Zuzenean

NAIZ irratia

«Orain arte interlokutore izan ez denak hartu ditu azken erabakiak hezkuntza eztabaidan»

EH Bilduk azken proposamena helarazi du Hezkuntza Legearen ponentzian. Ikoitz Arrese hezkuntza idazkariak dio azken mugimenduekin «joko arauak hautsi» direla eta Hezkuntza Akordioan lortutako adostasuna alboratu dela. Hezkuntza arlotik haragoko erabakiak hartu direla salatu du.

Audio_placeholder

«Orain arte interlokutore izan ez denak hartu ditu azken erabakiak hezkuntza eztabaidan»

Loading player...
Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkaria NAIZ irratian
Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkaria NAIZ irratian (NAIZ)

Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen inguruan sortutako lantaldean azken zuzenketak eztabaidatu zituzten atzo eta EAJk eta PSEk Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak mantentzen dituen zuzenketa onartu zuten atzo. Horren ondorioz, EH Bilduk azken proposamena helarazi die bi alderdi horiei, Hezkuntza Legearen inguruan ostirala baino lehen akordio batera iristeko.

Proposamen horretan Hezkuntza Akordioan oinarri izan diren bi elementuei aterabidea eman nahi zaie: alde batetik, hizkuntza ereduen aferari eta, bestetik, Euskal Hezkuntza Sistemaren baitako zentro kontzertatuek izango dituzten eskubide eta betebeharrei dagokiona.

Ez da baikor baina Ikoitz Arrese. Hala onartu dio NAIZ irratiari. Dio ez dela eztabaida ezta gogoetarako tarterik izan eta gogora ekarri du aurrez EH Bilduk aurkeztutako 146  zuzenketetatik soilik «txikiak edo teknikoak» direnak onartu dituztela gobernu kideek, Hezkuntza Akordioan «nuklearrak» zirenak baztertuz.

«Zergatik blindatu duela 40 urteko ereduak, euskalduntzeko gai ez direla baldin badakigu?»

Arresek larritzat du Hezkuntza Lege proiektu berriak eta EAJ eta PSEren zuzenketek hizkuntza ereduekin egiten duten proposamena. Izan ere, aski frogatutzat jo du egungo ereduak euskalduntzeko gaitasunik ez duela gaur gun eta beraz, azaldu du nakez lortuko direla hasiera baten adostutako helburuak. «Ditugun hezkuntza ereduak auzi eta bestelako marko batera Joan beharko ginateke». Izen bat hartu zuen horrek Hezkuntza Akordioan: euskara ardatz duen eredu eleaniztuna. «Euskal ikasle oro hezkuntza sistematik pasatzean hizkuntzen gaitasun optimoa lor dezan, B2a alegia, euskaraz, baina baita gazteleraz eta hirugarren hizkuntza batean ere».

Finantzaketaren aferari ere heldu dio Arresek. Hezkuntza Akordioan biltzen zenaren arabera, baldintza zehatz batzuen baitan interes sozialeko ikastetxe gisa definitzen ziren zentroek jasoko lukete finantziazioa. Egungo lege proiektuan bete beharreko baldintza horien derrigortasuna galdu da, jarraibide gisa definitu baitira. PSEk «eskola kontzertatuari inongo baldintza edo arau zehatzik gabe txeke zuria onartu» diola salatu du.

Adostasunak albo batera eta joko-arau berriak

EAJk eta PSEk elkarri marra gorriak onartu izana kritikatu du Arresek, bi alderdiek hartutako erabakiek «batak eta besteak aldarrikatzen dituzten kontuak irentsi dituztela» erakusten baitute haren iritziz. Lakuako gobernuak adostasunerako borondatea alde batera utzi duela dio Arresek. Horretaz gain, azaldu du orain arte hezkuntza eztabaidan Jokin Bildarratz sailburua izan dutela harremana, eta Eh Bilduk ez dakiela «zer nolako eztabaidak izan dituzten Lehendakariak eta sailburuak», baina «orain arte interlokutore izan ez denak hartu ditu azken erabakiak hezkuntza eztabaidan». Zuzenketak erroldatu zirenetik «joko-arauak aldatu» direla gaineratu du. Hauteskunde aurreko giroak eragina izan duelakoan dago Arrese eta «baten bati interesatzen zaio EH Bildu ez dadin herri akordio izan beharko lukeen honetan. Hezkuntza parametroetatik at duden erabakiak hartu dira aste hauetan».

Jaurlaritza Logoa