Zuzenean

NAIZ Irratia

«Eztabaida linguistikoa amaitu dadin, beharrezkoa da testu gehiago agertzea»

Irulegiko eskuaz egindako ikerketaren ondorioak ‘Antiquity’ aldizkarian publikatu ostean, eta nahiz eta gehiago ikertu behar den, indusketen arduradun Mattin Aiestaranek berretsi du euren hipotesia: «Bertako hizkuntza dela». Horrekin batera, Irulegin bizi zirenez dakitenaren berri eman du.

Audio_placeholder

«Eztabaida linguistikoa amaitu dadin, beharrezkoa da testu gehiago agertzea»

Loading player...
Aranzadiko Mattin Aiestaranek aztarnategiko azken berriak ekarri ditu Naiz Irratira.
Aranzadiko Mattin Aiestaranek aztarnategiko azken berriak ekarri ditu Naiz Irratira. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Irulegiko indusketa lanetan agertutako eskuaren inguruko artikulu zientifikoa argitaratu du ‘Antiquity’ aldizkari garrantzitsuak. Irulegiko herrixkaren beraren inguruko azalpen luzea dakar, Brontze Aroaren amaierako hiribildua izan zela, Kristo Aurreko XV eta XII mendeen artean sortua eta Kristo Aurreko lehen mendera arte populatua mantendu zena.

Bertan agertu zen noski, azken urteetako aurkikuntzarik garrantzitsuena, Irulegiko Eskua deiturikoa. Aurkikuntzak ilusioa bezala, aditu askoren jakin-mina ekarri zuen berehala, alde bateko zein besteko iritzi eta hausnarketekin.

Artikuluan, orain arteko azterketak sakonago azaldu dituzte, eta azterketa linguistikoari begira, bi berritasun azpimarratu ditu Aiestaranek: hasieratik bukaerara ulertu daitekeen testu bat dela, eta hizkuntza hori «bertakoa» dela.

Xehetasunetan sartu aurretik, eskua non aurkitu zuten azaltzea garrantzitsua da ikertzailearen ustez, «suntsitua izan den etxe baten sarreran iltzaturik agertu zen, seguraski erakusgai jarrita». Brontzezko eskuak testu bat dauka, eta Aiestaranek baieztatu du hori dela momentuz lurraldean dagoen testurik zaharrena, «idazkerari begira ikusten da badela idazketa berezi bat, ez dela iberiera baina iberieratik eratorritako idazkera bat da, beste hizkuntza bat idatzi ahal izateko».

«Beste hizkuntza baten lekukoa da, gure hipotesia da bertakoa dela hizkuntza hori agertzen diren idazketaren ezaugarriengatik», kontatu du Aiestaranek, ez dago ordea hain argi bertako hizkuntza hori zer den: «Hizkuntza erabat argitzeko corpus zabalago bat behar da. Baina gure lanean maneiatzen dugun hipotesia da euskararen aurrekari izan daitekeen zerbaitekin lotzea. Egungo euskararen amatxi da? Izeba edo lehengusina?». Eta hori argitzeko ikertzen jarraitu behar dela baieztatu du ikertzaileak, «lanean jarraitu behar dugu eta berriro ere zortea ukan».

Lanak, ordea, hamarkadak iraun ditzake. «Baikorrak gara, badago testu bat idatzita eta bat egon daitekeen bezala, beharbada lurpean gehiago ere topatu daitezke. Iruditzen zaigu beharbada hamarkadetako lanaren fruituak izan daitezkeela, eskuaren agerpena ere hala izan da».

Iberiar idazkera

Linguistikoki sakondu ahal izateko, testu gehiago beharko lirateke, baina Aiestaranek orain artean ikusitakoak aurreratu ditu: «Idazkerari dagokionez, sekulako berezitasuna dauka esku honek, bi idazteko modu agertzen dira nahiz eta idazkera bakarra izan. Batek lerroak ditu, eta gainean puntuak; bi testuen dituzten ezberdintasun txiki horren adibide bat hori da».

Bestetik, iberiar idazkerari egindako aldaketa batzuk azpimarratu ditu, «aldaketa nabarmenak badira, eta aldaketa horiek ez dira hausaz edo istripuz eginda, nahita egindakoak dira. Lehenago aldaketa horiek hemen jaulkiak izan ziren txanponetan ikusten ziren, eta beraz, badu sekulako zentzu epigrafikoa. Idazkerari dagokionez, ikusten da hori beste hizkuntza bat dela, ez iberiera».

Irulegi, suntsitutako herria

Brontzezko eskuan ez ezik, testuinguruan ere arreta jarri du. Gogora ekarri du Burdin Aroan bizi zen herrixka bateko pieza dela: «Herrixka horretan topatzen duguna irudi berezi bat da. Badakigu erromatarrek horrela idatzi zutelako gaur egun gure lurraldea den honetan baskoiak deitu zituzten batzuk bizi zirela. Ez dakigu beraien buruari nola deitzen zioten baina Erromatarrek kanpotik, baskoi deitu zituzten hemengo jendea». Hiriak ere aipatzen dituzten erromatarrek, eta ondorioz, lurraldea marraztu dezaketela adierazi du Aiestaranek.

Europako gainerako burdin aro amaierako jendartearekin alderatuz, ez da guztiz ezberdina jendarte hori, baina baditu bere berezitasunak arkeologoaren arabera. Besteak beste, Irulegi suntsitua izan zela; hamar mendez bizi izan omen zen bertan jendea, baina gaur egunera suntsitutako hiri bezala iritsi zaigula esan du. «Suaren aztarnei begira ikusten dugu suntsiketa hau nahiko garbi,  erreta ageri delako, armamentua ageri delako eta zantzuak ez direlako istripu batenak, baizik eta intentzionalki eta gerra testuinguru batean emandako gertakari latz baten isla».

 

Jaurlaritza Logoa