Zuzenean

Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Maialen Zelaia
Futbolari ohia

«Reala errespetu handiz hartzen dute beste taldeek eta hori oso polita da»

Maialen Zelaiak (Donostia, 1988) duela zazpi urte utzi zuen futbola, Realean hamar urte eman ostean. Taldearen hazkuntzan mugarri, emakumezkoen futbolak oihartzun apurra zuenean ekinaren ekinaz elastiko txuri-urdina 214 partidatan defendatuz. PSGren aurkako kanporaketa aztertu du NAIZekin.

Audio_placeholder

«Reala errespetu handiz hartzen dute beste taldeek eta hori oso polita da»

Loading player...
Maialen Zelaia, futbolari ohia.
Maialen Zelaia, futbolari ohia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Realak PSGren aurkako joaneko partida jokatu behar duen egunean 11 urte atzerago, Maialen Zelaiak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuela jakinarazi zen. Taldeko mugarri zen eta lesioak –eta errekuperazioaren gorabeherek– nolabait baldintzatu egin zuten bere ibilbidea. 

Realzalea txikitatik, emakumezkoen taldearen hazkuntza bertatik bertara bizi izan du, bai eta Zubietarena ere. Hori oinarri hartuta, PSGren aurkako kanporaketa aztertu du donostiarrak, futboletik jada aldenduta baina sentimendu txuri-urdina bizi-bizirik duela.

Hamar denboraldi eman dituzu Realean, 214 partida. Horrek realzaletasuna areagotzen al du?

Realzalea izan naiz txikitatik, etxean hori bizi izan dut. Txikitan ez duzu imajinatzen Realean jokatuko duzunik eta hainbeste urte pasako dituzunik. Areagotu egiten al duen? Bai, egia da baietz.

Erretiratu zinela ia 7 urte dira. Distantzia horretatik, nola ikusten dituzu gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak?

Urte asko pasa dira. Realak klub bezala ere aurrerapausoak eman ditu, Europa mailan ere Realaren inguruan oso ongi hitz egiten ari dira, harrobiko lan horregatik, mutilak zein neskak Zubietan sartzen diren lehen unetik. Lana hor dago; sumatzen da zelaian ere.

Identitate bat eraiki da, baita Europan ere.

Bai, Reala errespetu handiz hartzen dute beste taldeek eta hori oso polita da.

Neskak duela bi urte estreinatu ziren Txapeldunen Ligan, mutilak azken lau urteetan lehiatu dira Europan. Aurten, multzoen fasean sekulako emaitzak lortuta, PSGren aurka jokatuko dute. Nola ikusten duzu?

Realak sekulako partidak jokatu ditu multzoen fasean. Orain kanporaketa zaila dauka, tokatu ahal zitzaion talde zailenetakoa da PSG. Baina, tira, jokatu egin behar da. Zaila izango da Parisko partida, baina Reala ilusio handiz dabil txapelketa honetan.

Lehiakortasuna erakutsi du hiru txapelketetan. Gakoa hori izango da Parisen emaitza on bat lortzeko?

Bai, egia da balitekeela orain baxuago izatea Reala, baina uneak dira. Realak gaizki ohitu gaitu eta uste dugu dena irabazi behar duela. Momentu hauek ere izaten dira futbolean. Txapeldunen Liga honetan ilusioa beste bat da, ondo egiteko gogoa ere bai eta ziur oso partida politak eta bereziak izango direla.

Emaitza onekin erraz ohitzen gara eta partida bakoitza irabaztea, zu futbolari izan zarenez ondo dakizu, oso zaila da.

Bai. Realak orain arte egin duena ez da batere erraza. Partida guztiak irabaztea ezinezkoa da. Hori Imanolek ere esan izan du. Ez da erraza hor mantentzea. Realak partida guztietan esfortzu ikaragarria egiten du, lesio asko ere izaten ditu, baina uste dut esfortzu hori ezin zaiola aurpegiratu.

«Txapeldunen Liga honetan ilusioa beste bat da, ondo egiteko gogoa ere bai eta ziur oso partida politak eta bereziak izango direla»

Realak min hartutako jokalari dezente ditu. Zuk badakizu zer den luzaroan min hartuta egotea, duela 11 urte otsailaren 13 batean hautsi zenuen eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua. Nola baldintza dezake horrelako lesio bat futbolari baten ibilbidea?

Oso lesio larria da. Errekuperatzeko denbora asko behar da, oso momentu zailak ematen dira. Gauzak okertu egiten dira batzuetan eta mentalki oso indartsua izan behar da. Ondoan dauden pertsona horiek oso garrantzitsuak dira bidean. Gero buelta ere ez da erraza izaten eta ez dakizu nola eta noiz itzuli behar zaren. Lana izugarria da, batez ere mentala.

Txapeldunen Ligako partidak gozagarri dira askotan, futbolzale soil gisa. Reala hor bertan ikusteak, kanporaketa handi hau jokatzen, zer eragiten dizu barnean?

Asko disfrutatzen dugu partida horiekin, Anoetan sortzen den giroa izugarria da. Donostia eta Gipuzkoa mailan ere jendea Realarekin nola dagoen ikusteak, denak kamiseta edo kolore txuri-urdinak bistan... Partida bereziak dira eta askotan bizitzeko aukerarik ez dugunak. Oso urduri jartzen gara. Ligako partidetan lasaitasuna gehiago mantentzen da, baina hauek partida handiak dira.

Aurretik aipatu dugu harrobia eta fitxaketen oreka hori. Garrantzitsua da oreka hori, baina jomuga izan behar du harrobiak?

Nik uste dut baietz. Egia da aurrerapausoak emateko eta lehiakorra izateko kanpotik ekarri behar dituzula jokalariak; inbertsio hori ere egin behar da. Baina harrobia mantendu egin behar da; urteetan zehar Realeko taldea horregatik mantendu da, harrobiko jendeak atera du taldea. Txikiak direnetik lan egin behar da. Realak talde gehiago ditu orain emakumezkoetan eta uste dut hori funtsezkoa dela hauek Lehen Mailara iristeko eta baldintza onetan iristeko.

Mikel Labaka bigarren entrenatzaileak Tuteran hausnarketa bat egin zuen: helburua irabaztea dela, noski, baina ez edonola; alegia, identitatea, izaera bat, edukita.

Beste talde askok ere miresten dute lehenago aipatu dugun lan hori. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, askotan emaitzari ematen diogu garrantzia, baina nago prozesua garrantzitsuagoa dela, emaitza horiek lortzeko eta identitate hori finkatzeko.

Pronostiko bat PSG-Reala partidarako?

Bana, eta Anoetan erabaki.

Jaurlaritza Logoa