Zuzenean

NAIZ irratia

«Zerga moldaketari esker diru gehiago biltzeko aukera galtzea proposatzen ari dira EAJ eta PSE»

Iker Casanova EH Bilduko batzarkideak Bizkiako Juntetxeetan, Nafarroan ez bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aberastasun handien zerga indarrean jartzeko eta diru gehiago biltzeko borondate falta egon dela nabarmendu du.

Audio_placeholder

«Zerga moldaketari esker diru gehiago biltzeko aukera galtzea proposatzen ari dira EAJ eta PSE»

Loading player...
Iker Casanova, EH Bilduren kanpaina ekitaldi batean.
Iker Casanova, EH Bilduren kanpaina ekitaldi batean. (Aritz Loiola | Foku)

Aberastasun handien zerga da aldi batez EAE-ko zein Nafarroako ogasunek kudeatuko duten zerga berria. Nafarroan iragan den urtean aplikatu zen, eta gainontzeko lurraldeetan urte bukaeran ezartzea espero da. Bi eremu administratiboen arteko denbora tartearen atzean, araua indarrean jartzeko borondate desberdina dagoela adierazi du Casanovak.

Ukrainiako testuinguruan onartu zuen zerga berria Espainiako estatuak, beharrak biderkatu zirenez, administrazioek diru bilketa handitzeko mekanismo gehiago behar zituztela iritzita. Behin behineko zerga da, 2022 eta 2023 urteetan indarrean egongo da. Prozeduraren atzeratzeak beraz, bildu zitekeen diru kopuruan eragingo duela azaldu du Casanovak, erdia besterik bildu ahal izango baita.

Aberastasun handien zerga jada indarrean zen ondasun zergaren osagarri moduan planteatu da.  Erkidegoen eskumena da bigarrena, eta Casanovak azaldu duenez, kasu batzuetan desaktibatua zegoen, %100eko obariak zeudelako. Lege berriak ondarearen arabera tramo bakoitzean kobratuko zen ehunekoa egokitzeko aukera zabaltzen zuen, baina momentuz, ez da hori proposatu. 16 milioitik gorako ondarea dutenei soilik igoko zaie zerga. Casanovak gaineratu du erraza izango dutela igoerari hori saihestea, ezkutu fiskalaren bitartez.

Egungo ondarearen zerga moldatzea izan daiteke aukera bat, progresiboagoa bihurtzea alegia. EH Bilduren lan-lerroa tipoen eguneratzean kokatuko da. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan norabide berean aurkeztuko ditu EH Bilduk zuzenketak, sistema justuagoa lortzera bidean. Gehiengoa dute EAJ eta PSE-k Bizkaian, bestelako adostasunak eraikitzea egokituko zaie Araban eta Gipuzkoan.

Jaurlaritza Logoa