Zuzenean

NAIZ irratia
Elkarrizketa
Amaia Mayor
SATSE

Amaia Mayor (Satse): «Osasungintzaren kolapsoa ezin da ukatu, profesional falta dago»

Gripe eta covid kasuen areagotzearekin, gainezka egin dute osasun-zerbitzuek. EAEko SATSE sindikatuko idazkari orokorra da Amaia Mayor. Azken asteotan bizi dugun egoeraren atzean arazo estrukturalak daudela azpimarratu du: langile eta baliabide falta.

Audio_placeholder

Amaia Mayor (Satse): «Osasungintzaren kolapsoa ezin da ukatu, profesional falta dago»

Loading player...
Osasungintza publikoaren aldeko eta murrizketen kontrako mobilizazioa Bilbon
Osasungintza publikoaren aldeko eta murrizketen kontrako mobilizazioa Bilbon (Oskar Matxin | FOKU)

Ospitaleak, larrialdi zerbitzuak eta osasun zentroak kolapsatuta daude. Gripe eta covid kasuen gorakadak osasungintzaren egoera argitara atera du. Baina ez da lehen aldia. Amaia Mayor SATSE sindikatuko eledunak azpimarratu du pandemia aurretik ere sindikatuak langile eta baliabide falta salatu izan duela. «Eragin zuzena du horrek ematen dugun zerbitzuan. Tamalez Osakidetzak oraindik ez du inolako neurrik hartu egoera konpontzeko, berehala nabaritzen da».

Mayorren ustez ukaezina da birus hedapen garai batean gaudela, baina salatu du osasun zentroen ordutegiak murriztu egin direla Gabonetan profesional faltagatik, esaterako, eta horrek ere eragina izan duela larrialdietako pilaketekin. «Herritarren osasun beharrak asetzen ez badira, larrialdietara doaz», azaldu du. Pazienteek osasun zentroen itxiera eta ratioen okertzea pairatzearekin batera, profesionalen lan-karga handitzen dela azaldu du Mayorrek.

Osakidetzak errua eta ardura langileen bizkar gainean jartzen dutela kritikatu du eta planifikazio falta salatu du, Osasun Sailak deskantsurako eskubidea ukatzen diela azalduz, besteak beste. Kontratazioak eta ordezkapenak aurrez planifikatu beharko liratekeela dio, baina ez dela hala egiten. Osakidetzak ikerketa serioa egin beharko lukeela uste du Mayorrek: «Langileen egoera ondo ezagutzeko eta erreleboen plangintza egiteko, bestela hau ez da aldatuko».

Europaz gaindiko kontratazioak

Lakuako Osasun Sailak 52 espezialitateren kasuan Europaz gaindiko medikuak kontratatzeko aukera onartu du. Mayorren ustez badira zailtasunak, adibidez, tituluen homologazioekin. Tramite horiek Espainiako Osasun Ministerioaren ardura direla azaldu du Mayorrek, eta une honetan, «pilatuta» daudela. Ondorioz, ez du uste «epe motzerako neurria» izango denik. Mayorren ustez Osakidetzaren lehentasuna egungo profesionalen mantentzea izan beharko luke, eta horrek, halabeharrez, kontratazio «onak» egitea dakar, «bestela, medikuak nekatzen dira eta beste arlo edo erkidegoetara joaten dira lanera».

Jaurlaritza Logoa