Zuzenean

NAIZ

Salhaketak kartzela eredua salatu du Zaballako azken heriotzaren ondoren

Asteartean Zaballako espetxean hilda agertu zen presoaren heriotzaren arrazoia argitzeke dago, autopsiaren emaitzaren zain. Lakuak «heriotza naturala» aipatu zuen, baina Salhaketak adierazi du «zerbait kimikoaren» ondorio izan litekeela. Presoek espetxeetan bizi duten egoera salatu du.

Audio_placeholder

Salhaketak kartzela eredua salatu du Zaballako azken heriotzaren ondoren

Loading player...
Salhaketak abenduan egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Salhaketak abenduan egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zaballako espetxean gertatutako azken heriotzaren ondoren, presoen eskubideen alde lan egiten duen Salhaketa elkarteak gogor salatu du kartzela barruan bizi den egoera, eta eredu aldaketa eskatu dio Lakuko Gobernuari.

Asteazkenean izan genuen heriotzaren berri, baina, Lakuak jakinarazi zuenez, gorpua astearte goizean aurkitu zuten goizeko zenbaketa egitera zihoazenean. Protokoloak agintzen duen autopsiaren emaitzak jakin gabe, heriotza «kausa naturalengatik» izan zela aurreratu zuen Justizia Sailak. Hala ere, kasu honen inguruan diskrezioa lehenetsi nahi izan zuen, intimitate eskubidea aipatuz.

Salhaketa elkartea kasuaren zuzeneko jarraipena egiten saiatzen ari da, eta NAIZ Irraitiari eskainitako elkarrizketan jakinarazi duenez, hildakoa jatorri euskalduneko 26 urteko gazte bat da. ‘Hordago’ agerkariak zabaldu duenez hildakoa bigarren graduko erregimenean zegoen.

Bestalde, Salhaketako Ander Abaskal kideak zalantzan jarri du Lakuaren bertsioa, eta adierazi du zurrumururak daudela «sendagairen batek edo substantzia toxikoren batek» eragin zuela heriotza. Hala ere, autopsiaren emaitzak oraindik ezagutu behar direla nabarmendu du. Horretaz gain, oraindik ez dute izan aukerarik lagun edo senideekin «elkarrizketa edo informazio truke bat» izateko. «Momentuz ezer gutxi dakigu», onartu du Abaskalek.

Laugarren hildakoa

Lakuako Gobernuak duela bi urte espetxe arloko eskumena bere gain hartu zuenetik, EAEko kartzeletan jazo den laugarren heriotza da honakoa, hirugarren Zaballan. Gainera, zifrak ez direla «guztiz errealak» adierazi du Abaskalek: «Izan ere, jende asko ateratzen da kartzelatik oso gaixo dagoelako, eta hil egiten da hilabete edo aste batzuen buruan. Kasu horiek ez dira ofizialki kartzelako heriotza gisa kontatzen, baina argi dago kartzela barruan dauden baldintzek eragiten dituztela».

«Baditugu hainbat informazio eta kontakizun espetxeetan pairatzen diren egoeren inguruan, eta benetan latzak dira. Presoek jasaten dituzten egoerak, mehatxuak eta zapalkuntzak badute haien egoera psikologiko eta fisikoan eragina, eta beraz, horiek ekidin daitezke», gaineratu du Abaskalek.

Gainera, Salhaketak ez du portaera aldaketarik ikusi Lakuak eskumenak hartu zituenetik. «2023ko heriotzen ondoren, bai ematen zuen ardura bat hartzen ari zela euskal Gobernua, baina, momentuz, gaurko egoeran, ez dugu aldaketarik ikusten», baieztatu du.

Salhaketa espetxeen «abolizionista» dela adierazi arren, «bete beharko luketen funtzioa betetzen ez dutelako», Lakuako Gobernuak egungo egoera hobetzeko jardun dezakeela uste du erakunde horrek.

Ostiral honetan bilera izango dute Salahaketako kideek eta, seguruenik, mobilizazioren bat deituko dutela aurreratu du Abaskalek.

Jaurlaritza Logoa