Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Irati Iciar
Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria

«Euskarak jauzi bat eman dezan gizartearen eraldaketa beharrezkoa da»

‘Batera Jauzi’ prozesua amaituta, ‘Erabileraren arorako mugimendu berritua’ lelopean gauzatu du III. Kongresua Euskaltzaleen Topaguneak. XXI. mendeko erronkei erantzun asmoz, erabileran jarriko du indarra Topaguneak eta horretarako, lankidetza izango du oinarri.

Audio_placeholder

«Euskarak jauzi bat eman dezan gizartearen eraldaketa beharrezkoa da»

Loading player...
Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari berria da Irati Iciar
Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari berria da Irati Iciar (Aritz Loiola | FOKU)

Topaguneak euskararen erabileran jarri du fokua. Horretarako bide berriak jorratu behar direla aipatu da. Nolakoak eta zeintzuk dira horiek?

Euskara bidegurutze batean dagoela aspaldiko urteetan euskalgintzak markatu duen metafora da. Horrekin esan nahi duguna da paradigma aldaketa baten aurrean gaudela. Azken 40 urtetan egindakoa aitortu, baina XXI. mendeak ekartzen dizkigun erronkei aurre egiteko bide berriak behar ditugula, alegia. Hori identifikatzen laguntzeko Topaguneak urtebeteko prozesua egin du. ‘Batera Jauzi’ izena eman diogu, aldaketa teorian oinarritutako metodologiarekin ideia berriak diseinatzeko prozesua izan da; eta gero hori guztia III. Kongresura eraman dugu. Bertan, Topaguneak hainbat zeregin jarri dizkio bere buruari. Hala ere, ikusi dugu euskarak jauzi bat emateko gizarte eraldaketa bat eman behar duela, eta hori Topaguneak ezin du bakarrik egin, euskal gizarte osoari dagokio. Hamaika aktore daude eta bakoitzak bere eremua du. Denen artean ekin behar diogu.

Zergatik erabaki da euskararen erabilera izan behar duela jardunbide estrategiko berria?

Badakigulako, azken urteetan ikusi dugun bezala, hezkuntza izan dela hiztun berriak sortzeko trena oso garrantzitsua. Baina gaur egun ere badakigu 16 urtetik beherako gehienek euskara ulertzen duten arren erabilera jaisten ari dela gazteen artean. Hor badago zerbait. Euskara jakitetik erabilerara salto bat dago, arrakala bat. Arrakala hori gainditzeko jauzi bat behar dugunaren ideia erabili dugu. Hizkuntza bat ezagutzea ez da nahikoa hizkuntza biziberritzeko, gehiago behar da. Erabilerak ematen dio bizitza, arnasa eta hauspoa. Etorkizuneko erronkak hortxe daude: erabileran.

Aurreikusi da 'Batera Jauzi' jendarte laborategia sortzea. Zer da hau? Ze funtzio izango du?

‘Batera Jauzi’ prozesua amaitutzat ematen dugu laborategi gisa. Oso berezia izan da; gogoeta prozesu ohikoa izan beharrean, Topagunetik aparteko jendea ere gonbidatu dugu. 14 pertsonako talde ergailea osatu da, batzuk Topagunekoak, beste batzuk euskalgintza mundukoak eta baita euskaratik hain gertu ez dauden kideak ere. Metodologia diskurtsibo, bibentziala eta elkarrizketan oinarritutakoa izan da eta lagundu digu gure konfort eremutik ateratzen eta euskaratik gertu ez daudenak ere entzuten. Gizarte eraldaketa badugu helburu, eraldaketa horretarako euskal gizartean dauden sentsibilitate, pertsona eta gogoeta desberdinak ekartzea interesgarria iruditu zaigu.

Erabileran jauzia emateko baldintzak zeintzuk izan behar diren identifikatzea bada lana, gaur egungo baldintzak zeintzuk dira?

Gaur egun batez ere ikusten dugu koxka erabileran dagoela. Erabilera hori ez izatea guk espero genuena, hizkuntza txikitu batek ere biziberritzerako beharko lukeena, horretan faktore askok eragiten dute. Pisu handiena duen faktorea hiztun horiek bere inguruan sozializatzeko eta euskaraz bizitzeko gunerik duten ala ez da. Ikasi duten euskara hori erabili dezaketen ala ez, finean. Horregatik da hain garrantzitsua euskaraz bizitzeko espazioak sortzea. Hiztun gehienak hirietan bizi gara, hiri guztiak ezagutza euskara mailak desberdinekoak dira. Oso garrantzitsua da gune horiek sortzea euskara sozializatzeko.

Eragin handia du baita ere hizkuntz gaitasunak. Hiztuna ez bada seguru sentitzen, horrek ez dio lagunduko euskara erabiltzeko orduan. Badaude hainbat faktore, baina hori ere kontuan hartuko dugu aurrera begira. Etorkizunean gehiago erabiltzea nahi badugu, egungo egoeraren kontziente izan behar gara.

Hizkuntza eskubideetan azken urteetako epaiek ez dute laguntzen. Nolakoa izan behar du aldarrikatutako euskararen akordio soziopolitiko berria?

Dudarik gabe. Azken urtetan oldarraldi moduan irudikatu dugun egoera horrek, noski ,ez du laguntzen. Adostasun demokratiko baten barne osatutako legeak desmontatzeak ziurgabetasuna sortzen du eta alarma piztu digu. Akordioak ausartak eta anbiziosoak izan behar dira. Herritarrek politika edo akordio hauekiko duten desafekzioa gainditzeko gobernantza partekatua garrantzitsua iruditzen zaigu, halaber.

Topagunearen atzean 100 erakunde daude. Nola dago gaur egun euskara arloko elkartegintza?

Topagunea euskara elkarteen nazio mailako federazioa da, 100 bat elkartek parte hartzen dute gure bertan. Elkartegintza oso anitza da. Alde batetik, Badira tokiko hedabideak, hirietako elkarteak, herri txikietakoa... Anitzak dira oso lotuak daudelako tokian tokiko bertako euskararen egoerara. Beraz, elkarte handiak izan daitezke, hainbat langile liberaturekin, eta beste batzuk bolondresekin osatzen dira. Euskararen elkarteen motore eta bihotza euskaltzaleak dira. Euskararen alde lan boluntarioa egiten dutenak. Gaur egun, eta pandemiaren ostean argi ikusi da, boluntarioen lana edo lan militante hau desaktibatzen hasi dela. Jendeak ez du hainbesteko ilusioa parte hartzeko eta hori izango da aurrera begira gure beste erronketako bat: mugimendu euskaltzale eraldatzaile eta anitza behar dugu aurrera egiteko.

Atzo Euskararen Eguna izan zen. Egun hau 1949an sortu zen, hizkuntza galtzeko kezkaz. Urteak igarota kezka hau nola ikusten duzu?

Nik uste dut euskararen kezka ere gizartearekin batera egokitzen, moldatzen eta mugitzen dela. Kezka bera dinamikoa da. Bere garaian euskarak hiztun gehiago behar zituela zen erronka nagusia; hezkuntzan eta euskalduntzean jarri zen indarra. Gaur egun ikusi dugu hori ez dela nahikoa. Inoiz baino ezagutza handiena dugu gaur egun, gainera, euskaldunok aitzindariak izan gara ezagutza soziolinguistikoarekin loturiko gauza askotan. Hezkuntza gutxitua denaren kontzientzia ere badugu, zein baliabide dugun horri aurre egiteko... Beste hizkuntza gutxituekin nazioartean harremana dugu, fenomeno sozial zabalagoa dela ulertzen dugu. Horrekin ere joan gara kezka horiek moldatzen eta eguneratzen; hau da, konturatu gara dena ez dela hiztun berriak sortzea, baizik eta eremuak ere irabazi behar direla.

EAEko administrazioak ingurune digitalean jarri du fokua. Honetara heltzeko, lehenago ez lirateke bideko elementuak txukundu behar?

Nik uste dut hauek ere bide paraleloak direla. Egia da aro digitalaren bizi garela dagoeneko eta digitalitate horrek hizkuntza eta kulturarekiko harreman desberdinak sortzen ditu. Eremu digitala horren atzean, baina,  pertsonak daude, eta beraz garrantzitsua da euskaltzale aktiboak egotea.

Asko aipatzen zen atzo makinei euskaraz hitz egiten irakatsi behar zaiela. Baian gero makina horiek norbanakoek erabiltzen ditugu. Zentzu horretan, garrantzitsua da ordenagailuan euskara konfiguratua izatea euskaraz, adibidez, makinek uler dezaten euskaraz erabiliko dituzten pertsonak ere badaudela. Bide paraleloak dira beraz, aurrez aurrekoan zein mundu digitalean euskararen biziberritzea behar dugu. Mundu digitalak dinamika propioak dituen heinean, euskaldunak ere horietara batu behar gara.

Hezkuntza Legearen baitan kalapita dago hizkuntza ereduen inguruan. Ereduen inguruan nolako iritzia duzun jakin nahiko nuke?

Hizkuntz ereduen gaiarekin hezkuntza arloko sektore eta profesionalek kezka agertu izan dute urte askotan. Gaur egun, eta legearen tramitazioan ikusi den moduan, kezka nagusiak beste albo batean daudela sentitu dugu. Segregazioa, publiko-pribatutasun diskurtso horietan... Baliteke euskara beraren aipamen hain zehatzik ez egiteak kezka desbirtuatu izana pixka bat.

Gure ustez hezkuntza da hiztun berriak sortzeko, ahalduntzeko, sozializatzeko gune oso garrantzitsua. Hezkuntzak sentsibilitatea izan behar du horretan eta baliabideak  behar ditu horretarako, badakigulako mota desberdineko gazteak biltzen direla hezkuntza arautuan. Baina hezkuntza ez-formala ere badago, euskaltegien sarea ere oso garrantzitsua da eta, horretaz gain, hirugarren hanka bat izan behar dugu kontuan: sozializazio komunitarioa. Hau da, ikasitako erabiltzeko ditugun komunitate erosoak, dinamikak edota motibazio saioak. Hezkuntza arautu horretan euskararen gaia oso garrantzitsua da, baina hezkuntzak bakarrik ezin du.

Aipatuko dugu Euskaraldia. Berritze behar bat identifikatu da. Zer gertatu da eta zer egin behar da?

Euskaraldiarena oso adibide polita da. Erakusten du euskal gizarteari ariketa berritzaile bat eskaintzean, gizarteak erantzuten duela. Hiru edizioren ostean, ikusi dugu badela ariketa edo esperimentuaren baliabide edo ezaugarri batzuk aldatzeko une onean gaudela. Lehena izango da ekimena udaberrian ospatuko dela aurrerantzean. Besteak beste, ariketa honetan kalera ateratzea proposatzen baita eta udaberrian gusturago gaude, eguraldi hobea egiten du, kalean egoteko gogo handiago dugu... Beste ezaugarri batzuk ere gehituko dira, jolasera, ariketara, eraman nahi dugu Euskaraldia, ilusio gehiago piz dezan. Laster egingo dugu aurkezpen orokorra. Hori bai, aurreratu dezaket 2025era pasako dugula edizio berria.

Jaurlaritza Logoa