Zuzenean
«Hemen nago, latorrizko nire potoaren inguruan flotatzen/ Ilargiaren oso gainetik, Lur planeta urdina da,
eta ez dago egin dezakegun ezer.» David Bowieren 'Space Oddity' abestiaren lerroak irakur ditzakegu beste hainbat aipuren artean 'Dimisioa' Juan Luis Zabala idazlearen azken lanean. Ezin hobe irudikatzen du Bowiren kantuan Zabalak liburuan jaso dituen 15 ipuinak girotzen dituen mundua, testuingurua.
Beste aipu bat da lan honen abiapuntu, hain zuzen ere, duela 40 urte Juan Luis Zabalak bere lehen lana argitaratu zuenean ere abiapuntu izan zuen aipu bera. Louis Aragon idazle frantziarraren hitzak kasu honetan: «Bada tragikotasun bat modernitatean: biraka dabilen eta inongo eskuk zuzentzen ez duen
bolante handi baten moduko zerbait da.»
Gidaririk gabeko mundu bidaiari norabide bat emateko makina bat sortu du Zabalak kasu honetan, izena ere badu (AGK Agintzaritza Global Konputarizatua). Gidari honetatik abiatuta mundu berri bat sortu du idazleak, eta bertan kokatu ditu lanak jasotzen dituen 15 kontakizunak. Ipuin bakoitza luzera ezberdinekoa, ipuin bakoitza autonomoa da. Androide poliziak, Marteko bizitza, birusak, guraso zenik ere ez zekien aita bat, David Bowie betikotu bat, edota mundua salbatuko duen futbola dira besteak beste protagonistak.
Zientzia fikzioaren generoan kokatutako lehen lana izan da 'Dimisioa' Juan luis Zabalarentzat, eta ihesaldi edo urruntze ariketa bat izan dela aitortu digu. Bere idazkera intimista eta barrura begirakotik ateratzeko tresna izan da zientzia fikzioa. Oraingoz baina, itxitzat ematen du genero honekiko harremana.