Zuzenean
Kazetaritza kronika modukoa da 'Sahara, herri bat erresistentzian'. Baina kazetariaren egoa checkpointean utzi du Berasainek. Saharar gizon eta emakumeei hitza emanda. Bizipenetatik eta bidaietatik kontatzen du kazetari Lizarrarrak Sahararren historia.
«Azken batean liburu honen altxorrik handiena sahararren testigantzak dia. Lurralde okupatuetan jasotakoak dira hainbat, jazarpen etengabean bizi direnenak. Kontakizun bilduma bat da, historia handia istorio txikiekin harilkatzen saiatu naiz. Beraien bizipenetan oinarritua» kontatu digu kazetari nafarrak.
Sahararrekiko lilura eta errespetua nabari da Berasainen liburuaren orrialde guztietan: «20 urte dira mendebaldeko sahararrekin kateatuta nabilela. Denbora horretan jasotako testigantzen bilduma da. Saharar bakoitzak du liburu bat. Norbanako bakoitzarekin idatzi daiteke Saharako historiaren liburu bat. Denek bizi izan dute okupazioaren unea, exodoarena, bonbardaketen lekuko izan dira, errefuxiatuen kanpamenduetako egoera…» azpimarratzen du egileak.
Bidaia ugari egin ditu kanpalekuetara eta baita lurralde okupatuetara ere. Liburua idazteko prozesuan asko ikasi duela aitortu du Kristina Berasainek. «Asko ikasi dut liburua idazterako garaian. Hau ez da geopolitika liburu huts bat. Saharari ertz ezberdinetatik begiratu nahi izan diot. Kulturatik ere bai. erakargarritausun berezi bat du niretzat. Horri ere keinu bat egiten saiatu naiz. Saharaz asko dakien bati zerbait berria helaraziko dio liburuak» dio, baina gehitu beharko litzateke asko dakienak ere jarraituko duela ikastek liburuarekin.
«Euskaldun asko egon dira kanpalekuetan. Haur asko etortzen dira Oporrak Bakean programari esker. Erresistentziaren museoan ikus daitezke Markinan egindako morteroak, aurreko gerran erabiliak. Mendebaldeko Sahara traizioz jositako historia bat da», azpimarratu du kazetariak.
Landako Gunean izan da gurekin bere liburuaren eta paraleloki sortu duten 'Saharari Kantari' diskoari buruz hizketan.