Zuzenean

NAIZ irratia

«Maketa bat andeatzeagatik hainbeste medio mobilizatzeak ez du funtsik»

Ostia kolektiboko lau kide atxilotu zituen atzo Polizia frantsesak, Boygues agentziaren bulegoetan egindako ekintza baten harira. Tartean, Jakes Bortairu. Kanboko Mairienia eremuan 94 etxe eraikitzea arbuiatu zuten, lur hauek laborantza lanetara atxikitzea eskatuz. Aldarriei eutsi die Bortayruk.

Audio_placeholder

«Maketa bat andeatzeagatik hainbeste medio mobilizatzeak ez du funtsik»

Loading player...
Jakes Bortairu.
Jakes Bortairu. (Bob EDME)

Kanboko Marienia izeneko lur eremuan eraiki nahi duten higiezinen egitasmoa salatzeko ekintza batean parte hartzea leporatuta lau lagun atxilotu zituen asteartean Polizia frantsesak Kanbon, Itsasun eta Baionan. Filipe Laskarai, Janine Beyrie, Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu komisaldegian atxikita izan zituzten hainbat orduz eta 14.00ak aldera aske utzi zituzten, heldu den martxoanizango den auziaren zain.

Bortairu NAIZ Irratian izan da gaur goizean. Bera eta bikotekidea Baionan atzeman zituzten eta, kontatu duenez, «lasai» joan zen, baina Kanbon eta Itsasuko atxiloketetan Poliziak «agresibitate handiagoa» erakutsi zuen. Nolanahi ere, gero komisaldegian dena «lasai» joan zela azaldu du. «Poliziek berek ez zuten interes handirik ikusten afera horretan baina prokuradoreak zuenez manatu, bete behar zuten».

Poliziak baieztatu zienez, Angelun Bouygues konpainiak duen higiezinen agentzian eginiko protesta ekintzarekin zerikusia zutelakoan atxilotu zituzten, eta galdeketak ere horren inguruan izan ziren. Galdeketetan atxilotuak isilik egoteko eskubideari atxiki ziren eta identifikazio tramiteak egiteari ere uko egin zioten, «eta hori ere delitua da». Martxoaren 12rako deitu dituzte Baionako epaitegira, eta Ageluko ekintzagatik eta ADN frogari uko egiteagatik epaituko dituzte.

Bortairuk Mairienia inguruan Bouyguesek aurrera eraman nahi duen proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu eta horren aurkako borroka zertan datzan. Hamar urtez luzatu den auzian mobilizazio eta errekurtso ugari izan direla gogora ekarri du, Lurzaindia eta CADE ere borrokan sartu direla, eta azken bi urte hauetan mobilizazioak biderkatu direla. Ostia sarea ere horretan ari da. 

Bortairuk nabarmendu duenez, «etxebizitzak behar dira, hori inork ez du dudan ematen, baina ez eremu horretan, laborantzako eremua delako, biziki eremu interesgarria eta ongi kokatua». Bere esanetan, «bada Kanbon bertan hainbat eremu non eraikitzen ahal diren etxebizitzak edo etxe zaharrak berritu, etxe huts frango badira; badira beste hainbat aukera etxebizitzari aterabideak emateko laborantza lurra artifizializatu gabe».

Hasieran jaso zuen eraikuntza baimena bertan behera geratu ostean, Bouyguesek iragan agorrilean beste baimen bat eskatu zuen, eta Herriko Etxeak orain aztertu eta erabaki egin beharko du onartzen duen ala ez. Nolanahi ere, Udalak posible izango luke antolamendu plangintza berriro aldatzea lur horiek ez daitezen eraikigarriak izan eta laborantza funtzioari eutsi diezaioten. Hori da borrokan ari diren kolektiboen eskatzen dutena, Bortairuk azaldu duenez.

«Presio egin eta jendea izutu»

Atzoko atxiloketen zergatiaz galdetuta, Bortairuk honako hausnarketa egin du: «Gaur egun bada frantses Estatuan giro bat errepresioa emendatzeko mugimendu sozialen eta ekologisten aurka, isunak handitu dira, manifestarien aurkako bortizkeria ere bai... Hipotesi bat da, nahiz eta ez dugun elementurik hori errateko, nahi izan dutela hemen ere presio egin eta jendea pixka bat izutu, beldurtu. Ikusiko dugu ondoko asteetan atxiloketa gehiago dauden ala ez. Haiek ere konturatzen dira afera frango ttipia dela, maketa bat andeatzeagatik hainbeste medio mobilizatzeak ez duela zentzurik ezta funtsik ere».

Kanboko herriko etxearen aitzinean elkarretaratzea bart arratsaldean. (Patxi Beltzaiz)

Jaurlaritza Logoa