Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Dragon’s Dogma 2, Rise of the Ronin eta Unicorn Overlord dira martxoko bideojoko handiak

Martxoan sartu berri gara otsail luzea atzean utzita, eta horrek hilabeteko estreinaldiak ezagutzeko unea heldu dela esan nahi du. Game Erauntsia irratsaioan bideojokorik interesgarrienetan ardaztu gara beste behin, jokozaleek gozatzeari utz ez diezaioten.

Audio_placeholder

Dragon’s Dogma 2, Rise of the Ronin eta Unicorn Overlord dira martxoko bideojoko handiak

Loading player...

Hilabeteko zein urteko tituluetako bat izango da, zalantzarik gabe, Capcom-ek prestatutako Dragon’s Dogma 2. Berarekin batera iritsiko da Rise of the Ronin Japoniar abentura, eta, egun berean baita, Peach printzesaren Showtime plataforma jokoa.

Vanillaware eta Atlus estudioen Unicorn Overlordek martxoko izarrean bilakatzeko aukera handiak ditu, gainera, eta Hi-Fi Rush edo Horizon Forbidden West PlayStation 5era zein PCra iritsiko dira, hurrenez hurren.

Aurrera eginez, zoritxarreko albisteak ekarri behar izan ditugu berriz saiora; izan ere, PlayStation zein Electronic Arts enpresek ehundaka langile kaleratu dituzte: 900 PlayStationen kasuan, eta 670 EAren aldetik. 2024ko lehen bi hilabeteetan 8.000 langile kanporatu dituzte, eta horren ondorioen inguruan hausnartu dugu.

Berri pozgarriagoekin jarraituz, pokémonzaleek joko berria jasoko dute datorren urtean. Pokémon Presents aurkezpenak jatorrizko jokoen urteurrena ospatzeko nahiz Pokémon Legends: Z-A misteriotsua iragartzeko balio izan du. 2025ean Switch kontsolan —hori diote, baina agian honen oinordekorako ere kaleratuko dute— ikusiko dugu, eta itxura batean borroketatik urrunduko den abentura izango da.

Tokyo Game Show azokaren 2024ko egutegia ezagutu dugu, gainera: irailaren 26tik 29ra ospatuko da bideojokoen ekimen esanguratsua. Yuzu emulatzailearen erronkaren berri ere eduki dugu: Nintendotik salaketa jarri diote.

Bukatzeko, No Rest for the Wicked interesgarria berriz erakusteko aprobetxatu du Moon Studios taldeak: apirilaren 18an aurretiazko sarbidea abiaraziko dute.

 

Jaurlaritza Logoa