Zuzenean

NAIZ Irratia

«Agortzear» den neoliberalismoaren aurrean, bizitzak duintzeko ekarpena egin du Ernaik

Ernaik 'Gazteontzat, Bizitza duinak Euskal Herrian' lana argitaratu berritan, Naiz Irratian izan dira gazte mugimenduko Aitor del Hierro eta Markel Rio.

Audio_placeholder

«Agortzear» den neoliberalismoaren aurrean, bizitzak duintzeko ekarpena egin du Ernaik

Loading player...
'Gazteon eskutik' izena jarri diote Lezon aurten egingo duten Udaberriko Ekimenari.
'Gazteon eskutik' izena jarri diote Lezon aurten egingo duten Udaberriko Ekimenari. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gazteen premia, behar eta bizitza independenteak garatzeko dituzten oztopoen diagnostikoa egitea izan da Ernai gazte mugimendu abertzalearen azken ekarpena euskal gizarteari. Izena adierazgarria da oso: "Gazteontzat, bizitza duinak Euskal Herrian', eta lehen ondorioa kezkagarria bezain paradigmatikoa; gazteen bizitzak arriskuan daudela.

Baina gazteei begirako lanketa da besterik ez? «Guk diogu gazteak arriskuan daudela, baina hau estrapolatu dezakegu gizarteko sektore zabaletara», azaldu du Ernaiko Markel Riok, «izan ere, mundua zibilizazio krisi batean dagoela baieztatzen gabiltza aspaldian. Eta hau ematen da sistema neoliberala beraren agorpen une batean», zehaztu du. Laburbilduta, «gero eta bortitzagoa bihurtzen ari dela bizitza eta kapitalaren arteko talka», gazte militantearen esanetan.

Aipatu lanean, gazteentzako kritikoak diren zortzi arlo jorratzen dituzte, baina gazteentzako ez ezik populazio osoari eragiten dioten gaiak dira, bizimodu duinak garatu ahal izateko bermeekin lotuta baitaude. Hauek dira landutako esparruak; osasun mentala, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, zaintza, trantsizio ekosoziala eta eskubide zibil eta politikoak.

Alternatibak ikusarazi

Sistema kapitalistak markatutako testuinguru batean, herritar xumeen zailtasunak arintzeko berehalako neurriak proposatzen dituzte, baina batez ere alternatibak irudikatzen dituzte, Riok dionez, «beste mundu bat, beste Euskal Herri bat posible dela irudikatzeko».

Aipatu alorretan azpimarra eginez, egoerare larritasuna eskaintzen duten hainbat gako eman dituzte. Adibidez, «100.000 biztanleko sei psikologo besterik ez dira topatzen estatu mailan» eta horrek agerian uzten du publikoaren alde egitearen beharra Ernaikoen ustez. Enplegu arloan bestalde, lan egin arren, gero eta gehiago dira «pobrezia egoeran», daudenak eta honek estuki eragiten dio etxebizitzari ere, euskal gazteek bataz beste «haien diru sarreren %50a baino gehiago» bideratzen dutelako etxebizitza ordaindu ahal izateko. Alternatiba agerikoa da, kalitatezko enplegu egonkorraren alde egitea, eta eredu espekulatiboen kontra eginez, etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak ezartzea.

Gazte konprometituak

Argi dute Ernain, borroka sozialen aurrean gizarte eragile ezberdinen arteko aliantzak sortu behar direla, eta zentzu horretan, 2023ko apirileko greba feministak utzitako ikasgaiak bere egin dituzte, hala nola, zaintza sistema komunitario baterantz egin beharreko trantsizioan, gizarte osoak duela ardura, alegia, afera transbertsala dela. 

Ziur ikasgai horietako batzuk ere mahai gainean edukiko dituztela urteroko Udaberriko Ekimenean. «Irudikatu nahi duguna da gazteon herri bat izatea», nabarmendu du Aitor del Hierrok, «distopiaren aurrean utopia aldarrikatu nahi dugu». Ohitura onak ez direlako galdu behar. Aurten Lezon egingo dute 'Gazteon eskutik' lelopean.

Bide batez, argitaratu berri duten lana, udaberriko topaketa zein urtean zehar egiten dituzten ekintza guztiek, gauza bat agerian uzten dute gazteon arabera; batzuk hauspotzen dutenaren aurka, euskal gaztediak konprometituta eta antolatuta jarraitzen duela Euskal Herria eta bertako herritarrekin. «Bereziki daukagun ezaugarrietako bat konpromisoa da, iraultzaileak gara eta gauzak aldatzeko anbizioa daukagu. Gure biologian dago», ondorioztatu du Del Hierrok.

 

 

 

Jaurlaritza Logoa