Zuzenean

Peli Lekuona | Ion T. Barrena
Donostia
Elkarrizketa
Fermin Muguruza
Musikaria eta zinegilea

«Errelatoaren bataila horretan beste zerbait kontatu nahi duenak badaki zer tokatuko zaion»

Zinema geletan arrakasta eta Espainiako Estatuan boikota. Horiek dira 'Black is Beltza II: Ainhoa' filmaren balantzetik Fermin Muguruzak nabarmendu dituenak. Jasandako presioak Netflixetik kanpo utzi duela filma iradoki du artistak, GARAk banatuko du asteburuan DVDa eta NAIZ dendan eskuragarri dago.

Audio_placeholder

«Errelatoaren bataila horretan beste zerbait kontatu nahi duenak badaki zer tokatuko zaion»

Loading player...

«Ibilbidearen balantzea oso-oso ederra da, baina latza ere izan da». Horrela laburtu du Fermin Muguruzak orain urtebete estreinatu zen 'Black is beltza II: Ainhoa' filmaren ibilbidea. Sevillan ospatu ziren Goya sarietan ikusi ziren bi aurpegi horiek aurrez aurre: batetik, animaziozko film onenerako izendapena, eta parean, eskuin espainiarraren boikot saiakera. Egun horien inguruan ari ziren negoziatzen Netflixekin, saileko lehen pelikularekin egin bezala, honek zabal zezan bigarren lan hau, «ez hartzea erabaki zuten, Goyen sarien giro horretan izan zen kontua. Jarraituko dute Euskal Herriko beste pelikula batzuk ateratzen, baina errelato ofizialarekin bat egiten badute eta 'Black is beltza II: Ainhoa' filmak ez du hori egiten. Jende askok galdetu dit ia Netflixen egongo den eta orain esan dezaket ezetz».

NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan ate irekiez eta itxiez hitz egin du Muguruzak, «euskaldunok oraindik kontatu nahi badugu beste zerbait errelatoaren inguruko bataila horretan badakigu zer tokatuko zaigun». Espainiako Estatuan jasandako presioa handia izan da, «eta horrek eragina du, inork ez nau eraman nahi. Edozein ekitaldi antolatzean bitan pentsatu behar dute gonbidatzen nauten edo ez, aukera dagoelako kalapita sortzeko eta halakoetan nahiago izaten du antolatzaileak zalapartarik ez sortzea».

'Black is Beltza II: Ainhoa': Primizian eta eskaintza berezian GARA eta NAIZekin

Izenburua: “Black is beltza. Ainhoa” (86 minutu)
Egilea: Fermin Muguruza
Argitaletxea: Talka Records & Films eta Elkar
Formatoa: DVD
Hizkuntza: VO euskaraz (azpitituluak: euskara, gaztelera, katalana, frantsesa, ingelesa)
Extrak: “Ainhoa dokumentala, trailerra, teaserra, kantak, 2022ko estrenaldia, Jabier Salutregiri omenaldia… (VO + azpitituluak)
Salmenta eta prezioa: harpidedunak: 9 euro, bidalketa gastuak barne / Naiz Denda (denda.naiz.eus); 9,95 euro / Kioskoak: larunbata irailak 23 eta igandea 24: 9:95 euro 

Iazko irailean estreinatu zen 'Black is Beltza' saileko bigarrena Donostiako belodromoan eta bide luze eta emankorra izan du. Hainbat tokitan bi hilabetez izan dute karteleran, Europako hamar bat zinema jaialditan erakutsi dute, Ameriketan ere eman dute eta hainbat sari jaso ditu, «izugarria da horrelako animazio film batek halako ibilbidea izatea», dio Muguruzak.

'Black is Beltza'-ko Manexen alaba, Ainhoa, da bigarren pelikula honetako haria. Bolivian jaioa, ama atentatu parapolizial batean hil zioten eta Kuban hazi ostean 1988ko Euskal Herrira doa. Garaiko errepresioa, drogaren sarrera eta urte nahasiak gogoratuko ditu ikusleak bere eskutik; Libano, Afganistan eta Marseillara ere joango da, narkotrafikoaren mundu ilunean eta sare politikoekin dituen lotura estuetan zehar.

DVDa bidea borobiltzeko

«Baten batek esango du zoratuta gaudela DVDa ateratzegatik, hala da, baina nik uste dut jendeak nahi duela eskutan izan lan hau». 'Black is Beltza'-ren lehena ere GARArekin banatu zen, «sekulako erantzuna izan zuen, 3.000 DVD banatu genituen eta agortu egin ziren». Orain? «Ez dakit, bagoaz berriro GARAren konplizitatearekin kioskoetara, ni konbentzituta nago jendeak nahiko duela; sekulako mimoarekin eta dedikazioarekin prestatu dugu DVDa».

Filmaz gain 'Ainhoa' dokumentala aurkituko du irakurleak DVDan, extra pila batekin, «oso garrantzitsua da niretzako filma hau», dio Muguruzak, «gure errelatoa dago hemen, gogo izugarria neukana kontatzeko, nire esperientzia dago hemen! Errelatoa kontakizun askorekin egingo dugu eta nik ere beharra nuen nirea kontatzeko».

Izen berezi askoko filma da, Iñigo anaiari dedikatutakoa da, baina beste izen pila bat dakartza gogora Muguruzak, Jabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendari izandakoa, Carlos 'Undergroove' diseinatzailea eta baita filman parte hartu duten punta-puntako aktoreak ere: «dokumentalean ikusiko dugu jendea nola inplikatzen den eta baita aktoreek ere zergatik parte hartu nahi izan duten. Antonio De la Torre, adibidez, berak kontatzen du zergatik parte hartu duen, jakinda horrek zer ekarri dakiokeen, edo Ariadna Gilek edo Euskal Herriko guztiek...». Puntako izenak ageri dira ahotsetan: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Joseba Sarrionandia...

Sentsazio sendagarri bila

Garai baten errelatoa da 'Black is Beltza II: Ainhoa', «hala da, hor dago errelatoa, baina nire ibilbide osoan bada konstante bat, garrantzia handia ematen diot ludikotasunari», dio Muguruzak, «dokumentalgintzan hasi nintzenetik musikak beti izan du protagonismoa, gaitasuna duelako tekla batzuk ukitu bihotzean eta burmuineraino iristen diren sentsazio sendagarriak sortzeko».

Jaurlaritza Logoa