Zuzenean

NAIZ irratia

«Dena arautu behar da bai, baina turismoak ekarpen handia egiten du Donostian»

Donostian %85 hazi zen 2005 eta 2019 urteen artean eta %16 2019tik 2022ra. Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza Sostengarriko zinegotziak nabarmendu du oreka bilatu behar dela hirian eta herritarrak zaindu. Azken legegintzaldietan horretan dabiltzala azaldu du.

Audio_placeholder

«Dena arautu behar da bai, baina turismoak ekarpen handia egiten du Donostian»

Loading player...
Nekane Arzallus Donostiako zinegotzia NAIZ irratiko estudioetan
Nekane Arzallus Donostiako zinegotzia NAIZ irratiko estudioetan (NAIZ)

Hazi eta hazi egiten ari da turismoa Donostian, arazo nabarmenak sortu ditu biztaleengan eta haien bizitzengan. Etxebizitza izan daiteke horien artean nabarmenetakoa. Nekane Arzallus, Hirigintza Sostengarriko zinegotziak dio Udala jakitun dela azken 10 urteetan turismoa asko hazi dela Donostian eta horregatik azken bi legegintzaldietan hainbat neurri onartu dituztela azaldu du. Adibidez, etxebizitza turistikoen ordenantzarekin edo Alde Zaharra eremu saturatua izendatuz. Hala ere, arautzen jarraitzearen beharra azaldu du.

Ondorengo hiru urteetarako turismoaren %20ko hazkundea aurreikusten da. Tendentzia hori eteteko intentzioz, Donostiako Udalak HAPOa moldatuko du, turismoaren presiopean diren eremuetan bertan behera uzteko bizitegi-erabilerako lurzati eta eraikinetan hotel, etxebizitza turistiko edo bestelako ostatu-erabileretarako lizentzia berrien lagapenak. Hiria, gainera, 3 eremutan banatuko da, egungo saturazioaren baitan. Lehenengo eremuan ezingo da etxebizitza turistikorik ezta hotel gehiagorik ere eraiki. Bigarren eremuan, hotelak eraiki ahal izango dira, baina ez bizitegi lursailetan.

Salbuespenak: zabalik utzitako ateak edo zirrikituak?

Neurriak neurri , salbuespenerako tartea ere bada araudia berlina, ondare edo kultur balioa duten eraikinekin, esaterako. Arzallusek azaldu du asko direlako horrelako eraikinak Donostian, eta horietako batzuk oso zaila dutela bestelako erabilerarik izatea. Zinegotziak azaldu du hala ere ondare kontseiluak eman beharko duela eraikina hotel bihurtzeko onespena, baldin eta ‘oso ondo justifikatzen bada ezin dutela beste ezer egin. Ate bat uztea da, etxe edo eraikin hori hutsik gera ez dadin’.

Eraikin horietan hotelak zabaldu beharrean, etxebizitzak sortzea aukera hobea ez balitz galdetuta, Arzallusek azaldu du Eusko Jaurlaritza jarri dituela horretarako zailtasunak, ‘Gobernuak bizigarritasunari buruzko dekretua atera du eta baldintza oso gogorrak ditu, batzuetan ez da posible etxebizitzak eraikitzea’.

Eraikitzeko eredua auzitan

Loiolako kuarteletan aurreikusiak diren 1.600 inguru etxebizitza gauzatu ahal izateko akordioa itxia dago Espainiako gobernuarekin, baina sinatzea falta da. Lehiaketa internazional bat egingo dute ostean eta HAPOAren moldaketa baten bitartez lehenbailehen martxan jartzea da asmoa. Zinegotziak azaldu du ‘bideragarritasunaren arabera’ zehaztuko dela zenbat izango diren babes ofizialekoak eta zenbat salmenta librekoak.

Ijente kaleko edo Gros auzoko Telefonicako eraikinetako adibideak abiapuntu hartuta, Donostian eraikitzen ari den etxebizitza gehiena luxuzkoa ote den eta hori eredu egokia ote den galdetuta, honakoa Arzallusek erantzun du pozik dela bi eraikin horiek hotel eraikitzeko baimena eskatu zutela eta behintzat ‘merkatutik kendu’ dituztelako. Udalak ahalik eta etxebizitza publiko gehien eraikitzeko asmoa duela azaldu du, baila onartu du zailtasunak izaten direla lursailak pribatuak direnean.

Donostiako udala, oreka bila

Masifikazio turistikoaren pertzepzioa asko ugaritzen ari da herritarren artean. Zinegotziak onartu du neurriak hartzeko beharra dagoela baina turismoaren onurak ere kontuan hartzekoak direla: ‘Donostia ez da turismoarekin bizi baina hiriko BPGaren %13a da. Zaindu behar da, baina lehenengo donostiarrak zaindu behar dira’. Oreka beharra azpimarratu du.

Uztailean Donostia gune tentsionatu izendatzeko izapideak hasteko mozioa onartu zuen udal-batzak. Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daude orain.

Jaurlaritza Logoa