Zuzenean

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

«Folkloreari eta historiari» kateatuta, «inork ez du lehentasun gisa» eskoziar gaelikoa

Herrialdearen berezko hizkuntza den arren, eskoziar gaelikoarena aldarrikapenen «zerrenda luze baten azken tokian» dagoela uste du Eskozian bizi izandako eta honen gaurkotasuna gertutik jarraitzen duen Aitor Agirrezabalek. Zergatien bila jo du Albako erreinu zaharrera Mundu Bat Herrik.

Audio_placeholder

«Folkloreari eta historiari» kateatuta, «inork ez du lehentasun gisa» eskoziar gaelikoa

Loading player...
Karteletan agertzea ohikoa den arren, nekez entzun daiteke eskoziar gaelikoa kaleetan.
Karteletan agertzea ohikoa den arren, nekez entzun daiteke eskoziar gaelikoa kaleetan. (Wikimedia commons)

Ezin uka eskoziarra bere buruaz, kulturaz eta historiaz harro dagoen herri bat dela. Agerikoa da baita ere herri honek duen antolakuntza politiko maila, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean gorpuztuta bereziki azken urteetan. Horren oroigarri, 2014ko independentzia galdeketa eta ostera ere, galdeketa berri bati bide emateko Nicola Sturgeon Ministro Nagusi ohiak Londresekin abiatutako ekinbide politiko eta judizialak.

Hori dela-eta, deigarria suertatzen da herrialdeko eragile politiko eta sozial gehienen artean dagoen eskoziar gaelikoarekiko utzikeria. Aitor Agirrezabal Naiz eta Garako kazetariaren ustez, eskoziar gehienek bere egiten dute eskoziar gaelikoa, «folklorearekin, historiarekin eta kulturarekin lotuta, baina ez dute ahalegin berezirik egingo mantentze aldera». Eskozian bizitakoa da Agirrezabal eta Naizen herrialdearen jarraipena egiten duenetako bat. Ikusi, entzun eta bizi izan duenari jarraiki, «inork ez du lehentasun gisa» hartzen eskoziar gaelikoa Agirrezabalek dionez.

Politikarien utzikeria

Eskoziar gaelikozko idazki zaharrenak idatzi ziren monasterioaren aurkikuntzaren albisteari tiraka, hizkuntzaren oraina eta etorkizunera begira jarri da Mundu Bat Herri. Historian zehar oso erreprimitua izatearen ondorioz, gaur gaurkoz 60.000 bat eskoziar gaelikoaren hiztun geratzen direla uste dute adituek, gehien gehienak, Eskoziako ipar-mendebaldeko kostaldean eta inguruko uharteetan.

Kezkagarria beraz egoera, baina antza ez kezkagarriegia Eskoziako klase politikoarentzat. «Esango nuke zerrenda luze baten azken dela gaelikoa», azaldu du Eskozian bizitako kazetariak, gaineratuz SNPk berak ez duela hizkuntza politika integral bat garatu, gaelikozko eskola gutxi batzuk zabaltzeaz harago. Gaur gaurkoz, ez dirudi alderdi nagusiek ikuspegi hau aldatzeko borondate handirik dutenik, beraz Eskozia independiente batean gaelikoaren arnasguneetan sor litezken alderdi berriengan bilatu beharko litzateke konpromiso hori.

Despopulazioan gakoa

Baikorregia ez den testuinguru honetan, biziraupenerako bide nagusia, eskoziar gaelikoaren arnasguneetan dago, bere egunerokotasunean hizkuntza erabiltzen duen komunitate txikian. Lurralde eta gizarte politiketan jarri du azpimarra Agirrezabalek, «han kexu dira ez dutelako etxebizitzarako eta lanerako aukerarik. Azkenean behin eskola bukatuta  hirietara alde egin behar dute eta gaelikoarekin duten harremana galtzen dute».

 

 

 

Jaurlaritza Logoa