Zuzenean

Tradizioa hauspotuz

20 urte beteko ditu 2024an Korrontzik.  Musika tradizionalari iraunkortasuna emateko haize berriak ekarri zituen talde bizkaitarrak eta horretan dirau.

Audio_placeholder

Tradizioa hauspotuz

Loading player...
Agus Barandiaran eta bere trikia.
Agus Barandiaran eta bere trikia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bi hamarkada igaro dira Agus Barandiaranek Korrontzi proiektua abiarazi zuenetik. Modu xaloan abiatu ere, pretentsio handirik gabe: aurretikoengandik jasotako musika tradizionalari jarraipena ematea zen asmoa. Baina tradizioa bera zentzu dinamikoan ulertuz, kontzeptu bizi gisa, eta bizirik dagoenak biziraun dezan arnasa hartu behar du, eta arnasa hartzeko haize berria behar.

Horretan aritu da taldea etengabeko lanean urte hauetan guztietan, hauspo txikiari haize berriak ekarriz,   euskal folk-musikarentzat oxigeno baloia izan den doinuerarekin. 20 urte, 12 disko eta nekez zenbakitu daitezkeen milaka plazaren ostean, jardun horretan jarraitzen du taldeak aurrera begira jarrita.

Efemeride borobilak baina, iraganera begiratzeko abagunea ere ekarri du berekin, eta atzerabegiratu hori disko-liburu batean gorpuztu du Korrontzik: ‘Korrontzi 20’. Disko bikoitza alde batetik, bertan taldearen diskografiako 20 abesti moldaera berrian eta 3 abesti berri, urte hauetan guztietan plazetan lagun izan dituzten hainbat adiskideren kolaborazioekin. Liburuan berriz urte hauetan guztietan bildutako argazki, kartel edota artikuluak ikus ditzakegu.

Paraleloan izan dugu Agus Barandiaran, 20 urte hauen errepasoa egin eta bide batez diskoan jasotako kantuen xehetasunak azalduz.

Jaurlaritza Logoa