Zuzenean
1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan polizia frankistak hildako bost langileen memoria ordezkatzen duen elkartea izan da, Martxoak 3 Memorialaren Fundazioaren sorreraren inguruan erakundeen mezurik jaso ez duen eragile bakarra, patronatuko eragileen artean. Prentsaren bidez jakin dute. Egindako akatsa zuzentzetik urrun, erakunde publikoek dena ukatzen dute, Martxoak 3 Elkarteko Nerea Martinezek dioenez, «barkamena eskatu ordez, gezurretan ari dira».
Aipatu patronatua, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta hiriko Gotzaindegiak, Memoria Garak eta Martxoak 3 memoria elkarteak osatzen dute. Komunikazio ofizialik ez dute jaso, nahiz eta Gogora Institutuak ziurtatu mezua helarazi zietela. «begiratu ditut gure postontzi guztiak, pertsonalak eta elkartekoak. Inork eez du ezer jaso. Egin dutena da bidalitakoa birbidali baina hartzaileak ezabatu dituzte. Zertarako? ba hauek ikusgai egongo balira frogatuko litzateke argi eta garbi ez dugula mezu hori jaso», azaldu du Nerea Martinezek. «nola sortuko dugu horrela konfiantzazko harremana?» galdetu du.
Egoerak, «haserre eta harrituta» utzi ditu elkarteko kideak. Baina badira harrigarriak suerta daitezkeen gauza gehiago. Nerea Martinezek jakin baitu, bere hitzartzea iragarri dutela Fundazioaren sorrera eguneko ekitaldirako. Kontua da, egun horretan berak ez duela bertaratzerik, eta horrek agerian uzten du, elkarteko kidearen arabera, ez direla haien harremanetan jarri.