Zuzenean

Bigarren Kafea

Xabi Zeberio: «Lan hau prozesu baten ondorioa da, ez da aldarrikapen bat»

Mila teilatupetan aritu denaren esperientziarekin aurkeztu berri du Xabi Zeberiok 'Pause' lana. Bederatzi kantu eta ordu erdiko paisaia ederra, bakarka baina ez bakarrik sortua. Aitor Etxeberriaren gidaritzapean ondu du abesti sorta eta honen nondik norakoak azaltzeko izan dugu gurean.

Audio_placeholder

Xabi Zeberio: «Lan hau prozesu baten ondorioa da, ez da aldarrikapen bat»

Loading player...

Intimista, pausatua eta barea da lana, sakona bezain lebitatzailea, eta batez ere, kantu guztiek elkarrekin sortzen duten uniformetasun hori da adierazgarria. Xabik kontatu digu pandemia eta etxean igarotako une horiek izan zirela proiektu berri honen pizgarri eta abiapuntu. «Pandemian abestiak egiten hasi nintzen, ez nekien zertarako, baina apunte horiek Aitor Etxebarriari erakutsi nizkion eta berak bultzatu ninduen bakarkako lana ateratzera».
Ez da bakarkako bide bat aldarrikatzeko sortutako proiektua, uneak berak bultzatu zuen bidaia bat baizik. «Kontzeptua gero eman diot diskoari, badu hari bat diskoak, pausatua, intimista… hortik doa nire sorkuntza gehienbat, baina prozesu baten ondorio izan da, ez da aldarrikapen bat».
Bere buruari esperimentatzen uzte zalea da Xabi, «badaukat eklektiko izateko joera», eta disko honetan Aitor Etxebarria izan da bidelagun, diseinu sonoroa egiten lagundu dion ekoizlea. Abestien aukeraketa prozesuaz aritu gara eta kuriosoa da kontatu diguna.
«Niretzat temazoak zirenak Aitorrek diskotik kanpo utzi ditu; baina elkarrekin egindako sorkuntza prozesua izan da eta pozik nago bere hautuei baietz emateagatik».

Bakarka baina ez bakarrik. Behin eta berriz errepikatu digu. Izan ere, Aitorren ekarpenaz gain diskoak beste hainbeste lagunen ekarpenak ere batzen ditu. Hala aritu dira Iñar Sastre (pianoa), Liam Ó Maonlai (ahotsa eta arpa zeltiarra), Markel Zeberio (biolontxeloa) eta Alos Quarteten –Francisco Herrero (bibolina), Lorena Núñez (Biola), Ivan Carmona (biolontxeloa), eta Aitor Etxebarria bera (pianoa eta soinu diseinua).

Prozesu hori nolakoa izan den galdetuta, Xabik argi du zer bilatzen zuen ekarpen hauetan, elkarlanaren gainbalioa lehen lerroan jarri eta bakoitzari berea egiten uztea. «Garrantzitsua izan da diskoa zeinekin baino nola egiten duzun, eta diskoan dauden musikariei askatasuna ematen saiatu naiz, nik ere hala egiten du lan gustoren».

«Banuen nere sorkuntza beste sonoritate batzuetara eramateko asmoa». Emaitzan bistan da Xabik orainartekoak beste espazio batetara eraman nahi izateko hautua.

Zuzenan ere arituko da datozen hilabeteetan, ‘Pause’ lan berria Euskal Herriko zenbait txokotan zabalduz. Abenduaren 23an 20.00etan Gasteizko Jesus Ibáñez de Matauko Antzokian Aitzina Folk Jaialdiaren baitan izango da, eta abenduaren 28an 20.00etan Tolosako Leidor Antzokian, besteak beste. Zuzenekoak formatu desberdinetan eskainiko ditu, eta Iñar Sastre, Aitor Etxeberria edo/ eta Eñaut Zubizarreta “Trigger” bezalako musikariak izango dira Zeberio laguntzen emanaldietan.

Jaurlaritza Logoa