Zuzenean

Ion T. Barrena

Iritzi lerratze adierazgarriak, hizkuntza ereduen auzian

Azken orduan Hezkuntza Lege berriari hizkuntza ereduak blindatzeko zuzenketa ezarri diote EAJk eta PSEk elkarrekin. Hankaz gora jarri du adostasun giroa eta bi alderdiak ez dira gai izan azalpen bateratu bat emateko. Antzeko ikuspegia dute Urkulluk eta Anduezak; ez, ordea, Hezkuntza sailak.

Audio_placeholder

Iritzi lerratze adierazgarriak, hizkuntza ereduen auzian

Loading player...
Eneko Andueza eta Iñigo Urkullu, bizkarrez
Eneko Andueza eta Iñigo Urkullu, bizkarrez (Raul Bogajo | FOKU)

Hilabete luzetako lanaren ostean Legebiltzarreko eztabaidara iritsi da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berria. Lauko akordio batekin hasi zen prozesua (EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos) eta adostasunak zalantzan iritsi da parlamentura. 

Zuzenketen epea istear zela aurkeztu zituzten eurenak gobernuan diren EAJk eta PSEk; 1983an ezarritako A, B eta D ereduak mantentzea bilatzen duen zuzenketak sortu du harrabotsa. Eta nahastea, bi alderdiak ez direla gai izan ikuspegi bakarrarekin azaltzeko zuzenketa.

Iritzi lerratze adierazgarria izan da. Iñigo Urkullu lehendakari jeltzaleak bat egin du Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiaren ikuspegiarekin; ereduak mantenduko direla diote eta aldatzekotan 1983ko Euskararen Legea aldatu behar dela. Aldiz, EH Bilduk asteak daramatza esanez Hezkuntza Lege berriak gainditu egiten duela ikuspegi hori, gaitasunen lorpenean egiten duelako azpimarra; euskararen kasuan DBH amaitzean B2 maila izan behar dutela ikasle guztiek. Bide beretik hitz egin du azken orduetan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere, gogoratuz dagoeneko A eta D ereduak ez direla Legeak garaian arautu zuena. Ikuspegi hori baieztatzera dator Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere, «hizkuntza ereduen inguruaz mintzo direnak ikasgeletatik urruti daude». 

Jaurlaritza Logoa