Zuzenean

NAIZ irratia

«Durangoko Azokak erakarpen indar handia du»

58. edizioa amaituta, 2024 Durangoko Azokara begira dago jada Gerediaga elkartea. Aurtengoaren balorazio positiboa egin du Beñat Gaztelurrutiak, Landako zein gainerako guneetan jendetza bildu baita. Halere, dio azokaren arrakastak ez duela esan nahi urtean zehar «kulturgintza fantasia bat denik».

Audio_placeholder

«Durangoko Azokak erakarpen indar handia du»

Loading player...
Beñat Gaztelurrutia, Landako Gunean.
Beñat Gaztelurrutia, Landako Gunean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Durangoko Azokako 58. edizioa atzo amaitu zen, eta urteroko legez, Gerediaga Elkarteak azokaren balorazioa egin du. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkartzeko kideak adierazi du bisitari «asko» izan dituztela, eta erakusketariek helarazi dietela salmenta «onak» eduki dituztela.

Batez ere, bertaratutakoen jarrera nabarmendu du: «Asko eta asko bilatzen aritu dira. Erakusmahaien atzean zeudenen azalpenak arretaz entzun dituzte. Webgunean bertan ere hamar bisitetatik lau egitarauari lotuak dira. Hau da, bisitariak Landako Gunera etortzen dira, erakusmahaiak ikusten dituzte, euren erosketak egiten dituzte. Baina, gero, badakite ondo azoka ez dela hemen amaitzen. Sentsazioa dugu orain urte batzuk abiatu zuen azoka honek bere burua berretsi duela, eta arrastaz berretsi ere».

Gaztelurrutiak ez du zenbakiez hitz egin nahi, harentzat garrantzitsuena baita «egunero azokak hartu duen itxura, izan diren salmentak eta aurkezpenean bisitariek erakutsi duten interesa».

Hainbat euskal musikarik ekarpen handia izan dute, besteak beste, ETSek edo Peio Reparazek. Baina horiez harago, hain entzutetsuak ez diren idazle, abeslari edo sortzailek ere arreta izan dute. «Egin ditugun galdeketetatik ikusi dugu hain entzutetsuak ez diren, edo hasiberriak direnek ere bisitariengandik arreta piztu dutela eta jende asko hurbildu zaiela. Horri ere garrantzia eman behar zaio, ilara luzeetatik harago».

950 nobedade inguru aurkeztu dira Durangoko Azokako edizio honetan, eta asko eta asko azoka aurretik edo azokarako argitaratu dira. Ukaezina da egutegi horretan azokak hartzen duen zentralitatea.

Bestalde, Durangoko Azokaren 15.000 euroko beka Argizagi animazio serieak jaso du; irudia indarra hartzen ari den seinale.

Salmenta datuak ez dituzte, baina Gaztelurrutiak ez du zalantzarik liburu bat edo beste agortu egingo zirela. Herrigintzarako balioa duen elementua da Durangoko Azoka, eta azoka bera «fantasia» bat den arren, ezin da gauza bera esan kulturgintzaz.

«Badakigu kulturgintzak bere zailtasunak dituela, eta gero, urtea luze egiten zaiela askori. Baina urtean behin elkar topatzea, poza elkarbanatzea, eta indarberritzea garrantzitsua da».

Azokaren helburu estrategikoetako bat da gazteak erakartzea; kulturgintzako egiturazkoen arazoen artean baitago; batetik, komunitate murritza dagoela, eta, bestetik, berriz, baldintza demografikoa: gazteak gutxiago direla kopuruz. Ez, ordea, gaitasunari dagokionez, nabarmendu du Gaztelurrutiak. «Gazteek erantzun egin diote azokaren deiari».

Datorren urtera begira jarri da Gaztelurrutia, eta 59. edizioko datak jada iragarri dituzte: abenduaren 5ean hasi eta 8an amaituko da, ostegunez hasi eta igandez amaitu. «Lau eguneko azoka izango da. Aukeran, motzegia, zaila baita eskaera guztiei erantzutea, baina hala tokatzen da eta ez dago besterik».

Jaurlaritza Logoa