Zuzenean

Peli Lekuona
Elkarrizketa
Haritz Alberdi
Udalbiltzako lehendakaria

«Instituzioen logika XX. mendekoa da: bidea egin baino gehiago, bidea urratu egin behar da»

Udalbiltzak 25 urte bete ditu, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publiko nazionala da. Alberdik esan du egungo egitasmoak aurrera ateratzeko logika berriekin funtzionatu behar dela; gobernantza publiko komunitarioa aipatu du.

Audio_placeholder

«Instituzioen logika XX. mendekoa da: bidea egin baino gehiago, bidea urratu egin behar da»

Loading player...
Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Getariako alkatea Naiz Irratiko Donostiako erredakzioan.
Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Getariako alkatea Naiz Irratiko Donostiako erredakzioan. (Naiz Irratia)

25.urteurrena oroitaraziz hurrengo lau urteetarako ardatz nagusiak zehaztu zenituzten iragan den larunbatean, zeintzuk izango dira?

Kontseilu Nagusia egin genuen larunbatean, hori da Udalbiltzako organo gorena, bertan biltzen dira Udalbiltza Partzuergoko udaletxeetako ordezkariak; herrien inkorporazioa kontseilu horrek onartu behar du. Batzar Orokor Nagusia ere egin genuen larunbatean, aurten 25 urte beteko dituelako sortu zenetik.

25 urte horien errepasoa eta aitortza egin nahi izan genuen batetik, eta bestetik, aurrera begirako nolakotasunak adierazi. Burujabetzetan zentratuko gara, herrietan jada martxan dauden proiektu eraldatzeile eta berritzaile horien sustapena egingo du Udalbiltzak berak bere baitan duen helburua lortzeko: Euskal Herria burujabetzara eramateko nazio eraikuntzari ekarpen bat egiten jarraituko dio Udalbiltzak datozen urteetan ere.

Udalbiltzak 84 kide ditu; Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalak batu dira berriki. Herriek zergatik sentitzen dute Udalbiltzaren parte izateko beharra?

Badago Udalbiltzarekiko atxikimendu bat;  herri honekiko konpromisoa dutenek beti izan dute Udalbiltzarekiko atxikimendu hori eta bereziki ikusten dute Udalbiltzak herri honi ekarpen bat egiten jarraitzen duela. Nazio eraikuntzarako ezinbesteko tresna delako.

Sei herri horiez gain, Bergarako alkateak batzar orokorrean esan zuen Bergarak ere Udalbiltzara sartzeko urratsak emango dituela, eta gaur bertan jakin dugu Lesakak ere Udalbiltzan sartzeko erabakia hartu duela. Beraz zazpi ofizialki sartu ziren, beste bi bidean daude eta badaude herriak esan digutenak Udalbiltzara sartuko direla datozen aste eta hilabeteetan.

Trukean, Udalbiltzak herri hauei zer ematen die?

Lan ildoak zehaztu genituen eta logika berrietara inkorporatuz egungo helburuekin lotu dira. Eta helburu horiek zerbitzura dago Udalbiltza. Batetik egongo litzateke aholkularitza zerbitzua eskaintzearena, aholkularitza sektoriala deitzen dioguna, kontutan hartu behar da XXI.mendean bizi garela eta gure instituzioen logika XX.mendeko logika dela, eta beraz, hainbat egitasmo berritzaile ateratzeko logika berriekin funtzionatu behar dela; bidea egin baino gehiago bidea urratu egin behar da eta horretarako, inteligentzia ezberdin guztiak beharrezkoak izango dira.

Udalbiltzak hor aholkularitza bat eskainiko du, formazioa eskainiko du jada jendartean barneratuta dagoen gobernantza eredu horien inguruan. Jada ez da parte hartzeaz soilik hitz egiten gure gizartean, gobernantza publiko komunitarioataz ere hitz egiten da, antolaketa eredu berriez…

Bestalde, herrietan garatzen ari garen proiektu eraldatzaile horien eskalatzea egingo dugu; hau da, nola eramaten ditugu proiektu horiek herrietatik beste maila batera, Euskal Herri mailara. Azken urteetan probatu da, laborategi modura, horretik sortu da adibidez Geuretik Sortuak egitasmoa, edota EHKOM, Euskal Herriko teleoperadorea.

 

Udalbiltzak aholkularitza bat eskainiko du jada jendartean barneratuta dagoen gobernantza eredu horien inguruan


Zuk zeuk alkate bezala, sumatzen duzu egunerokoan pausu bat aurrerago joan behar dela?

Herrian energia komunitatea osatu genuen, kooperatiba bat osatu behar zen eta udalak parte hartu behar zuen, eta hor aurkitu genuen lehen oztopoa edo, nola egiten dugu gaur egungo ordenamendu juridikoa kontutan hartuta udalak ere horrelako kooperatibetan parte hartzea? Horrelako adibide ezberdinak daude han eta hemen. Administratiboki udalek edo administrazioak badute bide bat urratu beharra, ez da erraza, eta hor ahalik eta ekarpen eta inteligentzia gehien beharko da, eta Udalbiltzak hor eskua botako du. Udalbiltzak badu urte guzti hauetan eraiki duen sare oso bat eremu ezberdinetan aditua dena, sare hori baliatu behar dugu.

Udalbiltza Lizarra-Garaziren babesean sortu zen, nola oroitzen duzu garaia?

90.urteko hamarkadan egoera politikoa intentsoa zen. Nik ilusio handiarekin gogoratzen dut, eta uste dut herri honek Lizarra-Garazi edota Udalbiltza, ilusio handiz bizi izan zituela.

 

Udalbiltza zerbait irekia da, udal hautetsi guztiak atxikitu daitezken erakunde publiko nazionala


Udalbiltzako kideak izan ziren EAJko hautetsi eta alkateak, gaur egun berriro jeltzaleak Udalbiltzara batzeko aukera zein puntutan dago?

Egoera politikoa aldatu zen, banaketa egon zen, harrez gero atxiloketak, egoitzen itxierak...  eman ziren eta Udalbiltzak jakin izan du hausnarketa ezberdinak burutzen eta garaian garaiko beharretara egokitzen. 2017an barne prozesu zabal bat egin zuen, gerora ere hausnarketak egin ditu eta gaur egunera arte iritsi gara. Udalbiltza zerbait irekia da, udal guztiei irekia dagoen partzuergo publiko bat da, udal hautetsi guztiak atxikitu daitezken erakunde publiko nazionala, eta gainera uste dut gaur egungo logiketan funtzionatzen duela.

Garaiko ekimen klasikoetako bat da ENA. Egun berrabiarazteko asmorik badago?

Hausnarketa ezberdinen baitan, badakigu ENAk pisu handia izan zuela bere garaian, gaur da eguna oraindik ere deitzen digutena esanez nahi dutela ENA berriro ere eskuetan eduki. Guk, ordea, pixka bat burujabetza sinbolikoekin lotzen dugu eta Udalbiltzak egin duen hausnarketetan behin eta berriro aipatzen ari garena da burujabetza materialetan zentratuko garela, beraz bestelako egitasmoetan ipini ditugu lehentasunak.

Burujabetza material horri lotuta, zeintzuk liratezke pausuak?

Lehentasunen artean dago energiaren inguruko egitasmoak bultzatzea, eta lehen aipatu bezala herrietan egiten ari den hori eskalatzea. Bigarren lehentasun nagusia euskara eta kulturarekin zer ikusia daukan egitasmoari beste buelta bat ematea da. Hau da, Geuretik Sortuak egitasmoak bigarren edizioa du martxan momentu honetan, egitasmo nazionala da, jada zirkuitu nazionala martxan ipini da, hirugarren egitasmoari begira ere jarri gara eta egitasmo hori indartzen ari gara.

Bestelako lanketak ere egin nahi ditugu, Hernanin Burujabetza jardunaldiak egin zirenean, Hernaniko Udalarekin batera antolatu zituen Udalbiltzak eta hiru foro antolatu zituen: hezkuntzarekin, zaintzarekin eta elikadurarekin zer ikusia zutenak. Eta beraz, horiei lotutako lanketak ere egingo dira.

Jaurlaritza Logoa