Zuzenean
«Ez da zuzenena guk esatea, baina gure diskorik onena da»
Soinu bitxiekin hasten da Nøgen taldearen disko berriena, ‘Åben Cirkel’. Taldekideek ez dute aurkezpen berezirik behar, ezagunak baitira, baina diskoak bai, eraberritutako Nøgen bat topatuko dugulako lan berri honetan. Markel Idigoras eta Alex Irazusta izan dira NAIZ Irratiko MusikHaria saioan.
«Ez da zuzenena guk esatea, baina gure diskorik onena da»
Gabon, zer moduz?
Markel Idigoras: Kaixo, gabon.
Alex Irazusta: Gabon eta mila esker gonbidatzearren, lehenik eta behin.
Erokeriaz betetako egunak izaten dira diskoa kaleratzen den garaikoak, baina gogotsu izango zineten hau kaleratzeko, ezta?
M.I.: Nik uste dut baietz. Bi urte edo badaramagu lanean eta erditze hau frenetikoa izaten ari da.
Diskoa irekitzen den unetik ondo gordeta zenituzten gauzak agertzen hasten dira.
A.I.: Kuriosoa da ondo gordeta esaten duzula, izan ere, intro hau, ’17’ deitu dugun abestia, 2017an sortutakoa delako. Anek konposatu zuen halako melodia armoniko bat da, loopean, eta horren gainean halako kontrakantu bat dago hitzekin eta abar.
Entzuten den hori saxo bat da?
A.I.: Beno, bat ez, hamabost saxo dira.
M.I.: Saxo bat eta vocoderra.
Nork jo du?
A.I.: Luis Mari Moreno ‘Pirata’-k, ‘The one and only’.
M.I.: Gure artean pentsatu genuen ea nor izan zitekeen saxoa ondoen jo zezakeen pertsona eta Piratari deitzera animatu ginen, baietz esan zigun eta plazera izan zen berarekin estudioan egotea.
A.I.: Pasada bat izan zen, joan zen estudiora eta di-da batean egin zuen guztia.
Ane Negueruelaren itzulera ere lehen abestitik argi utzi duzue eta eguraldiak ere lagundu dizue diskoa kaleratu zenuten egunean euria ari zuelako.
M.I.: Bai, modu introspektibo batean hasten da diskoa eta horrek lagundu digu.
A.I.: Polita da, zeren oso zinematografiko geratu da dena, kantuan kontatzen den eszena ikusi egiten duzu.
Diskoari zirkulu irekia deitu diozue, hori delako ‘Åben Cirkel’ euskaraz, baina ez dakit disko kontzeptual bezala landu duzuen edota zer izan zenuten buruan diskoari izena ematerako garaian.
M.I.: Guk taldea eta bizitza zirkulu ireki bat bezala irudikatzen dugu. Toki bat oso desberdina izan daiteke momentuaren arabera, gaur hemen gauden moduan bihar ere hemen egon gaitezke eta oso desberdina izan daiteke. Aneren itzulerarekin hori irudikatu genuen eta barne errealitate hori kontzeptu orokorrago batzuetara zabaldu genuen. Abestiak zirkulu horren puntutik beste puntu batzuetara begira jartzearen ariketak izan dira.
Ekoizle askorekin egindako diskoa, su txikian egosia. Nacho Mur, Brais Ruibal, Julen Idigoras… esku asko izan dira lan baten bueltan.
A.I.: Bagenuen gogoa halako zerbait egitekoa. Aurreko diskoen ekoizpena guk geuk egina izan zen eta uste dut lan txukuna egin genuela, hori esateko lizentzia hartu dezakegu. Baina bagenuen gogoa kanpoko jendeak gure ideia eta kantuekin zer egin zezakeen ikustekoa. Ez genuen formula errepikatu nahi eta eszenatoki berri baten aurrean gure buruak nola jokatuko zuen ikusi nahi genuen. Julen Idigoras aipatu duzunez, lehenengo abestia edota proto-ideia ‘Guztia edo ezer ez’ kantuarena izan zen eta abesti honek zortzi bertsio izan ditu eta horretan lagundu zigun asko. Bai berarekin eta baita beste ekoizleekin lana egiterakoan, pausu bakoitza sendo ematen duzu. Bakarrik ematean askotan balantza egiten duzulako, zalantzak sortu eta atzera egiteko joera ere izaten duzu. Kanpotik emandako konfiantza hori nik uste dut nabaritzen dela.
Nabaritzen den beste kontua da soinu aldaketa bat eman duzuela. Estilo aldetik poperoagoa dela esan dezakegu, sintetizadore asko entzuten dira gainera. Nork joko ditu zuzenean?
A.I.: Printzipioz, zuzenekoetan teklatu bat sartuko dugu lehenengo aldiz. Guk badugu ideia nori tokatuko zaion ardura hori, baina oraindik ez dugu argituko.
M.I.: Ez dugu kide berri bat gehituko baina taldean banatuko dira eginkizun horiek.
‘Guztia edo ezer ez’ abestian harremanak modu intentso batean bizitzeaz ari zarete, baina une batean pixka bat toxiko ere jartzen da kantua.
A.I.: Kontzeptuaren harira doan zerbait da. Talde eta pertsona bezala egoera asko bizi izan ditugu onak zein txarrak izan direnak, eta normala eta naturala da guztiaz zalantza egitea. Gurea bezalako proiektu intentso, luze eta hainbeste energia eskatzen duen batean beti daude gorabeherak. Abesti hau bada gure buruari «eutsi honi tinko eta segi aurrera» esateko modu bat, daukagun dena eman eta aurrera jarraitzeko oihu bat. Edo guztiarekin goaz edo ez goaz.
Esan daiteke inflexio puntu bat dela disko hau?
A.I.: Nik pentsatu nahi dut baietz eta nire ustez bai. Sareetan esan genuen eta akaso ez da zuzenea guk esatea ere, baina orain arte egin dugun lanik onena da.
M.I.: Lan egiteko modua aldatu da, baina baita zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun erakusteko ere. Ez da atera behar delako ateratzen dugun disko bat, baizik eta arnasa hartu, zer egin nahi dugun pentsatu eta guregatik egiten dugun diskoa da. Bideaz disfrutatu eta gauzak ondo egitea zen nahia. Hortaz, horretan ibili gara eta askoz ere gehiago zaindu ditugu bai prozesua eta baita gure burua ere.
Bidean galduta dagoen norbait, bere inguruan gauzak gertatzen ari dela ikusten duena baina haien zergatia ulertzen ez duena. Hori da ‘Orein’ kantuan topatu dudan pertsona. Zuek horrela sentitu zarete?
A.I.: Aurrekoan sukalde programa batean izan ginen eta oreina kozinatzea egokitu zitzaigun, kar-kar. Antsietateari buruz hitz egiten du kantuak, non protagonista oreina den. Baina, bideoan ikusten den moduan, gidatzen doan pertsona bati gurutzatzen zaio oreina eta harrapatu egiten du. Kontua da hori zentzu metaforiko batean erabili genuela eta oreina eta pertsona, izaki bera direla, hau da, gidariak bere burua harrapatu duela kontatzen da. Antsietatearen deskribapena horrela egin dugu.
M.I.: Gaurkotasunean puri-purian dagoen gai horietako bat da, taldean zein jendartean asko hedatuta dagoena. Oso kontziente gara ‘x2’ botoia sakatuta bizi garela eta ez garela tokietara iristen.
Soinuaren trataera oso berezia izan da hemen ere. Kantu bakoitza zein ekoizlerena den deszifratu al daiteke entzute hutsarekin?
M.I.: Nik uste dut baietz. Oso estilo markatua dauka bakoitza. Lehen biak Julen Idigorasekin egin ditugu, adibidez. ‘Orein’ Bras Ruibalekin eta bere makinetatik eta bere burutik pasatzean ber-ilusionatze moduko bat egin zuen, eta hori sortu zuen nigan ere.
A.I.: Zentzu berri bat eman zion. Agian bazelako jarraikortasun gehien zuen abestia aurreko diskotik hona, baina bere zentrifugadoran sartu zuen eta atera dena zerbait freskoagoa izan da. Guri ilusio hori loratu digu.
M.I.: Itxuraz abesti erreza zena, egitura sinplea zuena, beste toki batetara eraman zuen, behar zuen aldaketa hori eta bidali zigunean zentzua ikusi genion abestiari.
Konforme geratzea ez da erreza izaten, eta hori zazpi kantu direla disko honetakoak.
M.I.: Hasieran tempoa guztiz geldotu zigun eta ez gintuen askorik konbentzitu, baina gero zertxobait azkartu zuen eta uste dut propio egin zuela hori.
A.I.: Esajeratu egin zuen nahita gero guk onarpena emateko.
Zuen buruekin jolastu zuen hortaz, baina ekoizleak hori ere egin behar du.
A.I.: Psikologoak dira erabat.
‘Glastonbury’ dator segidan diskoan. Esan daiteke ‘Orein’-ekin batera jarraikortasun gehien zuten abestia hau zela?
M.I.: Bai eta gehiena hau izango zen, gainera, soinu aldetik batez ere. Nacho Mur izan da ekoizlea baina asko errespetatu zuen taldearen une hartako soinua, nahiz eta bere ukitua ere eman zion. Erradiografia hori egin zigun eta asmatu egin zuen.
Zuzenekoetan hemen zer entzungo da, elektrikoa edo akustikoa?
A.I.: Kantu honetan nik elektrikoa joko dut eta Markelek ukelelea, hortaz, horretan ere kontinuistak izango gara.
Zuetako inor izan da sekulan ere Glastonbury jaialdian?
M.I.: Esango nuke ezetz, akaso Jokin izango zen gaztetan, bastante zaharra delako.
A.I.: 120 urte ditu, hortaz akaso…
M.I.: Nahiko genuke bertan izan! Hau guztia dator Alexek elkarrizketa batean duela urte batzuk, diskorik ere ez genuela, ametsen eta helburuen inguruan galdetuta bota zuen Glastonburyn jo nahi zuela. Astakeria bat bota zuen, baina ongi dago.
Glastonburyn jotzea ederra litzateke, baina bertako F edo H oholtzan edota jaialdi txikiago batean nahiago duzue jo?
A.I.: Hor irakurketa bikoitza dago. Glastonburyko Z oholtzan jotzen badugu, goizeko 9:00etan, garbiketako langile eta gaupaseroentzat, baina jaialdi guztirako artista pasea ematen badigute, jatekoa eta edatekoa nahi adina dugula, eta Elton John bezalako artistak ezagutzeko aukerarekin… nik sentitzen dut, baina hara noa. Baina, orain, musikari bezala eta kontzertu bezala, nahiago dugu jaialdi txiki batean eta oholtza polit batean jo. BBKn azkeneko aldian, esatearako, The Killersen aurretik jo genuen oholtza berean eta Brandon Flowersekin gurutzatu ginen.
Jaialdi aski ezagunari keinua egiten diozue eta musikalki badu ukitu britainiar hori kantuak. Baina berrasmatzearen inguruan hitz egiten duenez, zuek ere egunero horretan zabiltzate?
A.I.: Zer erremedio! Markelek lehen esan duen moduan, bihar bertan hirurok berriz ere hemen elkartuko bagina, ez litzateke toki bera izango: eguraldia desberdina izango zen, gaur gauean zerbait berria ikasita etorriko ginen, elkarrizketa ere aldatu egingo litzateke… Eboluzionatzen ez duena eta aldatzen ez dena, hilda dagoela uste dut. Berrasmatu eta gauza berriak sortzea, beti da emozionantea.
Zuk ofizioz ere hori egin beharra duzu, Markel, diseinatzaile-grafikoa baitzara.
M.I.: Bai, ez dago besterik. Gauzak ikasi eta aplikatuz joan beharra dago.
Webgunea eta gainerako gauzak zuk diseinatu dituzu?
A.I.: Bai, eta ondo gainera.
M.I.: Esan beharra daukat oso zaila dela norberarentzat diseinatzea. Hauek dena ondo ikusten dute, baina nik ez dakit zenbateraino estutu behar dudan nire burua ondo dagoen puntura iritsi arte. Baina gustura geratu naiz.
Ekoizlearen paperarekin gertatzen den antzerako zerbait gertatzen da hemen, kanpotik norbait sartu edo ez erabaki behar da.
M.I.: Esan beharra daukat nik egin dudala exekuzioa baina denon artean egiten ditugula gauzak. Disko honetan, batez ere argazkietan, azalean eta abar laguntzen Mario Lezaun izeneko jainko bat izan dugu ondoan, kasik seigarrena izan da.
Etsipenetik duen disko bat da baina argia eman diozue azalari.
A.I.: Beti izan gara talde oso nostalgiko bat, nahiz eta melodia alaiak eduki izan ditugu.
David Ruiz, La M.O.D.A. taldeko abeslaria euskaraz abesten ere jarri duzue ‘Abendua’ kantuan, sareetan erakutsi zenuten nola landu zenuten hori guztia. Baina, ahotsa gordin-gordin entzuten da eta grabaketako zaratatxoak hor daude eta horrek ere estra bat ematen dio kantuari. Baina, kantuaren esentzia pianoaren eta bonboaren soinuak borobiltzen duela esango nuke.
A.I.: Ohe moduko bat egiten dio Aneren ahotsa gordin-gordin entzun ahal izateko. Gu ez gara oso kontziente eta Anek esan digu disko honetako erronka handiena izan dela abesti bakoitzak eskatzen zion interpretazioari egokitzea. Asko nabaritzen da eta kantu honen hasierak asko hunkitzen nau oraindik ere.
M.I.: Anek estudio bat zapaltzen duen bakoitzean mundu guztia isilik geratzen da. Gertatu zaigu Nachorekin, Victor Sanchez Elkarreko teknikariarekin… Abesteko ahoa irekitzen duen unetik denak isilik geratzen gara eta bera entzuten.
A.I.: David, Nacho eta Victor pasa dira estudiotik, baina gehiago ere bai, Gorka Urbizu ere etorri zen pare bat aldiz estudiora, Luis Fercán ere bai… Eta denen kasuan gauza bera gertatzen zen, isilik eta argi goxo horren azpian Ane entzuten.
Zuek Elkarren estudio zaharrean grabatu duzue. Bertan grabatu den azken diskoa da zuena?
M.I.: Bai, hala da.
A.I.: Pena handia ematen dit estudio hori eraitsiko dutela jakiteak, asko gustatzen zaidan tokia da eta inspiratzeko ere oso egokia da.
M.I.: Victorrek erakutsi zizkigun grabaketa historiko batzuk eta harrituta geratu ginen.
Itzul gaitezen ‘Abendua’ abestiak dionera. Urte berririk ez dela, itzalak hartu duela argia, kristal lodi baten ondoko fereka… Zeri egiten diozue erreferentzia?
A.I.: Abesti honek urte zaharrak joan edota berriak iristean gure buruari egiten dizkiogun promesei egiten die erreferentzia. Horietako asko gero ez ditugu betetzen. Fase bat bukatu eta beste bat hasteko nahia da horren atzean dagoena eta horregatik esaten da «abendua urtearen erdian». Oso zinematografikoki hasten da igande goiza dela esanez, igande goizean, biharamunarekin, depresio puntu hori izaten dugulako askotan. Hausnarketa zintzo bat dago, zure buruari zerk egiten dizun kalte eta zer egiten duzun ondo desberdintzen diren hausnarketa, eta kalte egiten dizun hori mozteko lehen pausu hori gure baitan egoten da.
M.I.: Vetusta Morlaren ’Año nuevo’ kantua ekartzen dit gogora honek. Ohean etzan eta negarrez entzuteko kantua da niretzat, eta honekin ere antzerako sentsazioa bizi izan dut, entzun zein polita den abestia eta listo.
Kanturik eta desberdinenetakoa ‘Galdu duenari’ iruditu zait. Ekoizpen handia duen abestia dela agerikoa da, eta ez gauza asko dituelako, baizik eta gauzak kentzea izaten delako zailena askotan.
A.I.: Joe baietz.
Vocoder bat eta gitarra klasiko bat entzuten dira, ahotsa eta gitarra besterik ez sarreran, minimalista.
M.I.: Bi vocoderren arteko nahasketa bat da hor entzuten dena. Alexen txikitako gitarra klasikoa da.
A.I.: Umetan jotzen ikasteko erabili nuen gitarra da, izatez gure amarena da. Amak gitarra jotzen ikasteko, 60etan, hau erosi zuen eta gero nik nolabait ere oinordekotzan-edo jaso dudana da. Ez dio elektriko batek edo akustiko batek ematen dion soinu eta gorputzik ematen. Gainera ez du soinu perfektu bat ateratzen eta hori behar zuen.
M.I.: Esango dugu Luis Fercán etorri zela eta Hello Kittyren afinatzeko gailu bat utzi ziola gitarra afinatu ahal izateko.
Ahotsa gordin dago vocoderra erabiltzen ez den uneetan, baina bi hartualdi desberdin direla esango nuke, ezta? Bata ezkerrean eta bestea eskuinean.
A.I.: Bai, hori da. Bon Iverrekin alderatzeak lotsa ematen dit, gure erreferente argi bat izan delako, baina uste dut lehenengoz erabili dugula diozun errekurtso hori, bai hemen eta baita ‘Glastonbury’ kantuan ere.
M.I.: Hemen markatuago, agian.
Eta koroan abestea gustatzen zaizuela ere nahikoa argi geratzen da. Beste diskoekin alderatuz, distira gehiago duzuela iruditu zait, baina ez dakit zergatia non dagoen.
M.I.: Arreta gehiago jarri dugu gehiago horretan eta ekoizleek lana egin dute, zer bai eta zer ez, zer garbitu, zer gehitu, zer kendu… Nahasketak ere asko egiten du.
A.I.: Eliot James batekin nahastu edota Lucas Piedarekin nahastu, goreneko mailako eskuak dira.
Eliot Jamesek, esaterako, Two Door Cinema Club, Block Party edota Noah And The Whale taldeekin egin du lan.
A.I.: Horiek bai joko dutela Glastonburyn!
M.I.: Elliotek lan egiten duen bulegoan, ostiraletan, Adele bezalako artistak joaten dira grabatzera. Beste gauza bat da.
Egunen batean gonbidatu bezala joateko moduko tokia, beraz.
A.I.: Izan genuen aukera baina egutegi kontuengatik ezin izan genuen Londresera joan.
Kontzertuak ere badatoz, datorrena, Donostiako DabaDaban, dena salduta duzuela azken horretarako. Toki goxoak denak ere.
A.I.: Zentralen ez gara aurretik sekulan ere izan jotzen, La M.O.D.A. ikusten izan nintzen behin eta asko gustatu zitzaidan.
Gogotsu hau guztia publikoan erakusteko, ezta?
A.I.: Hein batean zama bat kendu dugu gainetik diskoa argitaratu eta promoa egitearekin. Entsegu orokorra egin genueneko eguna ere oso polita izan zen.
M.I.: Maratoi baten moduko entsegu bat izan zen, goiz eta arratsalde.
Lokalean?
M.I.: Bai, lokalean, bestea ere etorriko zen gero. Esango nuke disko onena izan dela edo zainduena esan dugun bezala, baina zuzenekoan agian salto handiagoa emango dugula esango nuke. Atrezzoa zainduko dugu, teatralizazioa ere bai… Zerbait bereziagoa eskaini nahi dugu, ez betiko Nøgen.
A.I.: Diskoarekin bat doan zerbait, diskoaren lanketarekin bat egiten duen zuzenekoa.
Hortaz maletarik ezin duzue galdu.
A.I.: Hori ere sartuko da jokoan.
Pello Armendarizek hartu du ‘Maleta’ kantuan parte, galdutako maleta baten istorioa kontatuz. Kantu rockeroa, amorrazio handia zegoen kantu hau egiterakoan?
M.I.: Alexen maleta.
A.I.: Amorrazio handia nuen, baina benetan diot. Letra idatzi nuenean lerroren batek edo besteak ez zuen filtroa pasa.
M.I.: Ez dugu esango nork, baina hori horrela ezin zela abestu esan zuen.
A.I.: Baina beno, zerbait ganberroa geratu da eta Pellok eman dio ukitu hori.
M.I.: Mesedez bideoklipa ikusi bukaera arte eta bukaerako perlatxoarekin geratu.
Bada izan zaitezte bihurriak eta gozatu aurkezpenetan.
Mila esker!