Zuzenean

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

«Belfast urrun dago, baina Irlanda da»

Irlandan azken hamarkadan eman diren aldaketak, pentsaezinak ziren duela gutxi. Auskalo non egongo diren 10 urte barru. Euskal Herriak eta Irlandak bizi duten une historikoan antzekotasunak sumatzen ditu Donostian bizi den Barry Manley irlandarrak.

Audio_placeholder

«Belfast urrun dago, baina Irlanda da»

Loading player...
Michelle O´Neill eta Mary Lou McDonald Sinn Feinen hazkundearen gakoetako bi.
Michelle O´Neill eta Mary Lou McDonald Sinn Feinen hazkundearen gakoetako bi. (AFP)

Uharte berdean azken urteotan eman diren aldaketak, pentsaezinak ziren duela hamarkada pasatxo. Kostata, baina urtarrilaren amaieran gauzatu zen unea; Michelle O´Neillek zin egin zion ministro nagusi karguari Belfasten, eta bera da Irlandako Iparraldeko administrazioak duen lehen gobernu-buru errepublikanoa. Brexitaren protokoloarekiko desadostasunak aitzakia hartuta, bi urteko blokeoa ezarri ostean, onartu zuen DUP alderdi unionistak, Ostiral Santuko Akordioak diona betez, gobernu partekatuan sartzea, hori bai, kasu honetan bigarren alderdi gisa.

Dublingo gobernuaren agintera heltzeko borondate berbera du O´Neillen alderdikide Mary Lou McDonaldek, 2020ko hauteskundeetan Irlandako Errepublikan zerrenda bozkatuena izan ostean. Ordukoan soilik 100 urtez agintean izan diren Fine Gael eta Fianna Fáil kontserbadoreen arteko koalizioak utzi zituen errepublikanoak gobernutik kanpo.

Bi emakumeon, McDonald eta O´Neillen gidaritzapean, hazkunde betean eta diskurtso nabarmen sozial batekin, Sinn Feinek 100 urtez aldarrikatu duena gauzatzeko aukera inoiz baino gertuago dirudi; uhartearen batasuna. Bi buruzagiek, aukerez betetako hamarkada dela diote. «Belfast urrun dago, baina Irlanda da», dio Cork hiritik gertu dagoen Bandon herrian jaio eta Donostian bizi den Barry Manleyk; «gustatuko litzaidake Irlanda batuta ikustea».

Aldaketa aroa

Bakarrizketak egiteagatik nahiko ezaguna da Manley Euskal Herrian, eta ez ditu bere ideiak ezkutatzen, «ni independentista naiz, hemen eta Irlandan». Esan bezala Corketik gertu jaio zen Barry Manley, Irlandako hegoaldean eta hark ere uste du batasuna inoiz baino gertuago egon litekeela, baina aitortzen duenez, «niri beldurra ematen dit nire jendeak», errepublikako biztanleei erreferentzia eginez.

Hori bai, ez du zalantzan jartzen Cork eta inguruetako herritarren konpromisoa, askok harrotasunez gogoratzen baitute, The Rebel County (konderri errebeldea) deitzen zutela. Beste batzuek zuzenean People´s Republic of Cork aldarrikatzen dute, alegia Corkeko Herri Errepublika eta noski, umoretik.

Erabaki ausartak

Zalantzarik gabe, arreta deitzen duen profila da Barry Manleyrena, euskaraz hitz egitea ez ezik, oholtzara igo eta bakarrizketak euskaraz egitea erabaki duelako Barry Barrez izenarekin. Zergatik erabaki hori? «beti esaten dudan gauza da, euskara ikasi egin dut Euskal Herrian bizi naizelako. Nahi zuen zerbait egin hemen bizitza kulturalean. Hau da nire ekarpena», azaldu du umoregileak.

Gaur egun egoera bestelakoa da, baina Manley gazte zen garaian, gaelera irlandarra ez zen behar bezala sustatzen. A eredu moduko batean ikasi zuela dio, eta «modu txarrean» gainera. Badu eskuartean beste erronka bat; bakarrizketak egitea Irlandan eta irlanderaz. Dagoeneko ari da bere kabuz gaelera klaseak berreskuratzen, internet bidez.

Jaurlaritza Logoa