gora Erribera!».

Erriberan barna ibili da Korrika igande honetan

Loading player...

Gora San Zurru!

Mozorro asko ikusi dira egun osoan zehar. Katxalen kuadrilak lasterketako lehen lerroa utzi ostean, kilometro batzuk aurrerago spiderman txiki batek hartu du lekukoa. Koloretako ileordeak, gonak, puxikak... Inauteri kutsua hartu du Korrikak. Cadreitan, 693. kilometroan koadrila bitxia zegoen bide ertzean. Aterki handi bat zuen batek, alkandora koloreduna soinean, bisera bat zuen burutik lurreraino iristen zitzaion kortina zuria eusten. Panpin buru bat zuten haiekin, hura ere nahiko tuneatua. San Zurru da. Kuadrila horren santu propioa. Hilaren 28ak ostiralarekin bat egiten duenean San Zurru ospatzen dute lagun tuterar horiek. Ohitura berriak beti dira beharrezkoak.

Malda handirik ez da izan Tuterara bidean, eta horrek, akaso, erraztu du mozorrodun asko elkartzeaz gain, gurasoek ere haurrekin karrotxoan lasterka egin ahal izatea. Ez dira gutxi izan gaurkoan. Haur koxkorragoak ziren Abarzuzako Zumadiako eskolako ikasleak. Castejon sarreran ziren haiek, guraso eta irakasleekin batera. Lizarraldeatik Erriberara mugitu dira, eskolako zuzendari Angel Gartziak azaldutako moduan, Korrikaren helburuekin bat egiteko: «Euskal Herria osoan komunitatea egitea eta euskararen aldeko gure testigantza eta gure aletxo txikia uztea». Haien eskualdean gaztelera nagusi dela azaldu du, baina etorkizunaz ilusioz mintzo da. Belaunaldi berrietan D ereduaren aldeko apustua handitzen ari dela dio; haien eskola horren isla da, matrikulazioek gora egin baitute azken urteetan. 

Tutera: bitan bada, askoz hobe

Tuterako Ebro Zubiak eta Kristoren pasealekuak bat egiten duten puntua izan da hiriko sarrera eta irteera puntua. Bitan igaro da Korrika bertatik. Castejondik iritsi da, Tuteran sartu eta Murchantetik Cascantera egin du aurrera lasterketak, berriz itzultzeko hirigunera.

Txiki gelditu dira bertako kaleak lehen unetik. Lehen kilometroan Euskal Herriko hainbat lekutatik bertaratutakoak ziren zain. Asko itzalaren bila. Eguerdian 28 gradura iritsi baitira termometroak. Lekukoa hartzeko zain Lezo eta Tuterako gazte asanbladetako hamarnaka gazte ziren. Ostiraletik elkarrekin ari dira asteburua pasatzen, harremanak sendotu eta bata bestearen errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko asmoz. Hala azaldu dio NAIZi Ainhoa Salaberria lezotarrak.

Gazteek egin dituzte maldan gora Tuterako lehen metroak. Kaleak estutzen joan diren heinean emozioek gainezka egin dute. Tuterako gaiteroek jarri diote doinua Korrikari eta Union Tutera futbol taldeak, haien ke-poteak haizatuz, berde eta hori kolorea eman diote ekimenari.

Murchante sarrerak lasterketak Ane Elordi Korrikako koordinatzailea omentzeko tartea izan du. Une hunkigarria izan da zinez. Elordi-Vicente sendiaren kilometroan hartu du testigua arduradunak, malko eta animo artean, bere senitartekoekin batera. Hilabete luze hauetan egindako lana eskertu diote Elordiri furgonetatik, eta mezua indartu dute espaloietan txaloka zirenek.

Cascanten ere lagun mordoa pilatu da musikadun furgonetaren atzean eta bertatik egin dute lasterka Tuterara bigarrenez sartzeko. Argia ikastolako ikasleek hartu dute leukoa, haien izango baitira euskararen berme eskualdean. Datorren ikasturtean 40 urte beteko ditu ikastetxeak.

Bardeetatik aurrera, Lodosara bidean

Ebro ibaia gainetik zeharkatuz esan dio agur Korrikak Tuterari. Arguedasen zituen zain ehunka euskaltzale. Korrika batzordeak bazkaria antolatu du eta sabela beteta, gorputza astintzeko eta euskararen alde korrika egiteko prest ziren.

Lur kolorezko forma hipnotikoak osatzen dituzte Bardeak. Eta horiei jarraiki egin du aurrera ekimenak, paisaia ederren artean. Valtierra, Milagro, Azagra eta Andosillatik igaroko da gauean Lodosara iristeko. Goizeko ordu txikitan Lizarraldea zeharkatuko du, Araban barna murgiltzeko.

Jaurlaritza Logoa