Zuzenean

NAIZ Irratia
Donostia
Elkarrizketa
Jon Pazos eta Beñat Uribe
Xuharren aita eta Xuhar herri plataformako kidea

«Erkorekak egindako adierazpenek min handia egin digute, eta zer esanik ez Xuharri»

Josu Erkorekak, astearte honetan, Ertzaintzak larri zauritutako Xuharri biktima izaera ukatu eta istiluen erantzule gisa kokatu zuen. Gaur Jon Pazos, bere aita, eta Beñat Uribe, Xuhar herri plataformako kidea, NAIZ Irratian izan dira, adierazpenak baloratu eta gaztearen egoeraren berri emanez.

Audio_placeholder

«Erkorekak egindako adierazpenek min handia egin digute, eta zer esanik ez Xuharri»

Loading player...

«Tamalgarria eta kezkagarria». Modu honetan definitu du Jon Pazosek, Ertzaintzak Tolosan larriki zauritutako Xuhar gaztearen aitak, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak astearte honetan egin zituen adierazpenak, non, plataformako Beñat Uribek gogora ekarri duenez, «irribarre batzuk tarteko, errudun izaera jarri zion biktima bati».

NAIZ Irratian izan dira Pazos eta Uribe ostegun honetan. Gaztearen aitak azaldu du nola dagoen Xuhar. «Begian kalte oso handia dauka, oso zauri handiak dauzka. Ebakuntza egin zioten, baina erretina urradura bat sortu zitzaion, makula begi niniaren erdigunean jaso zuen, laser bidez hori frenatu zioten». Honela, ebakuntza «ondo» atera zela adierazi arren, nabarmendu du gaur egun begi horretatik ez duela ikusten.

«Itzalak, siluetak, bai. Baina aurrean jarrita ez nau ezagutzen. Psikologikoki, aita bezala, gogorra. Esaten dit ‘aita lasai, ondo nago’. Lagunek indar handia ematen diote, burua distraituta dauka. Baina gauak ez dira oso onak. Normalitatea hartzea oso zaila da. 16 urte dauzka, dena kolpez moztu zaio, bere afizioak ezin ditu egin. Hori asimilatzea psikologikoki kostatzen ari da eta luzerako doa», kontatu du Pazosek.

Gau hura nola bizi izan zuten ere izan du hizpide. «Semea parranda egitera doa eta 04:30ak aldera dei bat jasotzea, zure semearena, errukiz, bere bila joatea ertzainek jo dutelako foam pilota batekin. Uf, oso txarra, ni eta nire bikotekideak momentu horretan bizi izan genuena. Esaten genuen, ‘zer pasatzen ari da?’ Ondo pasatzera atera den gazte bat ez da ondo ailegatu».

«Inongo ertzainek ez zion lagundu. Erkorekak esan zuen ‘socorro en auxilio’, zero»

Mina, baina, handituz joan da eta Segurtasun sailburuaren jarrerak areagotu egin du. «Momentuan deitu zidan telefonoz. Lurrera erori nintzen, blokeatuta geratu nintzen. Ahal nuenean indarrak berreskuratu nituen, galdetu nuen norekin zegoen eta lagun batekin zegoen. Eskerrak. Berak atera zuen bertatik, anbulantzia deitu. Erkorekak esaten zuen Ertzaintzak ez zekiela Xuhar zauritu zuenik, baina bai lagundu egin zuela. Baina ez, lagunak egin zuen. Inongo ertzainek ez zion lagundu. Erkorekak esan zuen ‘socorro en auxilio’, zero», salatu du Pazosek.

Horregatik, Erkorekaren jarrera «tamalgarria eta kezkagarria» dela iritzi du. «Segurtasun sailburu den pertsona bat, arduratu beharrean nola dagoen nire semea, zer gertatu den, nire semea sartu nahi du beste istilu batzuetan. Familiari ez deitzea, ez gerturatzea, daukan karguarekin. Eta aldiz, beste adierazpen hori egiteak min handia egin du. Niri eta, zer esanik ez, Xuharri. Bizitzen ari dena, luzerako doana, eta ez arduratzea... Non dago pertsona? Giza parte hori? Istiluetan zegoela esatea, grabatzen ari zela... »

Umiliazioa

Uribek sortutako sentimenduak izan ditu hizpide, eta behin baino gehiagotan errepikatu du «umiliazioa». «Zaurgarri eta umilatu sentitu gara. Parranda kontestuan zegoen, ez inolako sesioan, ezta ingurua ere. Ertzaintzak bere esku-hartzea justifikatzen du tabernako istilu batean, orain politikoki lokaztu nahi izan dutena. 16 urteko gazte batek pelotazo bat jaso du begian, hor dago zaurgarritasuna. Parrandan ateratze hutsa arrisku bat da. Segurtasuna bermatu behar duten horiek bihurtu gaituzte zaurgarri. Instituzio batek babestu behar gaitu zaurgarritasun hortatik, baina umilatzen zaitu erasotik 20 egunera pelikula bat kontatuz, ondoan mutiko bat enkaputxatuta eta botila batekin zegoela adieraziz eta Xuhar istiluetan parte hartzen ari zela».

«Errudun izaera jarri biktima bati, irribarre batzuk tarteko. Oso larria da. Umiliatuta sentitzen gara»

Honela, Erkorekaren adierazpenak gaitzetsi ditu. «Errudun izaera jarri biktima bati, irribarre batzuk tarteko. Oso larria da. Umiliatuta sentitzen gara». 

Sentimendu hori Villabonako plenoan errepikatu zen, non EAJko zinegotzi batek ordura arte ezezaguna zen informazioa eman zuen gertatutakoa salatzen zuen mozio bati ezezkoa emateko. Hurrengo egunean, ‘Diario Vasco’ egunkarian xehetasun gehiago filtratu ziren. «Ez genuen inondik inora espero umiliazio hori, eraso hori. Ikerketaren informaziorik ez genuenean inork ez zekien xehetasun batzuk eman zituen. Eta zinegotzi batek eman zituen Amasa-Villabonako aretoan. Hurrengo egunean ‘Diario Vasco’ egunkarian xehetasunak. Segurtasun Sailak egin behar du hori», insistitu du herri plataformako kideak.

Ez da kasu isolatua

Tamalez, Xuharrek pairatutakoa ez da kasu isolatua izan Euskal Herrian azken asteetan. Ertzaintzak kargak egin zituen Martxoaren 3ko mobilizazioan, eta atzo jakin zen pertsona bat ebakuntzaren zain dagoela, masailezurra hautsita. Donostian ere, 44 urteko emakume bat ospitalean dago, foam jaurtigai batek sortutako garuneko barne hemorragia bat dela-eta.

«Azken 25 egunek argi jarri dute Poliziaren jardunbidea zein den. Kontestua dena dela ere, jokabidea berdin da. Foam jaurtigaiak jaurtitzea. Tolosako inauterietan, Donostian Realaren partidan, Athleticen partidan, Gasteizen Martxoaren 3ko manifestazioan... Jokatzeko modu hori ez da inondik inora ere proportzionala. Tolosan, Ertzaintzaren bertsioa erosten badugu, demagun istilu handiak daudela. Kale horretan nerabeak daude, pertsona helduak. Gasteizen, Donostian, haurrak ere, eta jokabidea berdina da. Eta ikusten dugu ondorioak oso larriak direla. Sei zauritu egon dira azken 25 egunetan», adierazi du Uribek.

Tolosako karga gertatu eta ordu gutxira Erne sindikatuak, Esan eta Siperekin batera, ateratako komunikatua ere izan du gogoan, non Ertzaintzaren jardunbidea txalotzen zen. «Horrek erakusten du Segurtasun Sailak Ertzaintzarengan daukan kontrola. Jende horrek jartzen dizkio pilak Erkorekari eta hori oso larria da».

Xuharrek pairatutako foam pilotakada epaitegietan dago. Pazosek kontatu duenez, abokatuaren esku dago bide judiziala eta oraingoz ez dute inolako berririk.

«Gauzak aldatzeko eta indarkeria poliziala salatzeko», martxoaren 16 goizean mobilizazioa deitu dute Tolosan. «Euskal jendartea osotasunean deitu nahi dugu. Denoi dagokigu erantzun bat ematea. Tolosan esatea hau ez dela gure Polizia eta lotsagarria dela gertatzen ari dena».

Jaurlaritza Logoa