Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Retro kontsola eramangarrien munduan sartu gara Miyoo Mini Plus-arekin

Aspaldiko jokoak maite dituztenen artean arrakasta lortzen dabiltza gailuok. Xbox-en etorkizunari begira jarri gara.

Audio_placeholder

Retro kontsola eramangarrien munduan sartu gara Miyoo Mini Plus-arekin

Loading player...

Retro jokoen zaleen artean geroz eta arrakastatsuagoak dira emulatzaileak biltzen dituzten kontsola eramangarri “faltsuak”. Merkatuak hauez gainezka egin du azken urteotan; egia esan, interesatuta egonez gero, benetan zaila da gure beharretara egokitzen den kontsola eramangarri aproposa aurkitzea.

Retroid Pocket, Anbernic RG35XX, R36S… ikaragarria da merkatu honetan emandako hazkundea. Azken irratsaioan eskaintza zabal honetan aurki dezakegun gailurik interesgarrienetakoa eta arrakastatsuenetakoa ekarri dugu: Miyoo-ren Mini Plus kontsola.

Eramangarri honek eskain dezakeena ezagutzeari ekin diogu horrela. NES, SNES, Game Boy zein Advance, PlayStation eta beste hainbat kontsoletako jokoetan aritzea ahalbidetzen duen gailu txikia dugu, hainbat berezitasunekin.

Albistegian Xbox Developer_Direct aurkezpenari buruz hitz egin dugu. Microsoft-en bideojokoen atalaren etorkizuna ezagutzera emateko balio duen ekimena izango da: bertan Indiana Jones arkeologoaren joko berria, Hellblade II, Ara: History Untold edo Avowed bezalako lan interesgarriak egongo dira.

Euskarazko joko berria jaso dugu! Jurassic World Evolution 2 interesgarria lokalizatu du Errefau bideojokozaleak: dinosauroen parkeak eraikitzen eta kudeatzen ariko gara gure hizkuntzan.

Bukatzeko, industriaren gaurkotasunean sakondu dugu azken berritasunekin. Nintendo-k Golden Sun originalak eramango ditu Switch kontsolara; Vampire Survivors dibertigarria PlayStation-en ikusiko dugu ziurrenik; Games Done Quick 2024 ekimeneko speedrun ikaragarriak ezagutu ditugu; bukatzeko, pertsona bakarrak sortutako Lethal Company abentura kooperatiboaren salmenta zifra harrigarrien inguruan hausnartu dugu.

Jaurlaritza Logoa