Zuzenean

Bigarren Kafea

MUARE : «Zerbait esentzialagoa egin nahi genuen, intimoagoa»

Pandemiaren testuinguruan abiatu zuten Maddi Gerriko eta Eli Berazak Muare proiektua, lehenagotik elkarrekin arituak baziren ere, zerbait pertsonalagoa sortzea zen helburu, soinu berri nat landuz kantu berriak topatzeko.

Audio_placeholder

MUARE : «Zerbait esentzialagoa egin nahi genuen, intimoagoa»

Loading player...

Sintetizagailu, erritmo kutxa, looper eta antzekoekin saltxan aritu ostean, prozesuak ekarri du lehen uzta. Balio Dute kolektiboaren gerizpean kaleratu berri dute “Muare” lehen diskoa. Gurean izan ditugu gaurkoan Maddi gerriko eta Eli Beraza lana aurkezten. Diskoa kaleratu berri eta duten aldartearen inguruan galdetu diegu.

«Fase bat istea bezala sentitu dugu disko honen kaleratzea, duela urtebete jotzen hasi ginen abestiak dira baina publikatu izana izan da mugarri moduko bat, erdibideko laino batean bezala gaude». Bide berriak ere ireki dizkie lanaren kaleratzeak. «Itxiera bat ikusi eta gero irekiera berri bat ikusten da, orain beste unibertso bat ireki zaigu, baina ez dakigu oso ondo zer den ireki den hori. Hemendik apirila bitarte kontzertuak eman eta gauza berriekin hasteko gogoa ere badaukagu, nahiz zehazki zer ez jakin».

Aspalditik dira lagun eta elkarrekin aritutakoak, baina nola erabaki zuten Muare sortzea Maddi eta Elik? «Talde dinamikatan ibili ostean, zerbait esentzialagoa egin nahi nuen nik pertsonalki, zerbait intimoagoa, taldean beti iritzi bat gehiago zara eta gogoa hor nuen» aipatu du Maddik. «Nik banuen gogoa dinamika batzuetatik ateratzekoa ere, baina biko bat osatzeko ideaia ez genuen buruan. Behin aterki baten azpian hizketan bueltatu ginen etxera eta hortik atera zen idea, zerbait egingo degu? Ba benga, bai» gehitu du Elik.

Elkarren gaitasunei buruz galdetu diegu, batak besteari zein ezaugarri ikusten dizkion. «Oso gorputzetik ateratako musika egiten du Maddik, inspirazioa handiko musika sortzea eragiten du horrek, erraietako melodiak, zentzu horretan oso inspiragarria da niretzako». Bueltan etorri da Maddiren erantzuna. «Elik magia egiten duela sentitzen dut. Jakintza handia dauka musikan, teklatuarekin zein harmoniekin gaitasun berezia, eta profesionaltasun puntu bat eman dio horrek taldeari. Gainera esaldi sinpleetatik izugarrizko poesia atera du, eta hori deskubrimentu eder bat izan da».

Erronka izan da Muaretarrentzat soinuaren bilaketan “katxarroak” probatu eta gauzak egiteko modua topatzea. «Gure jakintza oinarrizkoa zen, oraindik ere hala da, baina asko ikasi degu , asko proba eta akats bidez lortu degu, soinu hau nahi degu, bnola egingo degu? Tutorial asko ikusi ditugu».

Lehen diskoa kalean eta kontzertuak bidean, horixe da aurrean duten berehalako errealitatea. Galdera asko geratu zaizkigu galdetzeke baina azken aipamena merezi izan du Balio Dute kolektiboak eta honek eman bidean eman dien babesak. «Bakarrekin ezin da, lagunekin hobeto, prozesu guztian zehar eskertu degun babesa da, gerizpean baino, argitan egoteko, baina denak elkarrekin.

Jaurlaritza Logoa