Zuzenean
Juan Valls eta Ander Etxaniz hurbildu dira gure estudioetara, piano eta baxuarekin 'Tenderness around the edge of her mouth' kantuaren moldaketa berezia eskaintzera. Sorkuntza prozesuaz, motibazioez eta baita beldurrez ere. Guztiaren inguruan aritu dira gurean.
Taldea laukote izatetik hirukote izatera igaro da bigarren estudioko lan hau osatzerako bidean. Iñigo Ugartek taldea utzita, Mikel Marcok osatzen du orain hirukoa. Ez da akaso gertatu den aldaketa bakarra, bizirik eta eboluzioan dabilen taldea da Ramada Inn.
«Bistan da badagoela iraganean iturri eta eraginik, baina askotan arriskua dago etiketetan jausteko, eta nostalgiatik tiraka aritzeko. Uste dut gu ez gaudela nostalgia hartan. Entzuten ditugu duela 50 urteko kantak, baina egungoari begira ere bagabiltza» adierazi du Ander Etxaniz baxujoleak.
Juan Valls taldeko abeslariak ere azpimarratu du taldearen eboluzioa: «Agian lehenengo diskoan bazeuden presenteago Crazy Horse edota Neil Young bezelako artisten eraginak. Disko honetan estilo aldetik akaso aldaketa bat badago, baina ez dut uste bilatu dugunik». Eta gaiarekin jarraituz Etxanizek borobildu du analisia: «Kantaren alde egiten dugu beti».
Euren bigarren lanaren grabazio prozesuan «aske eta lasai» sentitu dira, Iñigo Irazokiren gidaritzan osatu duten diskoan. 'Tell a vision' izan zen lehen aurrerapen abestia. Orain 'Tenderness around the edge of her mouth' honen bertsio akustikoa utzi digute, eta laister izango da disko osoa entzungai.