Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Euskarazko hiru bideojoko berri daude merkatuan

GTA VI ikusiko dugu laster, baina bitartean Steam Deck OLED-ak liluratuta utzi gaitu
Euskarazko hiru bideojoko berri ezagutu ditugu. Zinemaren munduari kuku bat egin diogu: Link eta Zelda film bateko protagonistak izango dira.

Rockstar Games Grand Theft Auto VI prestatzen ari dela? Bueno, albisteak ez du inor harrituko, ezta? Lehen trailerraren gutxi gorabeherako data jaso dugula da interesgarria: abendu hasieran erakutsiko digute tiroen eta lapurreten frankiziaren atal berria.

Izan ere, AEBetako estudio ezagunak 25. urteurrena beteko du datorren hilabetean. Aurkezpena horri lotuta egitea espero da; bestela, Game Awards sarien aurkezpenean ikusiko dugu ziurrenik.

Baina, zer ekarriko du seigarren jokoak? Hainbat filtrazio eta zurrumurru entzun zein ikusi ditugu azken hilabeteotan. Bi protagonista egongo dira ziurrenik: neba-arrebak izango dira. Horrez gain, Vice City mitikora itzuliko garela dirudi. 80ko hamarkada atzean utziko dugu, ordea, eta gaur egungo hirian kokatu.

Game Erauntsian asko gustatzen zaigu Steam Deck-ari buruz hitz egitea: Telegram taldekoek ondo dakite, zorionez edo zoritxarrez. Orain gaiari berriz heltzeko aitzakia aproposa daukagu: Valve-k Steam Deck OLED gailu eraberritua iragarri du, eta dagoeneko merkaturatu dute.

Izenak dioen bezala, OLED pantailarekin dator, baina berrikuntzak ez dira hor geratzen: eskuko PC originalaren gabeziak eta akatsak zuzendu dituzte hardware aldetik, tresna benetan interesgarria eratuz.

Euskarazko bideojoko berriak

Euskarazko bideojokoak ekarri ditugu, beste behin, irratsaiora. Ez bat, ez bi, hiru titulu aipatu ditugu: pilotan jokatzea proposatzen digun Frontball Planet, The Silent Swan ibilaldi simulagailu interesgarria eta Super Woden GP2ren rally lasterketa zirragarriak gure hizkuntzan estreinatu dira. Mod-ik gabe: ofizialki joka ditzakegu euskaraz.

Bideojokoetara mugatu beharrean, zinemaren mundura ere jo dugu oraingoan. Super Mario iturginaren film arrakastatsuaren ostean, Nintendo-k ikus-entzunezko berria iragarri du: The Legend of Zelda sagan oinarritutako filmea. Adi: ez da animazio lana izango, hezur haragizko aktoreekin grabatutakoa baizik.

Jaurlaritza Logoa