Zuzenean

NAIZ irratia
Elkarrizketa
Fernando Anbustegi
Baztango alkatea

«Nafarroako Gobernuak Baztango Udala eta baztandar guztiak azpiratu ditu»

Nafarroako Gobernuak Erdizko magnesita meatzerako plana onartu du. Baztango alkate Fernando Anbustegik gogor kritikatu du exekutiboaren jarrera eta zehaztu du prentsaren bitartez izan dutela haien erabakiaren berri. 'Baztango lurrak eta baztandarrak defendatzeko' lanean jarraituko dutela dio.

Audio_placeholder

«Nafarroako Gobernuak Baztango Udala eta baztandar guztiak azpiratu ditu»

Loading player...
Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Laura Aznalekin batera
Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Laura Aznalekin batera (EH Bildu)

Nola jakin duzue Erdizko meatzearen plan sektoriala onartu dela? Exekutiboak erabakiaren berri eman dizu?

Prentsa bidez eta ezustean jaso genuen albistea. Egia da aspalditik bagenekiela eskaera bat zegoela eta ebazpenaren zain ginen. Ikusita Nafarroako Gobernuak Magnesitas Navarrasekin daraman ibilbidea, espero genuen edozein egunez iristea. Ez genuen zalantzan jartzen Gobernuak erabaki hori hartuko zuenik.

Aukera izan duzu kontseilariarekin hitz egiteko?

Kontseilari batekin egun berean izan nuen aukera hitz egiteko. Aste batzuk lehenago bildu ginen, berak ere esna zigun eskaerak bere bidea jarraituko zuela. San Anton egunean Mikel Irujo kontseilariarekin izan nintzen. Egun handia da hemen Baztanen, ospakizunerako erabiltzen dena. Gainera, pentsa, etxeko animalien zaindaria da San Anton. Irujo kontseilaria Elizondora hurbildu zen beste afera batengatik eta esan nion: «egun ederra aprobetxatu duzu hona etortzeko halako albiste bat besapean ekarrita». Hark esan zidan hitzartutako afera zela eta nik baietz erantzun nion, argi zegoela, hori haiek hitzartutako zela.

Aurrerantzean zer egin dezake Baztango Udalak?

Borrokatu. Zer egin dezakeen baino, afera da zer egin behar duen nahitanahiez. Kasu honetan ni, alkate bezala eta Batzar Nagusiko lehendakari bezala, baztandarren ordezkari bezala, uste dut behartuta nagoela baztandarrak eta Baztango lurrak defendatzera. Arduraz eta erantzukizunez jokatuko dugu ahalik eta gehiena eginez Erdizko eta Baztango komunal guztiak defendatzeko. Erdizen, Baztango herri-lur handi eta onenean 430 abeltzainek eraman dituzte 2023an beren aziendak bazkatzera. Eta mendez mende milaka izan dira bazkaleku horiek baliatu dutenak. Horiei esker dugu egun dugun paisaia, natura altxorra.

Beste batzuk beste altxor bat nahi dute eta hura bereganatu nahi dute gu kenduz. Eta zer eta 25 urterako 39 lanposturengatik. Niri oso kutrea eta lotsagarri iruditzen zait 39 lanpostuz hitz egitea. Zer pasako da hemendik 25 urtera? Lanpostu horiek galduko dira? Eta bitartean zer pasako da Erdizen urtero abereak bazkatzera eramaten dituzten abeltzainekin? Lanik gabe geldituko dira. 430 familiari buruz  ari gara, baina baita ingurune natural handi eta preziatu bati buruz ere. Lotsagarria iruditzen zait nola tratatzen gaituzten baztandarrak lur-eremu batzuk ebatsi eta multinazional bati emateko. Zeren trukean? Hori beste batzuk erantzun beharko dute.

Kontingentzia planik edo proposamenik badago exekutiboaren partetik?

Guk ez dugu haiengandik albisterik jaso, ez dugu hartu-emanik izan gai honen inguruan. Ekainean udaletxean hasi ginenetik hona behintzat. Lehenago izan ote den ez dakit, guk behintzat ez.

Gaur egun Erdiz eremuak babesik al du?

Teorian bai. Ikusi beharko da zer gertatzen den; izan ere, Nafar Gobernuak bere bidea hartu du. Jakina da babestutako eremua dela, jakina da Zilbetin ere zer gertatu zen. Hor aurrekari bat dago eta horrek, bederen, itxaropena ematen digu. Baina ikusita Magnesitas Navarras Nafarroako eta oro har Euskal Herriko enpresa kutsatzaileetako bat dela... Ongi, hobeki, utziko dutela diote, baina hori ezin da sinetsi. Aurpegira barre egiten ari zaizkigu eta gainera gure etxean, gu kontuan hartu gabe.

Hau ez da atzoko kontua. 20 urte baino gehiago dira Magnesitas Navarras Baztanera etorri zela bere altxorraren bila, gure altxorraren truke. Duela 15 urte baztandarrek argi erakutsi zuten zer nahi zuen herriak; eta horri esker proiektua gibelatu zen 2018an. 15 urte eman dituzte estrategia osoa prestatzen, Nafarroako Gobernuaren eskutik. Eta hori oso larria da; erakunde publiko batek beste erakunde publiko bat azpiratzea.

Baztango Udalak eta Baztango Batzar Nagusiak mendez mende herri-lurrak kudeatu ditu. 1441eko epai bat dago hemen udaletxean. Orduan Nafarroako erregearen aurka egin zuten baztandarrek eta epaitegiek arrazoia eman zieten haien lurren eta subirautzaren inguruan. Eta 2023an Nafarroako Gobernuak zer egiten du? Baztango Udala,  Baztango Batzar Nagusia eta baztandar guztiak azpiratu, funts putreen pare etxegabetze bat egin eta multinazional bati bere altxorraren bila joka dezan lurra eman. Hori oso larria da.

Jaurlaritza Logoa