Zuzenean

«Arrakastaren gakoetako bat pertseberantzia izan da»

En Tol Sarmientok 20 urte beteko ditu 2025ean. Urteurrena borobiltzeko  BEC-en kontzertu erraldoi bat ematea erabaki  zuen taldeak, baina  bakarra izan behar zuena hiru emanalditara luzatu behar izan dute publikoaren demasako erantzuna dela eta. Iñigo Etxezarretak egin digu 20 urte hauen kronika.

Audio_placeholder

«Arrakastaren gakoetako bat pertseberantzia izan da»

Loading player...
Iñigo Etxezarreta
Iñigo Etxezarreta (Mario Lezaun)

Begirada ilargian jarrita hasi zen bide bat, begiak ilargira begira. Hankak  lurrari sendo lotuta, bizi den lurrean oinatzak marraztuz. Soa ilargian, pauso sendoz, eta bihotza atez ate zabalduta... bidea bide, bidegurutze  bakoitzean aukera berriak zeharkatuz. En Tol sarmiento taldeko abeslari eta konposatzaileak, Iñigo Etxezarretak, taldearen 20 urteko ibilbidea marraztu digu.

Duela ia 20 urte hasi zuen En Tol Sarmiento taldeak bere ibilbide, hiru gaztetxo zineten orduan, hiru gaztetxo ilargira begira...Oraindik ere ilargiari begira jarraitzen duzuen, edo pasa den guztia eta gero, lortu duzuen guztia eta gero ilargia atzamarren puntaz bada ere ukitu duzue?

Ilargiarena taldea sortu eta zazpi bat urtera etorri zen... 2004an elkartu ginen lehenengoz, entsegu baterako, ez ginen gai izan kantu bakar bat ere jotzeko, hortaz urte beteren buruan elkartzekotan geratu ginen. Urte beteko epea eman genion gure buruari, bakoitzak bere instrumentuan hobetu zezan. 2005ean elkartu ginen  berriz ere eta hasi ginen entsegatzen, urte horretan kontzertu bakarra eman genuean. ‘Haciala luna’ diskoa 2012an etorri zen, baina lehenengo zazpi urteak, ez dut esango gogorrak izan zirenik, inolaz ere, zeren nahikoa genuen aldameneko herriko taberna batean hogei lagunen aurrean jotzearekin, oso ondo pasatzen genuen. Baina zaila ere bazen, dena guk muntatu eta desmuntatu behar izaten genuen, batzuetan oso jende gutxi etortzen zen... eta horrelakoak ere pasa izan ditugu. Baina gazteak ginen, eta musika bazen guretzat aitzakia bat inguruko herriak ezagutu eta parrandatxo batzuk botatzeko. 2012 an aldatu ziren pixka bat gauzak, nik neuk argi nuen diskoak ez bazuen funtzionatzen taldea utziko nuela. Ni neu energia asko sartzen hasi nintzen taldeari, musikari, eta diskoak funtzionatu zuen ‘Musikaren doinuak’ kantuak batik bat, eta hortik beste pausu guztiak etorri dira.

Esaten da ametsak ere egin egiten direla, ETSren ibilbidea bada horren erakusgarri?


Bai nik garbi daukat arrakastaren gakoetako bat pertseberantzia izan dela, eta hor jarraitzea eta jarraitzea eta diziplinatua izatea. Urteen poderioz lortu ditugu gure ametsak, baina denbora behar izan dugu. Guztiok ezagutzen ditugu kantu arrakastatsu bakar bateko musika taldeak, baina ez da gure kasua. Adibidez ‘Musikaren doinua-rekin’ gertatu zitzaigun uste genuela dena zorte kontua izan zela, eta ez genuela lortuko berriz ere halako kantu arrakastatsu bat egitea, baina azkenean denborarekin lantzen badituzu kantuak, ikasiz bazoaz eta erabakiak estrategikoki hartzen ikasten baduzu normalean betetzen dira ametsak. Guztiak ez, eta ez da ezer pasatzen. Gure bidean ere badaude lortu ez ditugunak, gaizki egindakoak, baina... hemen gaude.


Arrakasta aipatu duzu, zuri zer esaten dizu hitz horrek?


Ez dakit argi, nahiz eta azken urteetan hori nire buruarekin lantzen ari naizen. Nik barrutik nola ikusten dudan taldea eta kanpotik nola ikusten den desberdina da. Ni batzuetan ez naiz ohartzen zeinen potente dagoen taldea, orokorrean beti joaten naiz plazetara eta kontzertuetara pentsatuz jende gutxiago egongo dela, espektatiba altuegiak jarri gabe, gero  danbatekorik ez hartzeko. Orduan, arrakastaren kontua, ba ez dakit...Nik uste dut nire pasio bat dela, ogibide ere bai, duela bost urtetik honetara dedikatzen naiz erabat, eta egia da kontzertuetan oso energia positiboa sortzen dela eta energia pilula horiek jasotzen ditugu, baina gero astean zehar ordenagailu baten aurrean nago lanean, eta desberdin ikusten eta bizi dut taldea.

Diskoak badira neurri batean taldearen uneko argazki, beraz egin genezake diskoen eta argazki- albumen arteko alderaketa. Argazki albumak ikusterakoan, sentimendu kontraesankorrak bizi ditzakegu, batzuetan nostalgiaz begiratzen ditugu, beste batzuetan erdi-lotsaz...Batzuetan bat ikusten da argazki horietan, eta esaten duzu bera izaten jarraitzen dut, esentzia mantentzen dut, beste batzuetan bat ez da inolaz ere ikusten eta diozu, «ni ez naiz hori!». Nola begiratzen dituzu zuk ETS-ren lehenengo diskoak?


Uste dut bigarren talde horretakoak garela. Gaur egun iraganera begiratzean, harro gaude egindakoaz, baina ez gara batere ikusten musika horretan. Nik uste dut azken urteetan asko ikasi dugula. Nik orain 35 urte ditut, eta musikarekiko beste ikuspegi bat daukat, beste ikuspegi kritiko bat, beste heldutasun puntu bat. 2018. urtea mugarria izan zen, nik argi ikusi nuen norabidez aldatu behar genuela jarraitzekotan. Inflexio puntu bat izan zen, eta ondorengo lanetan hori nabarmentzen delakoan nago. Errazagoa izango zen, dena bertan behera utzi eta proiektu berri batekin hutsetik hastea, motxila hori ez eramateko. Baina gure kasuan bigarren aukeraren alde egin genuen, bigarren bide hori hartu genuen. Nik lana utzi nuen eta erabat honetara jarri nintzen, taldearen funtzionamenduan ere aldaketak egin genituen horretarako. Gaur egun, hastapenetako kantu horiek hor daude, eta jo ere jo behar dira kontzertuetan, Spotifyko entzunenetan daudenak, jo behar dira esate batera, eta jotzen ditugu baina aktualizatu, eguneratu, moldatu egin ditugu, ekoizpen berri bat eman...jendeak beharbada ez du horrenbeste antzematen baina gu gaur egun garenarekin konektatuago daude horrela kantu hauek.

Eta abestiak egiterako garaian, asko aldatu da zuen egiteko modua ere?


Bai, erabat. Lehen joaten ginen lokalera, nik ideia bat eramaten nuen eta  guztion artean egiten genuen ekoizpena, instrumentazioa eta hori guztia. Nik melodia printzipalak eramaten nituen eta horren gainean guztiok joaten ginen eraikitzen eta hori kaos bat zen, jende asko ginelako eta denok adostasun batera iristea nekeza zelako. Hor ohartu nintzen konposatzaile izatea eta musikari izatea bi gauza ezberdin direla. Ni esate batera uste dut sortzaile ona naizela baina ez musikari bereziki trebea, ez gitarrarekin eta ahotsarekin ere izan ditut nire gorabeherak.  Baina uste dut sortzaile bezala badaukadala zer kontatu musikan. Beraz, hortik  aurrera erabaki genuen kantuak nik egitea eta gero zuzenean ekoizleari aurkeztea eta bion artean osatuz joatea. Niri horrek lasaitasun handia eman dit, ze nik gaizki pasatzen dut jendeari ezezkoak ematerakoan. Egun askatasun osoa daukat kantuak egiterakoan eta hori nabarmentzen da.  Gaur egun abestiak grabatzen dira entseatu aurretik, batzuetan bateria organikoak badaude esate batera bai, baina bestelakoan musikariak ez dira estudiotik pasa ere egiten ta ia dena ordenagailuz denez, gero entseatzen dugu zuzenekoetarako. Niri horrek lasaitasuna ekarri dit eta baita proiektua inoiz baino nireago sentitzea ere. Orain  askatasun osoa daukat sortzaile bezala islatzeko dakidan guztia.

2022 an argitaratu zenuten ‘Guretzat’ diskoa, oraingoz azkena, taldearen heldutasun puntu horren erakusle da lana?


Nik uste dut baietz. Lehen oso kantu azkarrak egiten genituen, jeitxi dugu kantuen tempoa erdiraino. Ohartu naiz, sarritan kantu bati zerbait falta zaionean erritmoa bizitzeko joera daukagula, edo tonuz igo. Eta nire ustez hori ez da beharrezkoa, aitzitik, kantuak motelago egitean espazio gehiago dago soinu hobea topatzeko, instrumentazioak bere lekua aurkitzeko... Gure azken lanaz oso harro gaude egia esan, azken bi lanak dira jendeak ere gehien entzuten dituenak. Aldaketa handia eta arriskatua izan zen, batik bat Euskal Herrian aurreiritzi asko daudelako, reagetoiaren inguruan eta abar, baina badirudi hautsi direla. Nik diskoa amaitzean esan nuen «ze ongi gure burua ikustea beste doinu batzuetan ere jotzen». Horrek ere harro egoteko arrazoi bat eman digu. 15 urte generamatzan estilo bereko musika egiten, neurri batean, baita ezjakintasunagatik ere, azken urteetako esperientziari esker, eta ekoizleekin egindako lanarekin, nik bai sentitzen dudala edozein musika estilotan jarduteko gaitasuna dugula eta horrek asko pozten nau. Ez da kasualitatea ere, inflexio puntuaren ondorengo diskoaren izena ‘Aukera berriak’ izatea. Diskoari izena ematen dion kantuak azaltzen du hartutako bide berria. Guri gustatzen zaigu, diskoari kantu batek ematea izena, eta beraz disko guztietan bada kantu bat disko horren esanahi osoa borobiltzen duena.

Nabari da norabide zehatz bat eman nahi izan diozuela taldearen ibilbideari, norabide hori, zeren baitan marraztu duzue?


Hor gertatu dena da ETS asko lotu izan dela herriko jaiekin, eta pixka bat gogorra izatearren nire buruarekin, «Música pachanguera y kalimotxera»-rekin...

Tira kalimotxoek eta parrandak, buruko min batzuk bai, baina poz asko ere ekarri dute herri honetara!

Bai, bai, baina abesti horiekin ETS geratzen zen mugatuta adin tarte batera. Eta zuk adin tarte hori gainditzen duzuenean, ba zure buruari galdetzen diozu ez ote zaren gai izango zure adinekoengana iristeko. Erabakia garbia izan zen, haize -instrumentuen presentzia jeitxi, tempoak moteldu, estilo berriak jorratzea, ekoizpenak zainduz, elektronika gehiago sartuz, organikoa eta elektronikaren arteko balantza topatuz.
Aldaketak aldaketa ordea, ETSren melodiak nahikoa identifikatiboak dira, eta azken diskoetako kantuetan ere entzuleak taldearen esentzia topatzen du.

Doinuetan etorri da aldaketa, baina hitzei dagokienez ere bai?

Bai zalantzarik gabe, emozioei leku gehiago egiten diet orain. Duela 20 urte anaia galdu nuen eta balada bat idatzi nion, asko kosta zitzaidan, eta nire buruari galdetzen nion, zer esango ote zuen jendeak ETS- ek balada bat egiteari buruz. Geroztik disko askotan joan da balada bat.
Duela urte batzuetan gure letrak oso esplizituak ziren. Baita beharbada Euskal Herriko musika- zirkulu horretan lantzen ziren gaiak oso esplizituak zirelako. Mezu argiak ziren, oso politikoak, eta inertziari jarraika hor sartu ginen gu ere asko pentsatu gabe zeintzuk ziren gure baloreak, misioa... Azken diskoetan aldaketa etorri da, kantuak askoz intimoagoak dira eta baita ulergarriagoak ere.
Oso garrantzitsua da ere, emozioak ongi identifikatzea, kantu batekin zer esan nahi duzun baino zer eragin nahi duzun argi izatea.

20urte beteko ditu taldeak, asko izan daiteke baina azkar ere pasatzen da batzuetan denbora...


Bai, hain zuzen ere orain 20. urteurrena dela eta kontzertu bereziak prestatzen ari gara, pixka bat kasualitatez. Gu bira amaierako emanaldiak antolatu nahian ari ginen eta bat-batean jabetu ginen 20 urte egitera gindoazela. Guk geuk ere ezin sinetsi, ia ohartu gabe, igaro dira.  Aurreko batean ohartu nintzen jada denbora gehiago daramadala taldearekin nire bizitzan taldea gabe baino!

Izaten dira ordea, tarte batzuk minutuak motelago doazenak... halako garaiak ere izango ziren...

Noski, gogoan dut esate batera lehenengo diskoa atera aurretik garai hartako gure   bateria-jotzaileak esan zuela taldea uzten zuela ez genuelako ezer egiten, ez ginelako motibatuak... tronpeta-jotzailerik ez genuen eta hilabete batzuetan geldirik egon ginen. Helbururik gabe ginen ez genekien taldearekin zer egin oso ongi. Gero beste tarte bat ere izan zen ni Frantziara ikastera joan nintzenekoa eta taldea geldirik egon zenekoa... bai une zailak ere izan dira, baina tira, hemen gaude!

Eta horrela etorri dira 2025ean taldearen 20. urteurrena ospatzeko kontzertu berezi horiek?

Aspalditik genuen kontzertu handi bat egiteko gogoa, bagenekien momentua hau zela. Ez dakigu taldeak zenbat iraungo duen, espero dezagun urte asko izatea, baina orain gauden lekuan egonda, momentu egokia zela uste genuen. Kontzertu bakar bat egitea erabaki genuen, eta azken bi- hiru hilabeteak hori lantzen eman ditugu. Hor jabetu ginen ETS batik bat herriko jaietan hazi dela, eta orduan pentsatu genuen, zergatik ez simulatu herriko jai bat egun horretan? Goizetik abiatu eta herriko jaiek izan ditzaketen elementu desberdinekin, eta ETS-ren kontzertuarekin amaitu. Gertatu dena da taldeak azken hilabeteetan energia asko jarri diola proiektuari, eta hori bat eginda taldeak bizi duen unearekin bada... sarrerak salgai jartzeaz bat guztiak saltzea ekarri duela. Ez genuen espero ordu gutxi batzuetan guztiak agortzea, urte bete baino gehiago falta denean. Pixkana salduko zirelakoan ginen urtearen  buruan. Baina guztiak saldu ziren, bigarren data bat atera genuen orduan eta gauza bera, horrek eraman gintuen hirugarren data bat ere jartzera, eta hirugarren kontzertu honetarako sarrerak ere jendeak gogoz hartu ditu, dagoeneko 10.000 bat saldu dira, azken batzuk geratzen dira. Uste dugu, hiru data horiek jarrita joan nahi duen guztiak joateko aukera izango duela. Orain  emanaldia lantzea datorkigu, ez da ETS-ren kontzertu arrunt bat izango: kolaborazioak izango dira, musikaz harantzago doan zerbait izango da. Seguru nago ETS-ren kontzerturik onenak, handienak,  itxurosoenak eta berezienak izango direla. Gero ez dakigu zer etorriko den, printzipioz erabaki dugu 2025ean behintzat Euskal Herrian kontzerturik ez ematea denboraldi batez. Jendea hau entzutean hasi zen esaten taldea hautsi ote den edo... eta ez da horrelakorik, ikusiko da zer datorren, logikoena da, disko berri bat baletor 2025eko abenduan izatea eta ideia da urtebeteko geldialditxo bat egitea, baina oraindik ez dakigu zehatz zer izango den.

Jaurlaritza Logoa