Zuzenean

NAIZ irratia

«Mugimendu Feministak interpelazio zuzena egin du. Entzungor badira, erantzuna bera izango da»

Atzoko emozioak digeritzen ari da oraindik ere Ainhoa Olaso Euskal Herriko Mugimendu Feministako kidea. Greba egun arrakastatsuaren ostean, mahai intersektorial 'anitza' osatzeko deia egin diete euskal gobernuei. Zaintza eskubide unibertsala lortzeko, 'lanean jartzeko unea' dela dio Olasok.

Audio_placeholder

«Mugimendu Feministak interpelazio zuzena egin du. Entzungor badira, erantzuna bera izango da»

Loading player...
Ainhoa Olaso, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kidea
Ainhoa Olaso, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kidea (NAIZ)

«Pozik eta harro» agertu da Ainhoa Olaso Mugimendu Feministako kidea NAIZ Irratian, «kaleak hartu izanagatik». Mobilizazioak «jendetsuak» eta askotarikoak izan zirela azpimarratu du. Sindikatuek jasotako datuetatik ondorioztatu dute, halaber, lantokietan ere jarraipen «zabala» izan zuela greba orokor deialdiak: «Erresidentzietako jarraipena altua izan zen, nahiz eta zerbitzu minimoak oso altuak izan».

Era berean, azaldu du Osakidetzan ere «milaka langilen greba esiteko eskubiderik gabe» geratu zirela. Orokorrean, «adierazgarriak» iruditu zaizkio datuak Olasori, grebarik egin ezin zutenek ere atxikimendua agertu ziotelako deialdiari.

Azpimarratu du zerbitzu minimoak %100ekoak izan zirela lantoki askotan. Horrela, adinekoen egoitzaren batean 55 langiletik 5ek baino ezin izan zuten greba egin: «Adierazgarria da normalean ematen den zerbitzua atzo zerbitzu minimo bezala planteatu izana». Olasoren arabera, argi eta garbi uzten du zerbitzu horien baldintzak eta mugak zer nolakoak diren.

«Aspalditik daramagu esaten zein beharrezkoak eta ezinbestekoak diren», azaldu du, eta nabarmendu du alor horretako langile askok eta askok ezin izan zutela lan uztearekin bat egin, ezta nekazal eta abeltzaintza sektorean ari direnek ere, kasu honetan lanaren beraren ezaugarriengatik.

Hainbat emakume atxilotu eta identifikatu zituzten ostegunean, eta Olasok azaldu du oraindik ez dakitela zein ondorio ekarriko dizkien. Aurreikusten zuten horrelakorik gertatu zitekeela eta adierazi du abokatuak lanean ari direla etorri daitekeenari aurre egiteko.

Zaintzaz hitz egiteko mahai bat eskatu diete Urkulluri eta Chiviteri, greban zein haren aurretik zituzten exijentziei «neurria hartu» eta aldaketak eragiteko. Instituzio publikoak arduradun zuzentzat ditu Mugimendu Feministak eta «lanean jartzeko momentua» dela azpimarratu du Olasok.

«Zaintza eskubide kolektiboa lortu nahi dugu», errepikatu du Olasok ostegunean Euskal Herriko kaleetan grebalariek ohikuatutakoa. Horretarako, unibertsaltasun hori bermatzeko «zaintza sistema publikoa» ezinbestekoa zela azaldu du. Hori dela eta, bide horretan neurriak hartzen joateko espazio bat behar dutela adierazi du: «Mugimendu Feministak interpelazio zuzena egin du».

Jaurlaritza Logoa