Zuzenean

Peli LEKUONA - NAIZ IRRATIA
Elkarrizketa
Garbiñe Aranburu
LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra

«Zaintza eraldaketa sakonik gabe berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da»

LAB sindikatuak zaintza lanei eskaini die azken ‘Ikusmiran’ monografikoa. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak instituzioen «propaganda» kritikatu du eta zaintza sistema publifikatzeko inongo asmorik ez dutela azaldu du. Sindikatuak bat egin du azaroaren 30eko greba orokor feministarekin.

Audio_placeholder

«Zaintza eraldaketa sakonik gabe berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da»

Loading player...
Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra, NAIZ Irratian.
Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra, NAIZ Irratian. (NAIZ Irratia)

‘Zaintza lanetara emanda dauden lan eta enplegu denak prekarioak dira’. Lerroburu horrekin aurkeztu du LABek azken ‘Ikusmiran’ txostena. Ezin esanguratsuagoa da titularra, ez baitago salba daitekeen ezer. «Hori da argazki gordina, eta datuetara ekarri dugu», azaldu dio Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorrak NAIZ Irratiari.

Bere ustez, «zaintza lan horiek egiteko modua aldatzen ez baldin bada, zaintzan eraldaketa sakonik ematen ez baldin bada, emakume eta gizonen arteko erretorikaz hitz egitea erretorika hutsa da».

Azpimarratu duenez, «sistema da honetaz guztiaz baliatzen ari dena, sistema kapitalista heteropatriarkal eta arrazista hau. Etxeko langileek askotan dohainik egiten dituzte zaintza lan horiek sistemarentzat. Gehien-gehienak emakumeak dira, 186.000 pertsona daude etxeko lan horietan inolako ordainik jaso gabe, eta enplegu ordainduetan ari direnak ere oso baldintza prekarioetan ari dira».

Askotan, gainera, «zaintzaren antolaketa horretan generoaz gain klase soziala edota arraza bezalako ardatzak zeharkatzen dira eta horren eraginez, emakume langile migratu eta arrazalizatuak dira esplotazio egoera gordinenak pairatzen dituztenak».

Eraikuntzaren eta industriaren pisua baino gehiago

Etxeko lanetan ari direnak eta zaintzan enplegu ordainduan ari direnak aintzat hartuta, eraikuntzak eta industriak daukaten pisua batuta baino gehiago dutela kalkulatu du LABek: BPGaren %25,75.

22 milioi eurotik goiti dira. «Ez zaio daukan balio politiko, ekonomiko eta soziala ematen», ordea. «Zaintza hauek bizitza sostengatzeko ezinbestekoak dira. Beharbada pandemiak lagundu zuen hori agerian uzten, baina ondotik ez da egon inolako erabaki politikorik egoera iraultzeko».

Aranbururen arabera, ez da kasualitatea: «Sistema honek emakumeoi egozten digun rolari lotua dago. Lanak lan produktibo eta erreproduktiboen artean banatzen dira, eta lan erreproduktiboak eremu pribatuan eta inolako ordainsaririk gabe egiten dira».

Denboraren prekaritatea

Generoaren araberako lan banaketak arrakalak sortzen ditu, soldatan besteak beste. Baina emakume horiek bizi duten prekaritate ekonomikoaz gain, garrantzitsua da LABentzat denboraren prekaritatea aztertzea ere: «Denbora gutxiago dugu gure burua zaintzeko, gure bizitza egiteko, eta bizitza publiko eta politikoan ere eragiten du horrek. Zaintzan ari diren emakumeek, esaterako, Bizkaiko Metalean lan egiten duten gizonek baino %45 lanaldi luzeagoa dute».

Kontuan izan behar da «ez dela inoiz zaintza sistema publikorik garatu, ez delako aitortzen, eta horrek dakar zaintza pribatizatzea eta negozioa egitea». Aranburuk zehaztu duenez, «EAJk eraikia duen sistema oso bat da onuradun nagusia, horren bueltan dabiltzan hainbat enpresa».

Zaintza eraldatzea aldarrikapen nagusi bat izan arren, Lakuako Gobernuaren aurrekontu proiektuan ez du zaintza sistema publiko baten aldeko apusturik ikusi sindikatuak. Hori bai, azaroaren 30eko greba feministaren inguruan «propaganda» egitea espero du.

Greba, «mugarri bat»

Mugimendu feministak irabazi asmoa zaintzatik atera behar dela defendatzen du. Guztiz partekatzen du hori LABek, «zaintza eskubidea delako eta ezin delako negozioa izan. «Guztiok izango dugu bizitzaren uneren batean zaintza jasotzeko beharra, zaintza duin baterako eskubidea ez dugu bermatua, ordea».

Aranburuk kritikatu duenez, ez diote horren atzean dagoenari heldu nahi eta zaintzaileak prekaritate egoerara kondenatu nahi dituzte.

Guztiz beharrezko ikusten du greba egitea. «Mugarri bezala ulertzen dugu, eta prozesu orokor baten baitan kokatzen dugu, urgentziaz zaintzaileen lan baldintzak duindu behar direlako, zaintza lan guztiak kolektibizatu, aintzat hartu eta banatu. Gizonek ere dagokien ardura hartu behar dute, erantzukidetasunez aritu».

Erakunde publikoak interpelatzen dituzte batez ere grebaren deitzaileek, baina patronal pribatuek ere erantzukizun zuzena dutela uste dute, zaintzaileen baldintzak duintzeko eta lanaldiaren edo baimenen sistema berrantolatzeko. Zaintza sistema publikoa eraikitzea da hirugarren aldarri nagusia.

186.000 langile, ordainsaririk gabe

Ordainsaririk jaso gabe etxean zaintza lanean 186.000 pertsona ari direla zenbatu du LABek. «Guztiz bidegabea da. Gero eta bideraezinagoa ere bada. Alde batetik, ematen ari den bilakaera demografikoak jendartearen zahartzea dakar; bestetik, feminismoak egindako lanari esker, zaintzan ari diren emakumeen borrokak ugaritu dira, ahaldundu eta planto egiten ari dira, sistemak ezartzen digun rola ez betetzeko».

Garbiñe Aranburuk erran duenez, zaintzaren arazoa, lan honetara bideratuak dauden emakume horiez harago, jendarte osora zabaltzen ari da eta gero eta toki gehiago hartu beharko du agenda politiko, sindikal eta sozialetan.

Ordainik jasotzen ez duten emakume horiek gutxieneko soldata bat izanen balute, 2024ko Lakuako Gobernuaren aurrekontu proiektuaren %24 suposatuko luke, 3,6 milioi euro guztira.

30 orduko lan astea

Lehenik eta behin, enplegu ordainduan ari diren emakumeen soldatak duindu behar direla defendatu du LABeko buruak, ordainsari oso apalak dituztelako. Ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea ere premiazko ikusten du horrekin batera. Ordainsaririk gabe ari diren horiei dagokienez, sindikatu abertzalearen apustua da lan guztiak aitortu eta banatzea, baita lan murrizketa handi bat egitea ere. «30 orduko lan astea aldarrikatzen dugu. Hori da zaintza lanak kolektibizatzeko bide bat».

Aipatu bezala, azaroaren 30eko grebaren deitzaileetako bat da LAB. Aranbururentzat, greba deitzea bera eta horretarako baldintzak sortuak izatea bada iraultza txiki bat. «Oso garrantzitsua da zaintzaren gaia erdigunean jartzea, gertatzen ari dena politizatzea eta ikusaraztea, horrekin pedagogia eta kontzientziazio lana egitea».

Paradoxa, agerian

Grebak «oso modu grafikoan» erakutsiko du arazoa: «Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren emakumeak izango dira greba efektiboki egiteko zailtasun handienak izango dituztenak, gehiegizko zerbitzu minimoak dauzkatelako edo zaintza lanak ezin direlako utzi. Hor emango da paradoxa handi bat».

«Horrek ez du esan nahi emakume horiek grebarekiko babesa adierazteko modurik izango ez dutenik, baina sistemak baloratzen ez duen hori da bizitzari eusteko balio duena».

Grebak jarraipen zabala izatea espero du Garbiñe Aranburuk, mobilizazio jendetsuak egitea eta zaintzaren eraldaketa prozesua bultzatzea. «Mugimendu feminista, sindikal eta sozialen artean aliantzak sortzen jarraitu behar dugu zaintza sistema publiko komunitario horren alde».

Era berean, greba borroka sindikalen eta zaintzan ari diren emakumeen aldarrikapenen akuilu izatea nahiko luke sindikalistak. «Erantzukidetasuna aldarrikatzeko eta neurri zehatzak lortzeko baldintzak ere sortu nahi ditugu».

Interpelazio politiko indartsua

Oraingoz ez dago zaintza eremua lantzeko negoziaketa espaziorik; zaintza lanetan ari direnen negozio mahai diferenteak daude. «Borroka oso esanguratsuak egiten ari dira adinekoen egoitzetan eta etxez etxeko laguntzan. Etxeko langileen lan hitzarmen bat eskatu dugu, aitzindariak izan gara horretan, baina patronalarentzat badirudi bigarren mailako langileak direla, eremu maskulinoetan baino askoz gehiago kostatzen da irekiak dauden borroka horiek ixtea eta akordioak erdiestea», kexatu da Aranburu.

Greba honetan interpelazio politikoak indar berezi bat hartuko duela espero du.

Osakidetza, «pribatizatzeko bidean»

Aurrekontu proiektua aipatu du berriro sindikalistak. Azpiazu sailburuak iragarri zuen Osakidetzara inoiz baino diru gehiago bideratuko dutela, baina hori gezurtatu du Aranburuk. «2020, 2021 eta 2022an BPGarekiko Osakidetzara bideratutako dirua gehiago izan zen orain planteatu dutena baino. Europako batez bestekoaren oso azpitik gaude».

Pribatizazio bat gertatzen ari dela salatu du, «gero eta ebidenteagoa, nahiz eta isilpean pasatzea bilatu. 11 milioi euroko balioa duten azpikontrata batzuk gelditzea lortu dugu. Atzean inurri lan handi bat dago, langileen aldarriekin eta sindikatuaren lanarekin ari gara mugatzen».

Agenda soziolaborala

Madrilera begira, PSOE eta Sumarren gobernu akordioari buruz, erran du Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako subiranisten babesa beharko duela eta horrek aukera ematen digula urratsak egiteko. «Agenda soziolaboralari buruzko proposamen batzuk helarazi dizkiegu EH Bilduri eta EAJri».

LABek ez dio hainbeste begiratzen PSOE eta Sumarren gobernu akordioak ekar dezakeenari. «Badaude alderdi sozial batzuk aintzat hartzekoak, baina esaterako lanaldi murrizketak hemen ez du hainbeste eragingo. Bestelako errealitate eta gehiengo sindikal bat dugu, eta horri esker lan baldintza hobeak ditugu».

«Madrilen Euskal Herriko langileoi gure lan baldintzak erabakitzeko ezartzen zaizkigun muga horiek altxatzea eskatzen dugu. Funtzio publikoko langileen lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatu ahal izatea. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioari mugak jartzea, zentralizazio hori amaitzea eta bertako markoa babestea. Etxeko langileek daukaten negoziazio kolektiborako eskubidea aitortzea, gizarte segurantzaren transferentzia eta gutxieneko pentsioak osagarritu ahal izatea edota bertako gutxieneko soldata bat ezarri ahal izatea». Horrelako proposamenetan arreta jartzea eskatu die sindikatu subiranistak euskal alderdiei, berarentzat hori delako momentu honek irekitzen duen aukera baliatzea.

Jaurlaritza Logoa