Zuzenean

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

«Italian ez da bozkatzen norbaiten alde, baizik eta norbaiten kontra»

Sardinian izandako azken aldaketa politikoek, Italia osoan post-faxismoa agintetik botatzeko oinarri bat finka dezake. Agian dena aldatuko da, agian deus ez, baina egoeraren analisia egiten lagundu du Mundu Bat Herrin, Alessandro Ruta milandar kazetariak.

Audio_placeholder

«Italian ez da bozkatzen norbaiten alde, baizik eta norbaiten kontra»

Loading player...
Berritik gutxi du Giorgia Melonik. 20 urteko ibilbidea egin zuen lehen ministro izatera heldu arte.
Berritik gutxi du Giorgia Melonik. 20 urteko ibilbidea egin zuen lehen ministro izatera heldu arte. (Handout | AFP)

Italiak beti izan du inguruko herrialdeak harritzeko ohitura; politikaz ari bagara, are gehiago. Hamarkada bat baino gehiago luzatu zen ezegokortasun politiko eta lehen ministroen dimisioen zerrenda luze baten ostean heldu zen Italiako Gobernuko burura, Frattelli d´Italia-ko Giorgia Meloni.

Faxismoaren ondorengotzat jotzen den mugimendu hori agintera heldu izana oraindik ere harrigarria egiten zaie askori, baina nahikoa da italiarrak nondik zetozen eta bozkatzeko dituzten ohiturei begiratzea, Meloni non dagoen ulertzeko, Alessandro Rutaren esanetan, «Italian ez da bozkatzen norbaiten alde, baizik eta norbaiten kontra». Rutak Gara eta Naizen idazten dituen artikuluak, oso lagungarriak dira herrialdeko giro politiko eta soziala ulertzeko, baita aurrekari historikoak ere, onerako eta txarrerako beti izan delako laborategi politiko bat Italia. «Zenbat kontzeptu sortu dituen Italiak zoritxarrez... faxismoa, Makiavelo edo gattopardismoa. Uste dut hiru hauekin nahikoa dugula», azaldu du umore kutsu batekin Rutak.

Giorgia Meloniri dagokionez, kezkagarria bada ere halako profil politikoa duen emakume bat agintera heltzea, bestelako ikuspegi bat eskaini du Otxandion bizi den italiarrak. Izan ere, 20 urteko ibilbide politikoaren ostean, eta «narrazio» jakin batek lagunduta aukeratu zuten italiarrek Meloni, gainontzeko alderdiekin nazkatuta Rutaren arabera, «italieraz esaten dugun bezala, denak probatu badituzu, probatu beste bat. Meloni probatu zezaketen azkenekoa da».

Aldaketak Mediterraneotik

Inoiz baino indartsuago zegoela zirudienean, Italiako Eskuineko koalizioak kale egin zuen Sardiniako hauteskundeetan otsailaren amaieran. Giorgia Meloniren hautagaiak ezin izan zion aurre egin, Partido Democratiko-k eta Movimento 5 Stelle-k, Bost Izar Mugimenduak osatutako koalizioari. Batasun zail eta behin baino gehiagotan kontraesankor honen esku egon daiteke ultraeskuina agintetik botatzeko bidea.

Mugimenduari erreparatuz, azken urteotan eskuin mutur eta sozialdemokratekin koalizioak sortu dituen arren, Rutak Beppe Grillok sortutako espazioan ikusten du Italiako politika aldatzeko edo betikotzeko mugarria. Izan ere «Italian koalizioek irabazten dituzte hauteskundeak, ez alderdiek», eta une honetan badirudi Bost Izar Mugimendua dela eskuinekoak ez diren koalizio handia gorpuzteko gaitasuna duen bakarra.


Jaurlaritza Logoa