Zuzenean

NAIZ irratia
Elkarrizketa
Mireia Saiz
Osasun Publikoaren Aldeko plataformako kidea

«Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da»

Osasun Publikoaren Aldeko plataformek mobilizazioak antolatu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen larunbat honetan. Plataformako kide Mireia Saizek Osakidetzaren pribatizazioak aurrez zehazturiko bide-orri bati erantzuten diola nabarmendu du.

Audio_placeholder

«Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da»

Loading player...
Mireia Sanz, Gurutzetako ospitalaren aurrean.
Mireia Sanz, Gurutzetako ospitalaren aurrean. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Gaur egun osasungintza publikoaren aldeko herri plataforma gehiago daude eta elkar koordinatzen hasi zarete. Nola jaio da elkarlan hau?

Egoeraren larritasunaz eta herritarrek herriz herri bizi izan ditugun egoerei aurre egiteko bildu gara. Osasungintza publikoaren desegitea aurrean dugun errealitatea da. Gure larruan ari gara bizitzen herritarrok, eta elkartasuna eta elkarlana guztiz beharrezkoak dira.

Herri plataforma hauetan langile eta osasun publikoaren erabiltzaileen arteko harremanak daude. Elkar truke horietan zeintzuk izaten dira erabiltzaileen kexak eta zer erantzuten diete profesionalek?

Pribatizazioaren eta murrizketen ondorioak ikusten dituzte herrietarrek. Itxaron zerrendak nolakoak diren, etengabeko arreta emateko guneak ixten ari direla, osasun zentroetako arreta ordutegien murrizketak, aurrez aurreko arreta lortzeko zailtasunak eta horrek suposatzen duen arrakala digitala, eta lehen mailako arretaren kolapsoa. Hau ere langileentzat gogorra da.

«Hau ez da kudeaketa txarraren ondorioa; sistema publikoa argaltzeko bide orri planifikatu bat dago»

2023ko apirilean manifestu bat plazaratu zenuten, euskal osasun sistema publikoak jasan duen narriadura plazaratzeko. Lehen Osakidetzak fama ona zuen? Nola joan da eraldatzen?

Batzuetan esaten da kudeaketa txarraren ondorioa dela bizitzen ari garen egoera, baina ez da horrela. Gure ustez murrizketa eta sistema publikoaren desegitea lehenagotik datoz, badago bide orri planifikatu bat sistema publikoa argaltzeko, interes pribatuen alde. Uste dugu hau programatuta zegoela, eta hala islatzen da Osakidetzaren egungo egoeran. Haiek sortu dute arazoa, eta zein da orain saltzen diguten konponbidea? Kolaborazio publiko-pribatu famatu hori. Klinika pribatuetara pazienteak desbideratzea, horrek duen kostuarekin. Kudeaketa txarraz hitz egin beharrean, hobe da bide horri programatu horren ondorioei buruz aritzea.

Medikuarekin zita lortzeko asko itxaron behar da; hau da gehien entzuten den kexetako bat. Zergatik dira luzeagoak epe hauek gaur egun?

Lehen arretarako inbertsioak murriztu egin dira eta gero eta profesional gutxiago daude, gure profesionalak oso gaizki zaintzen ditugulako eta ez bakarrik medikuak, erizainak, administrariak, garbitzaileak ere bai... Denak dira lantaldearen parte, eta lantaldea ez da zaintzen. Lehen mailako arreta alde batera utzi egin da arreta espezializatura bideratuta dauden inbertsioak egin direlako. Lehen arreta erdigunean jartzea da eskatzen duguna eta osasun publikoaren sistemaren ardatza izatea. Gaur egungo egoerak dakarren ondorio zuzena da itxaron aldiak luzatu egin direla, arrakala digitalaren ondorioz ere. Orain zitak medio digitalen bitartez eskatu behar dira eta horrek jende askorentzat arazoa dakar.

«Lehen arretarako inbertsioak argaldu egin dira, murriztu egin dira eta gero eta profesional gutxiago daude»

Pribatizazioaren afera aipatu duzu, itxaron zerrendak murrizteko ihesbidetzat hartua izan da hau: kataratetako ebakuntzetan zer gertatu den jakin dugu.

Bai, oftalmologian gertatzen dena beste arlo espezializatuetan ere gertatzen da. Beste adibide bat daukagu: logopedia. Honen itxaron zerrenda 200 egunetik gora dago. Sistema publikoan hamaika logopeda ditugu, eta klinika pribatuetara egiten diren desbideratze hoeiwk ia milioi euroko kostua dute. Badakizu zenbat logopeda dauden Euskadin? 400 baino gehiago. Ez da mediku faltagatik. Badago negozio aukera bat, eta aprobetxatzen dute. Eta diru publikoa erabiltzen dute negozio hauek loditzeko. Egoera hau espezialitate askotan errepikatzen da.

Bitxia ere bada, behintzat oftalmologiaren kasuan, ebakuntza jasoko duten pertsona hauek gero bueltan direla osasungintza publikoan, ebakuntza horien jarraipena egiteko.

Eta horrek arazoa luzatzen du... Azkenean osasun publikoak hartzen du paziente hauen jarraipena, baina dirua klinika pribatura da. Arreta eta jarraipena publikoan dira eta pribatuak egiten duen bakarra dirua hartzea da. Ebakuntza egin eta gero, ahaztu egiten da. Beste adibide bat: abortuena. Abortu boluntarioen ia ehuneko ehuna klinika pribatuetara desbideratzen da, nahiz eta legeak osasungintza publikoan egiteko derrigortasuna jaso. Eta hau egiten da beste negozio aukera bat dagoelako. Egoera salatu dugu, baino ez dago erantzunik.

Kontrol demokratikoa eskatzen duzue Osakidetzarent. Hau nola egin daiteke? Mahairen bat eratu beharko litzateke?

Informazioa jasotzeko erraztasunak eskatzen ditugu, datuak era errazean jaso ahal izatea eta eragile sozialak kontutan izatea. Horrek birsortze bat beharko du, herritarrekin eta herrigintzarekin komunikazio kanal berriak sortzea.

Larunbateko manifestazioetan eredu aldaketa ere aldarrikatuko duzue. Langileen baldintzengatik eta langile beharragatik ere aldarrikapenak ezagunak dira. Zaila izango da publifikatzea sustatzea langileen egoera nolako den jakinik...

Badakigu, harremanetan gaude eta Osakidetzako langile askorekin lan egiten dugu. Pribatizazioaren prozesuaren ondorioz lan baldintzak gero eta okerragoak dira, eta, gure ustez, publifikatze honek ere onuragarria izango litzateke langileentzat. Izan ere, pribatizazioa aurrera eramateko modu asko daude, ez bakarrik pazienteak desbideratzearen bidez, zerbitzuak kanporatuz eta subkontratazioa sustatuz. Honek prekarietatea ekartzen du eta pazienteentzat ere kaltegarria da.

Politikoki eztabaida sortu duen elementua da garaiko administrazio publikoko zenbait kargu osasungintza pribatuko administrazio kontseiluetara pasa direla. Haserrea eragin du honek?

Bai. Interes pribatuak interes publikoen gainetik jartzen direla erakusten du. Interes kolektiboa babestu beharrean, beren ardura interes pribatuta babestea dela erakusten du. Osasungintza justizia soziala bermatzeko ardatza da. Ezin dugu onartu Osakidetzaren eta Gobernuaren arduradunek interes pribatuak lehenestea. Hau salatu behar da.

Birsortzea terminoa erabili duzu, hau da, sistema berriro eraikitzea. Nolatan hitz hori?

Dagoena alde batera utzi eta zerbait berria sortu behar dela esaten dugu, beste lehentasun batzuekin. Eta herritarrok birsortze horren parte izatea eskatzen dugu.

Jaurlaritza Logoa