Zuzenean

NAIZ irratia
Elkarrizketa
Cristina Campos
Aita Mariko sorosle boluntarioa

«Erreskate bat lehen aldiz barrutik bizitzeak poztasuna eta aldi berean tristura sortzen du»

Cristina Campos Aita Mariko sorosle boluntarioaekin hitz egin dugu NAIZ irratian. Astelehenean ekin zioten 11. misioari eta ostegunean 69 pertsona erreskatatu eta Napolin porturatu ziren, baina handik alde egitera behartu dituzte.

Audio_placeholder

«Erreskate bat lehen aldiz barrutik bizitzeak poztasuna eta aldi berean tristura sortzen du»

Loading player...
Aita Mari ontzia.
Aita Mari ontzia. (SMH)

Gaur zortzi bere hamaikagarren misioari ekin zion Aita Mari ontziak, Burrianako portutik abiatuta. Ostegunean 69 lagun erreskatatu zituzten, tartean hainbat adingabe. Hasiera batean Genoako portuan lehorreratzeko baimena jaso zuten, baina bidaiaren distantziaz eta meteorologiaren arriskuetaz ohartarazita, Napolin lehorreratzeko baimena eman zieten. Gaur bertan utzi behar izan dute portu italiarra. 

Cristina Campos sorosle boluntarioa bertan da eta gaur goizean NAIZ Irratiarekin mintzatu da. Tripulazioa «nekatuta» dagoela onartu du. «Ez da erraza fisikoki eta psikologikoki hain nekatuta dauden pertsona guzti hauek ikustea». Hala ere portu ziur bat lortu izana nabarmendu du. «Alde horretatik, pozik, ez zuen-eta zentzurik haien neke fisiko eta psikologiko hori gehiago luzatzea». Lehorreratze hori «erlatiboki erraza» izan zela aipatu du Camposek.

Erreskate horiek nolakoak izan ziren ere ekarri du gogora Camposek. Bi txalupa zeuden itsasoan. Horietako batean 18 lagun zihoazen eta bestean 51. «Kakotx artean, baina lasai zeuden eta erreskatea egin zuen tripulazioa ere saiatu zen lasaitasun hori mantentzen. Berriz ere kakotx artean baina arin egin ziren erreskateak».

Araudi berriarekin erreskate bakarra egin daiteke misio bakoitzeko. «Gure nahia hemen Napolin gelditzea zen, mantenimendu lanak egiteko, baina atzo bertan esan ziguten Napoli gaur utzi behar dugula». Astelehen honetan eguraldi txarra iritsiko dela aurreikusten da eta horretatik babesteko portu bat beharko du Aita Marik. «Ez da berri ona».

«Emozio gehiegi»

Camposek lehen aldia izan du Aita Mari ontzian erreskate lanetarako boluntario gisa eta «emozio gehiegi» izan direla onartu du. «Gauza bat da sareetan edo telebistan edo irratian entzuten dena. Egia da gero eta gehiago hitz egiten dela honi buruz. Baina barrutik bizitzeak poztasuna eta aldi berean tristura sortzen du, ikusten duzunagatik, pertsona horiek bizi izan dutenagatik. Haien istorioa kontatzen dizutenean sentitzen duzu nolako zortea duzun».

Guzti hori zuzenean bizitzea «zaila» dela aipatu du. «Emozio pila dira, baina hemen gaude haiengatik egiteko eta gure esku dagoena egiten dugu».

Jaurlaritza Logoa