Zuzenean

Elkarrizketa
Eider Gotxi
Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

«Legea bere horretara itzultzen bada, Guggenheim Urdaibai proiektua ez da bideragarria izango»

Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak bi urteko hausnarketa zabaldu du Guggenheim museoa Urdaibain hedatzeko planarentzako. Proiektuaren aurkako herritarren plataformaren iritziz «ez da nahikoa», eta egitasmoa bertan behera uztea eskatu dute. Diru publikoa xahutzen ari dela eta legez kontrakoa dela diote.

Audio_placeholder

«Legea bere horretara itzultzen bada, Guggenheim Urdaibai proiektua ez da bideragarria izango»

Loading player...
Eider Gotxi, Guggenheim Urdaibai Stop-eko kidea.
Eider Gotxi, Guggenheim Urdaibai Stop-eko kidea. (Aritz Loiola | Foku)

Nola baloratzen duzue bi urteko epe hau?

Guretzat ez da nahikoa etenaldia, exijitzen duguna da proiektu hau behingoz bertan behera gelditzea, betiko.

Legez kanpoko proiektua dela aipatu duzue. Horrek zerikusia izan dezake etenaldiarekin?

Guk ez dakigu zerekin izan dezakeen harremana, baina argi dago proiektu hau gauzatzeko araudiak aldatzen ari direla. Diru publikoa xahutzen ari dira helburu hori betetzeko. Muruetako HAPOaren berrikuntza ikusi dugu; horrez gain, Kosta Legeari aldaketa bat egin zaio, murrizketa bat: 100 metrotatik 20 metrotarako jabaritza zerbitzua murriztuz. Azkenen finean, aldaketa horiek guztiak egin behar badira, horrek esan nahi du indarrean dagoen legeak ez duela proiektua onartzen. Hasieratik esan dugu proiektua ez dela bideragarria.

 «Eskutitzak bidali dizkiogu baita ere Guggenheim Fundazioari, New Yorkera ere bai. Etengabe esan digute ez genekiela entzuten, ez genuela entzuten zer egin nahi zuten»

Aukerarik izan al duzue mezu hori Bilboko Guggenheimeko zuzendaritzari helarazteko?

Guk gure mezu guztiak publiko egin ditugu. Eskutitzak bidali dizkiogu baita ere Guggenheim Fundazioari, New Yorkera ere bai. Etengabe esan digute proiektuaren inguruko informazioa emana zegoela. Ez genekiela entzuten, ez genuela entzuten zer egin nahi zuten... Guk hasieratik oso ondo ulertu dugu informazio guztia ezkutatu egin dutela. Atzoko (Iñigo) Urkulluren hitzak harrigarriak izan ziren. Proiektu horien inguruko posizio bat ezin zela erraz hartu zioen, proiektua ez zuelako ezagutzen eta egingo zen kudeaketa ere ez. Orain zer esan behar digute gezurti deitu gaituztenek?  

Helegitea jarri diozue Kostako Legearen Astilleros Muruetako babesa 100 metrotik 20ra murrizteko arauari. Zer dakar horrek?

Helegitea ostiralean jarri genuen. Gure helburua da Kosta Lege hori bere jatorrira itzultzea. Ingurune horretan babesa 100 metrokoa izan behar da. Eta hori horrela izatera itzultzen bada, eremu horretan ez da museo bat sartzen. Hori baita egin duten lehenengo araudiaren moldaketa. Bere tokira bueltatu behar da, horrek eragozten duelako museo bat bertan kokatzea.

Eta lurzoruaren kalifikazioari buruz zer alegatu duzue?

Une honetan eremu horrek duen kalifikazioa industriala da. Bost urte darama ontziola batek kontzesiorik gabe bertan lanean, 2018an iraungi zelako. Bertan duen aktibitateari esker lurren kalifikazioa industriala da. Museo bat kokatzeko kalifikazioa aldatu behar da eta ipini behar zaiona ekipazionala da. Urrats hori emateko HAPO berri bat aurkeztu dute Muruetako herrirako. Urrian egin dute. Gauza horiek guztiak jakin behar dituzte herritarrek, gure diruarekin zer egiten ari diren alegia.

«Ospitale bat dugu hirugarren solairua hutsik duena, ur hornidura eskasa dugu, garraio publikoa ere bai, saneamendua amaitu gabe...»

PADAS garapen egitaraua berreskuratzea proposatu duzue. Zer da hori?

1998an egindako plan sozioekonomiko bat da eta hainbat puntu landu zituen bere garaian. Eusko Jaurlaritzak aho batez onartu zuen baina ordutik hona ez da inolako aurrera urratsik eman, ez da inbertsiorik egin. Eskualdearen beharrak plan horretan daude; ospitale bat dugu hirugarren solairua hutsik duena, ur hornidura eskasa dugu, garraio publikoa ere bai, saneamendua amaitu gabe... Benetako beharrizan horiei guztiei erantzuna emateko plan hori dugu. Plan hori da aurrera eraman behar dena; eguneratu eta aurrera eraman dezatela. Ez da zertan burutapenik egin behar eskualde bat berpizteko; eskualdearen beharrak zeintzuk diren jakin behar da. Ezin da gaixo bat osatu diagnostiko bat egin gabe. Eta kasu honetan hori egin dute: gaixoa ebakuntza-gelan sartu dute, bere diagnosia zein den jakin gabe.

Bi urteko etenaldia aurreikusita, zein izango da plataformaren jarduna aurrerantzean?

Plataformak bidea zehaztua du eta gure borrokarekin jarraituko dugu. Haiek ez dira geldi egongo, orain arte ere herritarren lepo egin dute lan guztia. Eta ez dugu zalantzarik urte bi hauetan jarraituko dutela proiektu hau bideragarria izan dadin aldatu beharreko arau guztiak aldatzen. Aldundiak esan zuen bere garaian administrazioa sastraka-kentze lan garrantzitsua egiten ari zela; bada, horretan jarraituko dute. Eta guk gurearekin jarraituko dugu. Epaitegietako borroka hasi besterik ez da egin, luzea izango da. Bi urte hauetan haiek egin beharko luketena da hain justu urte hauetan egin ez dutena: naturari zor diotena itzuli eta bakoitzak dituen ardurak bete.

Jaurlaritza Logoa