Zuzenean

Elkarrizketa
Ruper Ordorika
Musikaria

«Jonanek bazuen kezka diskoa sobera serio geratzearena»

Disko berezia kaleratu du Ruper Ordorikak (Oñati, 1956). Berezia soinuan, ‘Bakarka II’ lan honetan bera eta gitarra baino ez ditugulako entzungo. Baina are bereziagoa da soinu hori grabatzen Jonan Ordorika anaia izan zuelako ondoan, ohiko legez eta azkeneko aldiz grabaketa batean. 

Audio_placeholder

«Jonanek bazuen kezka diskoa sobera serio geratzearena»

Loading player...
Bakarka, diskoan bezalaxe, aritu gara Ruper Ordorikarekin hizketan.
Bakarka, diskoan bezalaxe, aritu gara Ruper Ordorikarekin hizketan. (Jon URBE | FOKU)

Kaixo Ruper, zer moduz?

Kaixo, ondo, ondo.

Mila esker etortzearren, aurrez aurre egiten den elkarrizketa batek beste xarma bat badu-eta.

Badu, badu.

Artifiziorik gabeko lana dela esan duzu ‘Bakarka II’ diskoa.

Begien bistan dago, esan gabe doa, izatez gitarra eta ahotsa bakarrik entzuten direlako diskoan. Aurrekoaren jarraipena da, ‘Bakarka’ diskoarena, alegia. Hamar bat urte dira bakarkako emanaldiak egiten hasi nintzela eta horren ondorioz etorri dira bi disko hauek.

Erosoago nola aritzen zara zu, bakarka edo taldean?

Bi mundu dira. Taldearekin izaten da halako nahi bat, ez dadila gerta Ruper gehi musikariak izatea, baizik eta beste zerbait. Beste harreman bat izaten da jendearekin, beste eszenatoki batzuk… Baina bakarka oso gustura aritzen naiz.

Taldearekin izaten da halako nahi bat, ez dadila gerta Ruper gehi musikariak izatea, baizik eta beste zerbait.

Askotan ez da erreza izaten hori, ordea.

Ez dakit, ni hola hasitakoa naizelako. Egia da urte asko behar izan ditudala jende aurrean horrela agertzeko. Nahi baduzu, ausardia lortu arte egon naiz zain.

‘Erruduna’, oker ez banaiz, 1985ean kaleratu zenuen. Gogoan duzu orduan zer zenuen buruan?

Bai, gogoan dut gainera Juan Carlos Perezi asko gustatu zitzaion kantua zela. Nik, garai hartan, askotan egiten nuen Itoiz taldearen telonero lana, lagunak ere baginelako. Juan Carlosek galdetu zidan ea zertaz ari nintzen kantu honetan eta esan nion gerta zitekeela gertuko pertsona bat oso urrun sentitzea eta iruditzea une horretan ez zarela zu harekin zaudena, ezin duzulako irudikatu halako aldaketa bat, baina gertatzen da. Halako galera baten ondoren-edo, gogoeta horren ondorioz, idatzi nuen kantua.

Berrogei urte pasa dira esan dugun moduan, tartean, errudun izatearen sentsazioa eduki duzu?

Kantuak bere alde goxoa behar du, hori askotan erabiltzen dut eguneroko bizitzan aurrera egin ahal izateko. Asko erremiditzen du kantuak, konjuro moduko bat dirudi kantuak, baina segurki bai, eduki dut behin baino gehiagotan errudun sentsazioa.

Gitarra jotzeko moduan, nahikoa perkutibo jotzen duzula esango nuke ‘Erruduna’.

Berez kantu oso erritmikoa zen, Alberto eta Nando De La Casarekin grabatua, hemen gauden inguru hauetan, orduan Lasarteko estudioan. Kantu honen bertsio bat egin zuen ‘Danba’ taldea, nire harridurarako, esanda bezala, oso kantu erritmikoa zen. Gerora hor egon da, bazterrean.

Gitarra eta zu, horrela grabatuta daude, Jonan anaiarekin. Pentsatzen dut, orain, entzutean, berriz ere momentu asko etorriko zaizkizula burura.

Bai, ez da samurra izan. Diskoa bukatuta genuen uda aurretik, eta, justu azken ukitua behar genuenean zendu zen Jonan. Nire disko gehienak eta zuzenekoak berarekin eginak ditut, baina bereziki bakarkako hauek. Gehiago esango dizut, berak bazuen bere kezka, sobera serio geratzearena. Bera pop eta rock mundutik gehiago zetorrenez, beti proposatzen zizkidan kantu mugituagoak, eta nik kasu egiten nion askotan horretan.

Zure kantuak denboran asko aldatzen joan dira, gainera.

Nik berez kantuak bakarka egiten ditut, baina, batzuetan, musikariekin pentsatuko ez zenukeen tokietara ere iristen zara.

’Aberto Caeiroren bisita’, 1981ekoa, Joseba Sarrionandiaren hitzak dituena, kartzelako lehen urtean idatzia. Hor ere aldaketa handia egon da, egun Sarrirekin Euskal Herrian eta lasai ederrean besarka zaitezkeelako.

Idatzita zeukan preso eraman zutenerako. Argitaratu zenean, kartzelan zegoen. Nik uste dut sartzea erabaki nuela Sarrirekin Bilbon egin genituen emanaldi batzuen ondoren. Bost egun egin genituen jarraian Kafe Antzoiko Kutxa Beltzean eta, hor, kontu kontari aritzen ginenean, kantu hau beste modu batean nola sartu nezakeen pentsatzen aritu nintzen. Eta, begira, horregatik heldu da hona, duela urte eta erdi hartu nuen erabakia.

Gitarra desberdinak erabili dituzu diskoan, lehen bi kantu hauetan, ordea, bera da ezta?

Bai, hala da. Kantu gehienetan gitarra bera erabili dut.

Soinua kantuz kantu aldatuz doalako egin dizut galdera.

Ez dakit, momentuko gauzak izaten dira, ez da aurretik pentsatutako zerbait izaten.

Paco Locok ere sartu du eskua diskoan.

Bai, erreberberazioan. Anaiaren lagun mina izan da urteetan eta berak baditu tresna batzuk nire hasieratakoak. Malgukidun erreberberazioko gailuak ditu eta ez digitalak, nik asko maite dut hori. Ez disko honetan bakarrik, aurreko bizpahiru disko ere bidali nizkion behin nahasketak eginda. Berak bueltan bidaltzen dizkigu reverb horien ondorioak eta guk erabiltzen ditugu edo ez, normalean bai. Asko eskertzen diot egiten duen hori. Gure gogoan dagoen zerbait da, gure lehen diskoetan ez zegoen CDrik ez ezer eta soinua ere halakoa da. Nire ustez erreberberazio honek badu garrantzia nire musikan.

Gure gogoan dagoen zerbait da, gure lehen diskoetan ez zegoen CDrik ez ezer eta soinua ere halakoa da. Nire ustez erreberberazio honek badu garrantzia nire musikan.

Gaur egun dena modu digitalago batean egiten da.

Beharrik, gauzak aurrera doaz-eta. Nik aipatu ditudan gailu analogiko hauek ia bere horretan armairu bat dira eta Paco Locok dituenak oso onak dira.

‘Zaldiak negarrez’ kantuan hori oso agerikoa da. 1990eko kantuan eragin hori badago, baina jakin nahi dudana da nola grabatu duzuen gitarra hori estudioan.

Hau Jonanen Azkarateko estudioa itxi eta zuen mastering estudioan grabatuta dago. Normalean dena gela handian grabatzen dugu, baina badu gela txiki bat ere. Kasu honetan, gitarraren anplifikadorea gela txikian jarri genuen, pare bat mikrofonorekin. Egia esateko, nahi nuena zen Joseba Irazokiri edota Arkaitz Minerri anplifikagailu handi bat eskatu eta harekin grabatzea. Baina, azkenean, nire anplifikadore txikiarekin egin nuen. Denborarekin ikasi dudan zerbait da, omen Keith Richardsek ere anplifikadore txikiak oso behartuta dituela grabatzen duela. Hortaz, sentsazioa da handi baten soinuarena. Hori egin nuen, horrekin probatu, ni beste salan jotzen ari nintzen bitartean. Eta reverb haunditxoa du, jakina. Esan behar dut nire barruan nire anaiari bereziki zuzendutako abestia dela. Bera bereziki The Velvet Underground eta Lou Reed taldearen zalea izanik, bera gogoan izan dut kantu honetan.

Oraindik ere ikusi daitezke zaldiak negarrez, gerrak edonon daudelako.

Hala da, eta hor, nik uste bakardadearen gaia airean dagoela kantu honetan, abandonatuta sentitzearena, nahi baduzu.

Abandonatuta sentitzearen kontuak ere ez dakit ez ote dituzun agerian utzi ‘Artista baten istorioa’ kantuan. Zuretzat artista bizitza gogorra izan da?

Ez, hau Daniel Johnstonen kantua da, bitxia. Bakarkako emanaldietan askotan sartzen dut bertsioren bat, hau ez bereziki, baina egin dezaket Eñaut Etxamendiren kantu bat edo Mikelena… Hau oso hurbiletik ezagutu dut kasualitatez eta bertsio bat egin nuen. ’The story of an artist’ kantua da izatez, aldaera bat. Berak, Daniel Johnstonek, bai sufritu zuen aipatu duzun hori. Bere gaixotasunagatik eta abar. Irri egiten zuen horren inguruan naiftasun horretan, nahi ez balu bezala halako gai inportante bat aipatuz. Eginkizunetan sartzeko ondokoen babes bat behar duzu eta hori da hemen aipatzen duena.

Zu behintzat publikoak maite zaitu. Baina ez dakit hori nola sentitzen ote duzun zuk.

Denetarik sentitu dut, baina denborarekin bai sentitzen dudala publikoaren maitasuna eta eskertu ere bai. Nik uste dut gauzak asko aldatu direla denboran, zorionez. Gure sasoietan musikari izatea bera ez zen inoren aukeretan sartzen eta, gerora, gauzak aldatu dira. Udaletxeek uzten dituzte lokalak entseatzeko, adibidez. Nire talaiatik horretaz hitz egitea itsusi ere bada, lehenagoko kontuak hasten zarenean kontatzen arraroa ere badelako. Baina dena aldatu da, zorionez.

Zure herriak zure kantu bat bere ere egin du, ’Oñati, dabilen herria’ bezala aurkezten delako. Eta Oñati, musikan behinik behin, badabil.

Beti ibili da eta badabil. Ez dut nahiko nukeen beste ezaguera, badut harremana, eta oso gauza onak ikusten ditut. Nire mutikotan ere harrigarria zen Oñatikoa. Orduan baziren konjuntoak, bi edo hiru. Eta horretaz ari nintzen lehen. Itoizen lehen kontzertuko telonero ni izan nintzen, Ondarroan, ‘Cine pesca’-n. Eta, orduan, Itoizek bi urtez berbenetan aritu ostean aurreztutako diruarekin erositako ekipo bat estreinatu zuen. Cerwin-Vega ekipo bat zen eta garai hartan Ondarroan etxebizitza batek balio zuen adina ordaindu zuten. Orduan, ez dakit garai hartako esperientziak eta oraingoak alderatu ote daitezkeen. Baina, musikalki, Oñatin bazeuden talde onak eta orain ere badaude, oso onak.

Itoizek bi urtez berbenetan aritu ostean aurreztutako diruarekin erositako ekipo bat estreinatu zuen. Cerwin-Vega ekipo bat zen eta garai hartan Ondarroan etxebizitza batek balio zuen adina ordaindu zuten.

Kantura itzuliz, gitarrak ia-ia klasikoaren soinua hartzen du. Ez dakit zuk gitarraren soketarako-eta ohitura berezirik ba ote duzun.

Bai, baditut bai. Hain zuzen ere, disko hauetarako sokak garaiz ipintzea eta pixka bat gastatzea gustatzen zait. Nylonezko soken aldera joatea, aipatu duzun moduan, gogoan izanda egindako zerbait izan da. Sokak lehenxeago jarri eta distira galdu dezatela, beste soinu hori bilatzeko.

2001era egingo dugu salto, ‘Mila gau (eta bat gehiago)’, oso folk amerikarrera bideratzen den kantua.

Orohar diskoak badu hortik, nire zaletasuna hori izan delako urtetan. ‘Hurrengo goizean’ diskoan atera zen eta asko kantatu izan dut, nahiz azkenaldian ez nuen sartzen errepertorioan.

Lotia zara?

Ez.

Eta gautxoria?

Ezta ere, goiztiarra naiz.

Gauez beste leiho batzuk zabaltzen direla hortaz.

Hain zuzen, bai. Dena dela, egia esateko, lo txarrekoa naiz.

Zure errepertorioan klasiko bat bihurtu den ‘Zaindu maite duzun hori’ ere sartu da albumean. Ereserki bihurtu da.

Bere bidea egin duen kantua da, bai.

Hamabi sokakoarekin jota dago hemen?

Ez, delay bat erabilita dago eta horrek sortzen du diozun efektua. Ez nekien diskoan sartu ala ez, baina beti jotzen dut, baita bakarka ere, hortaz, beharrezkoa zela konturatu nintzen.

Tonoz eta tempoz aldatuta dator.

Taldearekin batzuetan ildoa mantendu behar izaten da, ahotsari bidea eman behar zaio eta horretarako tonoa goratzea behar izaten da. Askotan, bakarka apalago abestea hautatzen dut eta estudioan ere bai. Originalean nik uste dut zuzenekoan baino tono bat apalago nagoela, gutxienez. Hemen, erdibide horretan nago. Tempoarena, berriz, ez dakit. Kantu honekin horra ailegatu naiz.

Euskaldun izatearen nekea ez dakit ez ote zaigun pilatzen ari, erresistentzia geroz ete nekezagoa ez ote den.

Ez geroz eta handiago, ezagutu ditugu horrelakoak eta horretaz ari da kantua. Esaten digu beti behar dugula euskaldunok gogoetan ibili beharra dugula. Hau ezagutu dugu, euskaldunok badakigu geure apurra eta konstantzia behar ditugula, hor eutsi behar dugula eta ez gabiltzala bakarrik mundu honetan. Batzuetan ahaztu egiten dugu duela 200 urte ere euskaltzaleek uste zutela urtebete beranduago galdu egingo zela euskara. Eta hemen gaude, irrati digital batean mintzo euskaraz. Baikortasun horri eutsi behar zaio, gogoetan bada ere. Komunikazioak du bere biziko garrantzia, bestela hizkuntza ornamental bat bilakatuko da, aipangarri soil bat. Eta hori etengabe zure buruari planteatzen diozun gauza da ni bezala kantuak egiten edo zu bezala irratian dabilenarentzat, entzule imaginario bati ari gara komunikatzen, euskalduna dena. Bistan dena da, zorionez, musikak horren gainetik ere ibiltzeko aukera duela eta zaletuak topatzen dituzula euskaraz ere ez dakitenak eta abar. Baina, berez, zure entzulea euskalduna irudikatzen duzu eta hizkuntzari maitasuna zor diona.

Batzuetan ahaztu egiten dugu duela 200 urte ere euskaltzaleek uste zutela urtebete beranduago galdu egingo zela euskara.

Disko berean agertu zen ‘Haize goxoarena’ kantura goaz. Garizumako haizea ez da goxoa, hortaz? Aldatzen da?

Aldatzen da haizea, bai, baina garizumakoa, jende aurrean esaten dudan bezala, han Kuban-eta haize ona da. Guretzako denak han, baina bertakoentzat uda iragartzen du, orduan han ontzat hartzen da.

Ez dakit kantu honetan une gogorren bati abesten ez ote zaren ari.

Aurretik esandakoarekin lotuko nuke. Nik uste on dala kantuak eduki dezan bere osagarri baltsamikoa. Erregu moduko kantu bat da nahi baduzu.

Soinu aldetik gordinagoa iruditu zait, oihartzun gutxien duen kantua.

Niri ere hala iruditzen zait. Badakizu, askotan momentuko erabakia izaten da, baina uste dut ona ere badela kantuen artean dena ber-bera izan ez dadin.

Erabili dituzun instrumentuen inguruan galdetuz berriz ere, denak zureak ziren? Etxekoak?

Bai, entzuten den gitarra, disko honetan eta aurrekoan gehien erabili dudana, oso berezia da. Gitarra hau oso gutxitan erabiltzen ditut jende aurrean.

Orotara, zenbat gitarra dituzu?

Ez dauzkat gehiegi. Bospasei gitarra ditut. Nahi nuke ordezkoren bat, Martina esaterako zahartxoa delako, kolpe asko jasotakoa, baina asko maite dut eta ez dut harrapatzen horren parekorik. Badut erreplika bat Luberriagak Saran egina eta hori erabiltzen dut taldearekin jende aurrean, baina ez da ber bera. Neurriagatik batez ere, niretzat hori oso inportantea da. Nik asko estimatzen dut gitarra batekin edo bestearekin sentsazio bera izatea, nahiz eta oso abila ez izan.

Nik asko estimatzen dut gitarra batekin edo bestearekin sentsazio bera izatea, nahiz eta oso abila ez izan.

‘Egin kontu’, 1995eko abestia da. Gogoratzen duzu telebista saio batek izen bera zuela eta sintonia moduan erabili zela abestia?

Ez, ez dut gogoan. Hau da, nire ustez, kantu zaila aldaerak topatzeko. Egin dugu taldearekin ere, bigarren zuzenekoan, Kafe Antzokian, horrekin zabaltzen genuen, bertsio nahikoa diferente batekin, baina ez da erreza, testuari oso lotua dagoelako.

Eta testuak oraindik ere gaurkotasunari lotuta jarraitzen du.

Horregatik sartu nuen, testuagatik. Iruditzen zait nonbaiten asmatzen duela.

Zuzenekoetarako indarra ezinbestekoa izaten da. Beti indartsu zaude edota ondo disimulatzen dakizu?

Nik uste dut berpiztu egiten dela norbera eszenatokian neurri batean. Ez dakit, uste dut landu beharreko zerbait badela eta ez nago oso seguru ni behar bezain ongi lantzen dudan. Ahal bezala bai.

Forman mantentzeko, ordea, zure trikimailurik izango duzu.

Beno, aurreikusi egin behar da. Nahi nuke trikimailu gehiago izan.

Entseatzen ordu asko ematen dituen horietakoa zara?

Ez behar nukeen bezainbat. Bai taldearekin eta egiten ditugula, baina batez ere ondo pasatzeko badakizu? Ez da korrekzioaz jotzeko, baizik eta benetan ahazteko lanaren partez eta besteengana iristen saiatzeko momentu horretan, ez beste kezkarik izateko. Eta honek, bakarka apirilean hasiko naiz, eskatzen dit egunero-egunero pixka bat aritzea. Hurrenkerak eta gauza horiek lantzea, eta horrekin bai saiatzen naiz.

Zure gain dagoelako guztia.

Beno, eta jendearen gain ere bai. Nik uste dut bakarka esijentzia pittin bat desberdina jartzen diozula entzuleari. Gehiago jarri behar du, irudikatu behar du eta nahia behar du, entzuteko nahia, eta hori ikaragarria iruditzen zait. Jendeak puska hori jartzen badu, ni gertu bestea jartzeko.

‘Zure ate ondoan’ kantua entzunda, sortzen zaidan galdera da ea ba ote den bereziki gerturatu izan zaren aterik edota jo nahiko zenuenik.

Gai ardatza da kantuan, baina ez nirean, kantu zaharretan. Hortako behar du, hortako erabiltzen dute gazteek ere kantua, bestearen atera hurbiltzeko, gai oso-oso kanonikoa da atearena. «Ate ondoan nago ni», kar-kar. Badut abesti bat aurreko disko batean, «ireki iezadazu atea kanpoan naiz-eta» ziona. Ni beti gogoratzen naiz Anttonirekin.

Abesti hau oso gustu handiz, sentimendu handiz, jota dagoela iruditu zait.

Etorri zitzaidan kantua, ez da berezko hautaketa bat. Halako batean hasi nintzen bide horretatik jotzen eta kantu hau atera zitzaidan. Badakizu, hogei bat edo grabatuko nituen eta deskarteak ere egin behar izaten dira. Eta hau, nahiz eta behar bada ez den perfektuena, geratu zan. Aurretik grabatuta dagoenetik urrun samar dago eta hori ere balioan jartzen dut.

Grabaketan zer egiten zenuen, lehendabizi gitarrak grabatu eta atzetik ahotsak?

Kasu desberdinak daude. ‘Izen zaharrak’, esaterako, maketatik bere horretan geratu zen. Horrekin esan nahi dudana da, batzuk batera jota daudela, beste batzuetan lehendabizi gitarra, elektrikoa beste sala batean… Metodo desberdinak, baina ez aldaketa handiegiekin. Gitarra beti mikrofonoarekin, ez lineatik, mikrofonoak balbulakoak… Soinu, nahi baduzu, zaharraren bila, kar-kar.

‘Aingeru guardakoa’ kantuaren karietara, galdetu nahi nizun ea zeintzuk diren zure beldurrak.

O, ugari, zoritxarrez. Izuak gidatzen du nire eta ni bezalako askoren ezkutuko bidea. Eta kantuak badu hori uxatzeko ahalmen hori, beti elkarrekin sentitzeko ahalmena. Eta bai, abesti hau horietakoa da. Oñatin, kalean, santutxo bat badago aingeru guardakoa dena eta ume garaietan, mutikotan, han ibiltzen ginen jolasean.

Oñatin, gainera, aingeruek badute esanahi berezia.

Guk santutxoak esaten dugu, eta beste herri askotan ere badira, baina Oñatin baziren asko eta batzuk mantentzen dira.

Lehen aipatu duzun ‘Izen zaharrak’ kantua, elektrikoagoa da. Baina, hitzei erreparatuz, zer gertatuko dela uste duzu, nora goaz?

Begira, kantu hau ‘Memoriaren mapan’ diskoan grabatu nuen eta ez nuen kantatzen. Iruditzen zitzaidan batzuetan Iparralderako guk badugula Hegoaldetik turistak bezala aritzekoa, iritziak emateko edozeri buruz, hango euskarari buruz eta halakoak. Errespetuz-edo ez nuen abesten, harik eta hango jendea abesteko eskatzen hasi zitzaidan arte. Bat egiten zuten galera sentsazio horrekin. Orduan, berriz hartu nuen, eta iruditzen zait taldearekin egiten dugun aldaera definitiboa dela, nahiz hau grabatu dudan. Gertatu zen maketa egiterakoan halako prebio merke bat eraman nuela, hogeiren bat euro balio duena, anplifikadoreak pisua duelako. Simuladore horietako bat eraman nuen beraz, eta hau kantatu nuen. Grabatu ostean, etxera eraman nuen, entzun nuen lasai, eta Jonani esan nion ez ukitzeko. Gustatu zitzaidan duen giroa eta dena eta, hor dago, maketatik.

Iruditzen zitzaidan batzuetan Iparralderako guk badugula Hegoaldetik turistak bezala aritzekoa, iritziak emateko edozeri buruz, hango euskarari buruz eta halakoak.

‘Don ezer ezdaezinezko’ azken kantua, soinuan erdibidean kokatzen dena. Eskuz jota dago edo puarekin?

Puarekin. Aurrekoan galdetu zidaten hainbeste urte eta kantuak bizirik dirauten, bai nahiz eta kontatzen duzun anekdota denboran urrun izan. Hemen Bagdad suntsitua, Guantanamo… aipatzen ditut eta gaur ari gara Kiev, Zaporiya, Rafah eta Gazaz. Baina, berez gauza bera dago horren atzean.

Noizbait ospatuko dugu halakoen bukaera?

Ez zait iruditzen, tamalez. Baina, hori horrela izanik, behar dut lagunekin egon, behar dut mundu honetan egon, goxo, ezta?

Eta goxotasun hori emango diguzu, diskoan bezala zuzenekoatan apiriletik aurrera. Non izango da zu bakarka ikusteko aukera?

Lehendabizikoak Herrialde Katalanetan izango dira. Euskal Herrian maiatzean hasiko naiz, poliki-poliki, ez dudalako taldekoa utzi nahi, haiekien ere noizean behin arituko naiz. Bakarka lehena Aiherran dut, Behe Nafarroan, maiatza hasieran eta, bigarrena, Iruñean, Baluarteko ganbera aretoan, igande batekin. Gero, airean baditut gauza batzuk, baina Bilbon, antzoki handian, Arriagan, izango naiz eta Donostian, abenduan, Victoria Eugenian. Tarteka hiriburuak behintzat egin nahi nituzke. Baina bakarkako honek malgutasuna ematen dit eta herri txikira joan zaitezke edo antzoki handira. Beti ere lehen esan dizudana, beti ere bizkarretan jarrita.

Fernando Neiraren azal dotorea du diskoak, hori ere aipatu behar dugu.

Nire mugalaria, baxu-jotzailea. Hau gorria eta bestea urdina, aurreko lanarekin eta honekin Elkarrek LP bikoitza kaleratu baitu, eta ni eskerturik. Frank Zappa bezala, LP bikoitzak, gaixo euskaldunak hori dena entzun behar badute, kar-kar.

Mila esker gurekin izatearren, Ruper.

Zuri, eskerrik asko handi bat.

Jaurlaritza Logoa