Zuzenean

NAIZ IRRATIA

Villabonako gazteari ezin diote momentuz ebakuntzarik egin baina hobera egitea espero da

Erietxean segitzen du Tolosan Ertzaintzak zauritutako gazteak, ebakuntzaren zain, begia ireki gabe eta «sustoa gainetik kendu ezinean». Bere senideek NAIZ Irratian baieztatu dutenez, pare bat aldiz bere egoeraz galdezka ibili da Ertzaintza.

Audio_placeholder

Villabonako gazteari ezin diote momentuz ebakuntzarik egin baina hobera egitea espero da

Loading player...
Asuncion erietxeko sarrera. Bertan artatu zuten Ertzaintzak zauritutako gaztea hasieran baina orain Donostiakoan dago.
Asuncion erietxeko sarrera. Bertan artatu zuten Ertzaintzak zauritutako gaztea hasieran baina orain Donostiakoan dago. (Gorka Rubio | Foku)

Tolosan Ertzaintzak zauritu zuen Villabonako gazteak Donostiako erietxean jarraitzen du, eta bere egoeraren berri eman dute senideek NAIZ Irratian. 16 urteko gaztea nola dagoen galdetuta, «ebakuntzaren zain eta sustoa gainetik kendu ezinean», aipatu du senide honek. «Begia itxia du erabat», erantsi du. Ez dirudi galtzeko arriskurik dagoenik «baina kostako zaio ikusmena berreskuratzea», orain duen mailaraino behintzat, aurreratu du.

Erretinaren askapena diagnostikatu diote adin txikikoari eta malko-hodia ere hautsia du.

[Bi ordu beranduago Naiz Irratiari senideak berak zehaztu dioenez, medikuak bisita egin dio gaur goizean gazteari eta oraindik ezin duela ebakuntzarik egin ondorioztatu du. Inflamazio handia du oraindik alde horretan eta begia zabaltzen hasi arte itxoin beharko dute. Ostegunean gerta liteke ebakuntza, dena ondo bidean. Hortik aurrera, sendagileen aurreikuspena baikorra da, ikusmena berreskuratzeari dagokionez]

Gertatu zenari buruz, astelehenean NAIZi emandako lekukotasuna berretsi du senideak. Gaztea eta bere lagunak kalez kale zebiltzan, ihauteri giroan murgilduta, eta lehenengo oldartze bat entzutean korrika hasi ziren. Bigarrenean sentitu zuen kolpea eta «seko erori zen lurrera».

Kolpe bortitza izan zen, beraz, eta horregatik duen zauria ikusita senide honek ez du uzten «garai bateko pilotak» erabili zituztenik, horrela izatekotan egoera oraindik larriagoa izango zelako. Azken urteoetan foam jaurtigailuak ari da erabiltzen Ertzaintza, 2012. urtean Iñigo Cabacas gomazko pilotakada baten ondorioz hil ostean. Hala ere, esan bezala Ertzaintzak ez du momentuz ezertxo ere argitu.

Hiru txosten mediku ditu familiak orain arte, eta horietatik bitan aipatzen da pilota batek eragin diola zauria.

Bi aldiz Ertzaintzarekin

Bi hartu-eman izan ditu familiak Ertzaintzarekin, ‘Haria’ irratsaioari emandako elkarrizketa honetan zehaztu denez. Lehenengoa telefono dei baten bidez izan zen, astelehen goizean: «Zer moduz zegoen galdetu ziguten».

Solasaldi honetan, kale horietan «liskar» batzuk bazirela eta «kargatzea onena zela» deliberatu zutela jakinarazi zieten senideei. «Guri harrigarria egiten zaigu hori, igande gauean Tolosan zenbat jende mugitzen den jakinda», aipatu du.

Eguerdi aldera, bestalde, ertzain batzuk gerturatu ziren erietxera, berriro ere «nola zegoen jakiteko» asmoz eta «ikerketa abiatuko zutela» jakinarazteko: «Beraien esku zegoen guztia egingo zutela esan ziguten». Geroxeago, 16.00ak aldera, zabaldu zuen oharra Ertzaintzak, honen berri emanez.

Arratsalde erdialdean mediku forentsea pasa zen ere erietxetik, zauritutako gaztea ikusteko.

Bi udalekin eskertuta

Honezaz gain, Tolosako zein Amasa-Villabonako udalei esker ona adierazi nahi izan die senide honek: «Gurekin harremanetan jarri dira biak», nabarmendu du. Andu Martinez de Rituerto eta Beatriz Unzue alkateak, hurrenez hurren, gertatutakoa ikertzeko deia egin zuten astelehenean bertan.

Agerraldia deitua da gaur asteartean 19.00etan Villabonan, ‘Bortizkeria polizialik ez’ lelopean.

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa