Zuzenean

Elkarrizketa
Ane Etxezarreta
Realeko jokalaria

«Gakoa da kontziente izatea lehia gogorra izango dela; gogor aritu behar dugu, pazientziarekin»

Zozketan Atletico Madril egokitu ostean, 2019an Granadan lortutako Kopa izan zuen gogoan Etxezarretak. Asteazken honetan Madrilen jokatuko dute joaneko partida (19.00etan). Mezu nagusia «zergatik ez» da. Taldearekiko dagoen exijentzia mailaz, eta bera zelaian izaten ari den presentziaz aritu da.

Audio_placeholder

«Gakoa da kontziente izatea lehia gogorra izango dela; gogor aritu behar dugu, pazientziarekin»

Loading player...
Ane Etxezarreta Realeko jokalaria Zubietako Z7 zelaian.
Ane Etxezarreta Realeko jokalaria Zubietako Z7 zelaian. (Andoni CANELLADA)

Z7 zelaian eraikuntza-lanak egiten ari dira, jada zulatu dute zelaiaren atzealdean dagoen parkinga. Hurrengo urtean amaitzea aurreikusten dute. Entrenamendu saioak osorik bertan egiteaz gain, egoteko eta atseden hartzeko leku bat izango dute.

Ane Etxezarretak (1995, Beasain) Zubietan hartu du NAIZ Irratia, entrenamendu saioa amaitu ostean. Bederatzigarren denboraldia egingo du talde txuri-urdinean. 2019an Realak lehendabiziko Kopa altxatu zuenetik, Atletico Madril 1-2 azpiratu ostean, berak eta Nerea Eizagirrek bakarrik jarraitzen dute taldean. Kopako zozketak aurrez aurre jarri ditu berriro, kasu honetan finalerdietan.

Granadan lortu zuten garaikurra kenduta, Madrilgo taldearen aurkako Kopako aurrekariak ez dira onak txuri-urdinentzat: 2021ean final-laurdenetan 0-1 galdu zuten, eta iaz final-zortzirenetan madrildarrek 0-2 hartu zituzten mendean.

Ikusita zein aurkari egokitu zaizuen, oroitzapenen bat etorri zitzaizun burura?

Bai, eta nire taldekideei esan nien ere, sentsazioa oso polita izan zela. Hala ere, beste urte bat da, liga asko aldatu da, taldeak ere bai. Atletico Madril beti da talde oso erakargarria haien aurka jokatzeko, oso indartsua eta gogorra baita.

Aipatu duzue bi taldeak asko aldatu zaretela; 2019tik 5 urte besterik ez dira pasatu, eta bakarrik Nerea Eizagirre eta zu zaudete taldean...

Hala da, azkenena futbolak hori du: urte batetik bestera aldaketa asko ematen direla. Kasu honetan bi bakarrik gelditzen gara, alde batetik pena da oroitzapen horiek berriro ere bizitzeko, baina hau aurreraka doa, eta beste batzuekin bizitzeko gogoak ditugu.

Zozketa egin aurretik, orain ikusita nor egokitu zaizuen, balekotzat emango zenuke?

Beti saiatzen zara Bartzelona saihesten, haien aurka egokituz gero, irabazteko esperantza txiki hori izan arren edo zortea edukita. Hala ere, kontziente gara zer talde den, eta zoriontsu gaude ez zaigulako Bartzelona tokatu.

«Ez da erraza ez jokatzea. [...] Saiatzen zara jokatzen dutenengandik maila ahalik parekoenean egoten, baina ailegatzen da puntu bat ezinezkoa dela»

Taldeak zer sentipenekin egingo dio aurre Madrilgo taldeari?

Oso gogotsu eta ilusio handiarekin. Alde batetik, ona izan daiteke; beste alde batetik, txarra, Atletico Madrilen kontra bi partida izatea, lehenengoa kanpoan eta bigarrena etxean... Oso-oso partida gogorrak izaten dira, fisikoki oso gogorrak. Gainera tartean Bartzelona dator Zubietara ligan, eta hori kudeatzen jakin beharko dugu pixka bat. Hala ere, kontziente gara oso gogorrak izango direla Atletico Madrilen aurkako partidak, beti hala izaten direlako, eta gainera, atletak direlako.

Mezua izango da «zergatik ez»?

Noski. Atletico Madril oso talde gogorra da, baina beti egin diogu aurre. Etxean agian esango nuke, oker ez banago, pixka bat gehiago kostatu zaigula kanpoan baino; hala ere, ilusioarekin hartzen dugu, eta gogotsu.

Kopan ez duzu oraindik jokatu Zubietan, bi kanporaketetan kanpoan aritzea egokitu zaizue. Ligan 1-1 egin zenuten, partida oso txukuna jokatuta. Gogoratzen al zara neurketa hartaz?

Oso partida serioak izaten dira, eta kasu horretan hala jokatu genuen. Lehen zatian beraiek ibili ziren hobeto, gainera partida hasi eta berehala sartu ziguten lehen gola. Guri kostatu egin zitzaigun, baina bigarren zati oso-oso ona egin genuen, eta hor iritsi zen gola. Esango genuke lehen zatia haiena izan zela, eta bigarrena gurea. Hor dago gakoa: kontziente izatea lehia gogorra izango dela, gu gogor aritzea eta pazientziarekin.

Kanpoko partidan bizirik ateraz gero, itzulerakoa Zubietan da.

Bai, helburua da han ahalik emaitzarik onena ateratzea, hemen jokatzeko dena. Jada asko esatea litzateke han emaitza ona ateratzea, eta hemen lasai ibiltzea. Behintzat, hango emaitza ahalik eta positiboena izan dadila guretzat.

Kopak ilusioa piztuko du aldagelan, ikusita ligan ez gora ez behera zaudetela.

Bai, eta egia esan beti sortzen du ilusioa. Beste lehiaketa bat da, liga urte osoko erregulartasunaren saria da, eta kopa izaten da gehiago pixkanaka aurreraka joan dezakezun lehiaketa bat, guztiz ezberdina. Azkenean partida bakarrera edo bira jokatzea, eta final batera iristeko aukerak izatea, Bartzelonaren aurka zaila da baina...

Aurretik Athleticen aurka jokatu behar du.

Bai, bai, hori da. Ea Athletic zer moduz.

Agian ezustekoa ematen dute.

Ba begira, polita izango zen baita ere.

Finalean euskal derbia nola ikusten duzu?

Oso ondo. Oso polita izango zen.

«Granadako sentsazioa oso polita izan zen. Hala ere, beste urte bat da, liga asko aldatu da, taldeak ere bai»

Eta aukerak finala derbia izateko?

Bai Athletici, bai guri oso talde indartsuak egokitu zaizkigu. Estatistikak ikusita, Athletici zailagoa, baina, hala ere, Atletico Madril ez dugu gutxietsi behar; oso talde konpletoa, fisikoa eta bizkorra da, jokatzen badakite, eta oso argi dituzte gauzak nola egin behar dituzten. Orduan, estatistikoki Bartzelonak irabazten du, baina ez da erraza Atletico Madril azpiratzea.

Ligaz hitz egingo dugu. Azkenaldian bolada ona kateatu duzue: 9 partidetatik 4 irabazi eta 5 berdindu dituzue, alegia, azarotik ez duzue galdu. Denboraldi hasieran, ordea, ez zineten hain fin ibili: 9 lehietatik 5 galdu, 1 berdindu eta 3 irabazi. Nola azaldu dezakezu, azaltzerik badago ere, futbola ez baita matematika, klik hori azarotik aurrera.

Esango nuke intentsitateari dagokionez puntutxo bat gehiago jarri dugula, bai entrenamenduetan, bai partidetan; ez bakarrik baloiarekin, baita defentsan ere. Urte onak egin ditugunean izan da gol gutxi jaso ditugulako, eta horretan datza futbola: aurkariak baino gol gehiago sartzea. Uste dut aurten ere, klik horren arrazoietako bat hori izan daitekeela.

Etxean ibili zarete indartsuen: Sevillaren aurka bakarrik galdu duzue. Zubietan oso eroso ikusten zaio taldeari, baloiarekin nagusi. Barrutik ere hori sentitzen duzue?

Bai, badaude partidak agian ez zaizkigunak ateratzen guk nahiko genukeen erara, baina egia da baloiaren jabetza edukitzea gustatzen zaigun talde bat garela. Guk horretan jartzen badugu arreta, eta behar den intentsitatea jarrita, askotan, bai hemen, bai beste zelai batzuetan, talde handien aurka ere, foku hori ondo zuzenduta, baloiaren jabe izan gara askotan eta hor nagusitasuna erakutsi dugu. Egia da aurten agian partida batzuetan beste batzuetan baino gehiago kostatu zaigula gola sartzea, baina hemen disfrutatzen ari gara.

«Ezin dugu espero goran egotea, gauzak behar bezala ez ditugunean egin»

Zubietatik urrun, ordea, taldeak beste aurpegi bat erakutsi du. Ezin asmatu aritu zarete.

Ez dakit esaten zehazki zergatik. Jakitea zein izan den arrazoia oso zaila da. Azken denboraldi honetan, Levanteren aurkako partida kenduta, oso-oso konpletoa izan zela, hortik aurrera, oso nekatuta sentitu gara, bai kanpoan, baita etxean ere. Ez dakit esaten zergatik kanpoan izan ditugun emaitza horiek.

Batzuetan ez dago azalpen zehatzik.

Hori da. Intentsitatea agian edo pixka bat galduago ibili garela? Ez dakit.

Aipatu duzu batzuetan lanak izaten dituzuela aurkariaren atea zulatzeko. Baina Jensenek 10 gol egin ditu eta Sannik 7. Aurrelari eskandinaviarrak maila onean daude. Baita Jacinto eta Aparicio ere. Zer esango zenuke jokalari horietaz?

Begira, esaten ari nintzenean golak sartzea kostatzen ari zitzaigula, justu lehen bi horietaz akordatu naiz, eta horregatik zuzendu dut esanez beste batzuetan ez zaigula hainbeste kostatzen. Bai Synnerekin [Jensen] bai Sannirekin sekulako zortea dugu, oso jokalari onak dira eta oso ondo ulertzen dira elkarren artean. Haize asko ematen digute momentu okerrenetan, eta une horietan asmatu dute baloia ate barrua sartzen. Eta askotan horrela erabaki dira gure partidak. Bestalde, Andreiak [Jacintok] aurten uste dut aurrerapausotxo bat eman duela, batez ere defentsan oso indartsu ikusten zaio, baita baloiarekin ere. Eta Nahia [Aparicio] oso indartsu etorri da; jokatzeko aukera oso ondo aprobetxatu du, eta oso ondo dabil.

Txapeldunen Liga jokatu zuten sasoian: «Uste dut kanpotik agian bai espero zela gehiago, eta presioa, kakotxen artean esanda, bazegoen»

2021-2022 denboraldian Txapeldunen Ligara sailkatzea lortu zenuten. Geroztik, uste duzu taldearekiko dagoen exijentzia maila igo egin dela?

Esango nuke kanpotik baietz, batez ere sailkapena lortu eta ondorengo denboraldian, Txapeldunen Ligako aurre-kanporaketa jokatu genuenean. Urte hori psikologikoki gogorra izan zen; ez dakit zein izan zen arrazoia, baina ez genituen lortzen aurreko urteko emaitzak, ezta jokatzeko modu bera ere. Uste dut kanpotik agian bai espero zela gehiago, eta presioa, kakotxen artean esanda, bazegoen. Gaur egun, ordea, uste dut pixka bat presioa gainetik kendu dugula, guk behintzat, eta hankak lurrean ditugula. Horregatik kontzienteago gara zertan ibili behar garen, eta nola landu behar ditugun gauzak.

Orain ligan zazpigarren zaudete 27 punturekin, eta Athletic zortzigarren 26rekin. Kanpotik ematen du Reala ez dela egiten ari denboraldi ona, eta Athletic, ordea, bai. Exijentzia maila ez da berbera.

Athleticek bere garaian izan zituen denboraldi “txar” horiek, Athletic goran ibiltzen zen taldea baitzen, guk ere orain dela urte gutxi lortu genuen goran egotea, baina oso zaila da mantentzea.  Talde batek goitik behera egon behar du prest goran mantentzeko, eta ez duzu izan zuk bakarrik hazkundea, liga osoko talde guztiek baizik. Urtetik urtera sekulako gorakada egon da intentsitatean, kalitatean, bai teknikoki, bai taktikoki, eta batez ere fisikoan; urtetik urtera sekulako aldea dago. Goran egotea oso zaila da, erregularra izan behar duzu, eta behin bigarren geratu garelako, horrek ez du esan nahi orain gaizki gabiltzanik; ez gabiltza ondo, nahiz eta azkeneko jardunaldietan hobeto aritu, hasiera ere ez genuen ona egin. Ezin dugu espero goran egotea, gauzak behar bezala ez ditugunean egin. Gorengo postuetan egotea oso zaila da, baina ezin da ezta ere beti muga oso goian jarri, errealista ere izan behar da. Orduan, uste dut orain ondo ari garela, eta jakin behar dugula zein den gure bidea, besterik ez.

Zure kasuan, hasieran ez zenuen minutu askoz gozatu, baina azken hiru partidak jokatu dituzu. Zer moduz daramazu?

Ez da erraza ez jokatzea. Egunero zaude zure lana egiten, ahal duzun ondoen, saiatzen zara jokatzen dutenengandik maila ahalik parekoenean egoten, baina ailegatzen da puntu bat ezinezkoa dela. Diferentzia hori sortzen da, eta gogorra da ikustea saiatzen zarela, lan hori egiten duzula, eta ez duzula saririk lortzen. Ni lasai nago, kontziente naiz zer puntura arte egiten dudan lana, badakit saiatzen naizela entrenamendu bakoitzean, eta badakit prest nagoela edozein momentutan zelaira ateratzeko. Eta ikusi da eman dizkidaten aukera txiki horietan maila duin bat eman dudala, batzuetan agian hobeto eta beste batzuetan okertxoago. Horrekin oso pozik nago, nire lanarekin eta erakutsi dutenarekin.

«Levanteren aurkako partida kenduta, hortik aurrera, oso nekatuta sentitu gara, bai kanpoan, baita etxean ere»

18 partidetatik 8 jokatu dituzu hasieratik. Iaz ere nahiko antzera: hasieran eduki ez zenuen jarraikortasuna bukaeran zertxobait izan zenuen. Natalia Arroyok txandaketa dezente egiten dituen entrenatzailea da. Zer esaten dizu hark?

Lana egiten jarraitzeko: ondo nabilela, edozein momentutan behar izanez gero, zelaira atera eta gauzak ondo egiteko, eta besterik ez. Hortaz kontziente naiz, beraz, gauza berri askorik ez.

Kopan oraindik ez duzu jokatu. Gogoa izango duzu, ezta?

Bai, beti dut gogoa. Azkenean zu aulkira joaten zarenean beti esaten duzu: «Nik zelaian egon nahi dut». Ez dakit jokatuko dudan; hasieratik ateratzen banaiz taldeari laguntzeko ahalik eta bertsiorik onena ematen saiatuko naiz. Taldea entxufatuta badago, aldi berean sufritu eta gozatuko dugu.

Taldekideei helarazten diezu 2019an Granadako final hartan bizitakoa? Asko gazteak dira eta.

Bai eta ez. Azkenean nahiko puri-purian izan genuen Levanteko neurketa eta gero, jarraian izan zen zozketa, eta justu oraindik Valentzian geunden. Eta bai esan niela: «Sentsazio hauek ditut, eta polita izango da berriro sentsazio horiek sentitzea Atletico Madrilen aurka». Baina gero segituan ligako partida tokatzen zitzaigun, eta datorren astean berriro. Ez dugu asko hitz egin horri buruz. Azkar jarri dugu arreta egokitzen zitzaigun hurrengo aurkarian, eta joan den asteburuan jardunaldirik gabe, banatzen gara horrenbeste, ez diogula hainbesteko enfasia eman.

Eta zer esango zenieke?

Niri bere garaian finalerako eman zizkidaten gomendioak izan ziren: lasai hartzeko, dena eginda zegoela, disfrutatzeko, ahalik bertsiorik onena emateko, baina egoteko lasai, ez zegoela ezer galtzeko. Eta horrela atera ginen. Azken finean, nahi edo ez, orduan bezala, Atletico Madril gaur egun ere gure gainetik dagoen taldea da, orduan berdina esango nieke. Eta gauza handirik gehiago ez; ez baita hitz asko egiteko unea, hitz gutxi eta aurrera egitekoa baizik.

Haiek dira faboritoak, beraz. Pronostikoren bat joaneko partida begira?

Nahi dudana ala? [barrez]

Nahi duzuna edo balekotzat hartuko zenukeena.

Begira, espero dut irabaztea. Hori izango zen ederrena, baina berdinketa batekin konformatzen naiz. Zer esango dugu, ez da erraza, baina espero dut irabaztea. Eta gero, gehienez berdinketa bat, galdu ez.

Jaurlaritza Logoa